GARA
DONOSTIA

«Doneaneko alaba» nobela ondu du Juan Kruz Igerabidek

«Doneaneko alaba» eleberria besapean hartuta dator Juan Kruz Igerabide. 36ko gerrak utzitako zauria du abiapuntu nobelak. Ez da, ostera, liburuan ageri den zauri bakarra.

“Doneaneko alaba” (Alberdania) da Juan Kruz Igerabideren liburu berria. 36ko gerrak utzitako zauria du abiapuntu nobelak. Familia baten etorkizuna zeharo baldintzatuko duen bortxaketa batek ireki du zauria. Zauri horrekiko simetriaz, narratzaileak nozitutako beste zauri bat dago, hala gorputzean (herren geratuko baita) nola psikean (bizi izandako traumak baldintzatuko baitu haren izaera).

«Eleberri sendo eta umotua da», Jorge Gimenez Bech editorearen iritziz. «Gutun luze baten eran egituratua dago. Bertan, narratzaileak iloba bati idazten dio, gauzak argitzeko baino gehiago bere baitan daraman aspaldiko karga iraultzeko asmoz eta premiaz», kontatu zuen.

Editoreak aurkezpenean adierazi zuenez, «36ko gerratik abiaturik, gutxi gorabehera mende amaiera arte iristen da narrazioa, eta egoera historikoaren eta gizarte-giroaren oihartzun batzuk ageri dira, inoiz ere historia partikularrari gailendu gabe».

«Nobelan zehar editoreak aipatu dituen bi zauri horien bilakaera kontatzen da. Narratzaileak jarrera zurrun eta zinikoa hartuko du bizirauteko, literatura-ikerkuntzan eta liburuen munduan gotortuko da, bere behar fisiko eta emozionalak modu mekaniko eta hotz samar batean bideratuko ditu, bizitza ‘ustez’ sendo bat eraikiz, eta handik munduari destainaz eta ironiaz begiratuz», azaldu zuen Igerabidek.

«‘Doneaneko alaba’-k narratzailearen mundu sendoa kolokan jarriko du, eta Doneaneko familiaren gainbeherari beste ate bat zabalduko dio, esperantzazkoa ez bada ere, bai behintzat duintasunezkoa. Hortik aurrera, gauzak ez dira askorik konponduko, baina sinbolikoki bide duinago eta humanoago baten trazak agertzen hasiko dira; narratzaileak eraikitako mundu sendo baina hila kolokan jartzen da, biziberritu egiten da, eta, aldi berean, zaurgarriago, ahulago bihurtzen da», gehitu zuen idazleak.

Testuan tartekaturik, mitologiako pasarteak ageri dira, eta orobat literatura unibertsaleko zantzuak nahiz pasarteak, eta horrela justifikatu du idazleak horien presentzia: «Gertakizun ‘historikoei’ halako hedadura antropologiko bat eman nahi izan diet, giza kondizioaren zenbait korapilo agerian jarriz. Erreferentzia mitologiko eta literario horiekin, nobelako gertaerak eta pertsonaiak unibertsalizatu egiten dira nolabait».

Eleberriaren tonuari dagokionez, nobelako pasarte asko garratzak dira, baina, oro har, narratzailearen ikuspegi ironikoa gailentzen da. Poliki-poliki samurtu ahala, egoera komikoak ere ageri dira, eta ironia erabiltzen du, «bere buruari begira ispilu bat balitz bezala», esan zuen Igerabidek.

«Narratzailea antiheroi petoa da, baina antiheroiaren erakarmen literariotik urruntzen saiatzen da. Doneaneko alaba eta gainerako pertsonaia gehienak ere antiheroitzat har daitezke, batzuek pott egin dutelako bizitzan, beste batzuek nondik nora jo asmatu ez dutelako, beste batzuk zuzen-zuzenean zapalduak izan direlako, erreakzionatzeko aukerarik gabe», amaitu zuen.