Beñat ZALDUA

Bizi-itxaropena urtebete jaitsi da AEBetan; 2,7 urte beltzen kasuan

Euskal Herriko datuak ezagutzeko itxoin beharko dugu, baina AEBetan neurtu dute dagoeneko pandemiaren eragina bizi-itxaropenean. Emaitzak adierazgarriak dira: 2020ko lehenengo sei hilabeteetan urtebete jaitsi zen estatubatuarren bizi-itxaropena. Beltzen kasuan, beherakada 2,7 urtekoa izan zen, ia hirukoitza.

Pandemiaren ondorioak neurtzeko hamaika adierazle daude. Zaila da, ordea, bizi-itxaropena baino zifra esanguratsurik topatzea koronabirusak eragindako hondamendiari neurria hartzen saiatzeko. Euskal Herrian hilabeteak itxoin beharko ditugu horrelako eraginik egon den jakiteko, baina AEBetan dagoeneko neurtu dute, eta emaitzak benetan latzak dira: 2019an jaiotako estatubatuarren batez besteko bizi-itxaropena 78,8 urtekoa zen. 2020ko lehendabiziko sei hilabeteetan jaiotakoena, ordea, 77,8 urtekoa. Sei hilabete eskasetan, estatistikoki, urtebeteko bizi-itxaropen galera atzeman dute CDC Centers for Disease Controleko ikerlariek.

Baina hori batezbestekoa baino ez da. Pandemiaren eragina ez da modu berean banatu gizarte guztian, eta horrek bere isla dauka adierazle honen beherakadan. Errealitate latzena estatubatuar beltzena da, euren kasuan 2,7 urte jaitsi baita jaioberrien bizi-itxaropena, dagoeneko askoz baxuagoa zena. 74,7 urtetik 72 urtera jaitsi da seihileko batean. Gizon beltzen kasuan, beherakada hiru urtekoa izan da, 71,3tik 68,3ra.

Bestela esanda, AEBetako gizon afro-amerikar baten bizi-itxaropena batezbestekoa baina ia hamar urte baxuagoa da. 2001. urtera joan behar gara hain bizi-itxaropen baxua topatzeko. Atzerapausoa bi hamarkadakoa izan da, beraz.

Latinoen kasuan, beraiena da aspaldidanik AEBetan bizi-itxaropenik altuena, baina pairatu duten beherakada (1,9 puntu) batezbestekoaren ia bikoitza da. 81,8 urtekoa zen 2019an, eta 79,9koa 2020ko lehenengo sei hilabeteetan. Zurien kasuan, bukatzeko, beherakada arinagoa izan da, baina ez txikia, 78,8tik 78ra pasa da eta.

Arrakalak zabaldu egin dira

Pandemiak aldez aurretik existitzen ziren arrakalak handitu egin ditu, berdintasunerantz egiten zuen azken hamarkadetako joera apurtuz. Hori modu nabarmenean gertatu da beltzen eta zurien artean. Bi komunitateen bizi-itxaropenaren arteko diferentzia murrizten joan da azken hiru hamarkadetan: 1993ko 7,1 urteko arrakala zabaletik, 2019ko 4,1 urtekora pasa zen. Pandemiaren eraginarekin, ordea, arrakala hori berriz handitu da, 6 urtera arte iritsiz. 1998ko datuak dira. Bi hamarkada luzeko atzerapausoa, berriro ere.

Alderantzizko joera atzeman da latinoen eta zurien artean. 2019an, lehenen bizi-itxaropena hiru urte gehiagokoa zen; pandemiaren eraginez, ordea, arrakala txikitu egin da, eta orain latinoen abantaila 1,9 urtekoa da.

Genero arrakala ere zabaldu egin da, koronabirusak gizonen batez besteko bizi-itxaropena 76,3 urtetik 75,1era pasa baita, emakumezkoena 81,4 urtetik 80,5era pasa den bitartean. 2019an arrakala 5,1 urtekoa bazen, 2020ko lehenengo sei hilabeteetan 5,4ra pasa zen.

Ikerketaren mugak

Garrantzitsua da aipatzea, edonola, ikerlariek lanaren mugak azpimarratzen dituztela. Lehenik eta behin, mortalitate datu orokorrekin eginda dago, beraz, ezin dira bereizi koronabirusak gauzatutako heriotzak gainontzekoetatik. Era berean, lehenengo sei hilabeteak erabiltzeak, eta ez urte osoko datuak, tranpa txikia dauka, ipar hemisferioan neguko hilabete gogorrenak denbora tarte horretan sartzen direlako, eta hilabete horietan mortalitatea altuagoa izan ohi delako. 2020. urte osoko datuak eskuragarri daudenean, litekeena da behin betiko datuak pixka bat leuntzea.

Baina ikerketaren buru Elizabeth Ariasek garbi dauka «jaitsieraren ardura nagusia» koronabirusarena dela, Statnews komunikabide espezializatuak jasotzen duenaren arabera. Ikerketan, gainera, ondorio nagusien artean kokatzen dute pandemiaren eraginak «mortalitatearen arrakala etnikoak eta arrazazkoak zabaldu» dituela.