Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Usteak erdia ustel

Meteorologiaren mundu hau kontrolatzen ez duenak uste dezake eguraldi iragarpenak egitea “erraza” dela. Betiere, inongo asmo txarrik gabe, noski. Baina eguraldi iragarpen bat egiteak zailtasun handia dauka. Lehendabizi ezinbestekoa da atmosferaren egoera ongi ulertzea. Eragile nagusien (antizikloi eta borraskak) kokapena aztertzea, isobaren norabidea ongi ezagutzea, etab. Hori ongi ez ulertzeak iragarpenean akatsak eman ditzake. Egoera ongi ulertu eta gero, parametro ezberdinen datu bilketa handi bat egin behar da. Eredu meteorologikoak hartu, orduz ordu aztertu eta datuak bildu. Hori da meteorologo batentzat lanik pisutsuena, datu bilketa honek pazientzia handia eta kontzentrazio handia eskatzen baitu. Parametro asko dira kontuan hartu beharrekoak: tenperatura maila ezberdinetan, haizea, prezipitazioa, hezetasuna, eta abar eta abar. Datu bilketa handi hori osatu ostean, datu horien interpretazio bat eman behar da. Interpretazioa egiteko garaian, meteorologo bakoitzari dagokio ze irizpiderekin egin. Hemen gakoa da bere ingurunea oso ongi ezagutzea, geografiak berebiziko papera jokatzen baitu meteorologian, eta, bestetik, urteek eman dioten esperientzia baliatzea.

Meteorologorik onena izanda ere, garbi dago ez dagoela eguraldia urteko 365 egunetan asmatuko duenik. Horrek erakusten du meteorologiak duen konplexutasuna.