Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Itzala eta distira

Bi postura edo bi martxa horiek, aurreraka presakakoa, edo atzeraka eta motel antzean datorkiguna… bi horiekin lotzen ditugu, ohartuki eta asko erreparatu gabe, normalean behinik behin. Izan ere, ez da berdin urtean zehar daramagun aurrera martxa, edo urteko hilabete hain argizale eta desberdinen bixtarazoa eta hor sorturiko engainua. Izan ere, negua negu beti illunxka, edo udarako bidearen berritasun argixume eta poxgarri bezain delikatu hori… Bereiztekoak, bai!

Non bizi garenaren gorabeherak ere asko esan nahi du udaberri urduri eta zirriborratu honetan. Badakigu zerualdea aise eta agudo aldatzen dela: egun berean ere, goizeko lehen zeru argitzetik arrats aldeko eguzkiaren beheraka abiatzeak, zenbat brillu eta margo fin, detaile xaloenak zaizkigularik gustagarrienak… Printza txikienak dira gustuz barneratzekoak eta haietan gozatu ahala, baita itzal fin eta bariatuenak, begitan bezala barne ganbaran goxatu eta fijatzekoak.

Kaleko etxetartean eta hainbeste piso altuen itzalgunetan, bada zer goza balkoietako eta teilatu izkinetako itzalen jokoak erreparatuz, baina plaza zabalen argiunetan, eta etxarte guztietatik aparta orduko, bestelako argi zuzen eta distiradunak alaitzen du begiartea eta irrifar fina argitzen digute. Hainbat detaile, hainbat forma eta formatxo, kolore finen jokoa, itzaltxoak eta argi-brillutxuak… neke guztiak arintzen dira eta barne argiak behin eta berriz pizt egiten digu barne gero eta bakeosoago eta alaituxeagoan. Hala behintzat mendialdean.