Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Enarek badakite, bai!

Negutik udaberrira, xalto txikitan xaltoka, giroaren airea gero eta gertuagotik usaintzen eta ikusten, probatzen ere bai, gustuz jardun ohi zen gure baserriko aittona eta nagusia: eta baita bertako gazte ikaslea ere, jakin nahia berekin zekarren, bertan ikasi zuen usaintzen eta giro aziertoak probatzen.

«Martxo erdirako, enara etorri da zierto». Bere presentzia ziurta behar zen bertan. Eta erraza da benetan, eguraldi gutiz kaxkarra ez bada: zenbat eta argiantzago goialdea, hango joan-etorri eta ibiliak dibujatu beharra, deskantsu gabekoa baita. Gure aitton-amona patxadosoen eskola-ttikia, baserriko lanari atsedentxoak hartuz jasotako lezioetan ageri zaigu.

Torizkizue esaldi mordoxka, bakoitza leziotxoa duena: «Enarak goizean txio-txioka, eguraldi ona». Eta arratsaldez nahikoa goiti sentitzen bazituzten, ziur erantsiko zuten: «Enarak goian hara eta hona, luzaro eguraldi ona». Antizikloi trinko baten seinale zen hori: «Horiek ez dute failorik!», botako zizuten. Estimatuak ziren bai, gure artzain eta baserritarrentzat: «Eliztxoriak hiltzea, bekatu mortala», bota ohi zuten.

Telebistako mapa eta iragarkiekin edo irratikoekin apenas dagoen orain enarei begira ibili beharrik, baina, irratirik ez telebistarik gabeko sasoi haietan, elai builangero horiek ziren abixo klaroena: «Enarak lurretik urrian dabiltzanian, euria urrian». Garaian garaiko mapak, jakina!