Maider IANTZI GOIENETXE

Nerabe baten bidaia iniziatiko magikoa da «Itsasoaren atea»

Miren Agur Meabek «Itsasoaren atea» (Elkar) aurkeztu du, iaz Mikel Zarate haur literatura saria jaso zuen liburua. Maite Gurrutxagak hornitu du marrazkiz abentura, misterioa eta magia uztartzen dituen istorioa. Elora Duval du protagonista, ama galdu duen 13 urteko neskatxa. Ubarroien Uhartera doa, amona Brigitaren basetxean bizitzera.

Gorputz eta arima emana dago Miren Agur Meabe literatur sormenari, eta horren emaitza da bere azken harribitxia, “Itsasoaren atea”, Elkarren katalogoa osatzera etorria, besteak beste, “Katta” haur txikientzako bilduma, “Begiak zerumugan” poema liburua eta “Zazpi orduak” lanen ondora. Maite Gurrutxagak bere proposamen propioa egin du marrazki zuri-beltzekin, idazle lekeitiarraren fantasia ukituko kontakizunaren lagun.

Antxiñe Mendizabal editoreak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, liburuak emakume begirada du, kresal usaina, eta dotore eta fin idatzita dago, erritmo pausatuarekin. Hala merezi du irakurtzea ere, ñabardura literarioekin gozatzeko. Haurrei begira sortua da, baina helduek disfrutatzeko ere aproposa da.

«Izan bihotz» leloari segika

2020ko itxialdian idatzita dago “Itsasoaren atea”. «Urte aldrebesa zetorren, eta hutsune hori orekatu beharra sentitu nuen. Azken urteetan gazte literatura aparkatuta izan dut eta liburu hau idazteak poz handia eman zidan», agertu zuen idazleak.

1870eko negua da, aita pintoreak, ustez inpresionista, bapore batean utzi du 13 urteko alaba, Elora Duval, Ubarroien Uhartera bidean. Atlantikoan kokatutako alegiazko irla horretan bidaia iniziatiko bat hasiko du neskatxak Brigita amonaren basetxean. Brigita belargilea da, petrikiloa. Elora lanean hasiko da Galantenea jauretxean, umezain, eta berehala estutuko du harremana bertako Ariane txikiarekin. Umezurtza da bera, 6-7 urtekoa. Ez Elora ez Ariane ez dira neska arruntak. Beste inork iragartzen ez dituen gertaerak hautemateko dohaina dute. Horregatik, aspaldiko kondaira tragiko baten korapiloa askatuko dute bien artean eta Elorak emakume leinu garrantzitsu baten partaidea dela deskubrituko du.

Astebetean garatzen da istorioa eta denbora horretan Elorak ezusteko ugari biziko ditu, beti amaren leloa gogoratuta: «Izan bihotz». Meabek erran zuenez, era batera baino gehiagora interpreta dezakegu lelo hori, baina eskuzabaltasunarekin eta ausardiarekin lotura du.

«Aspalditik nuen errealitatea eta naturaz gaindiko botereak nahastuko zituen zerbait idazteko gogoa. Kontaera garaikideak nagusitu dira gure literaturan: pertsonaien barne gatazkak dituzte ardatz eta inguruko mundua kokaleku nagusi. Oso beharrezkoak dira. Baina eskoletako bisitetan beste ildo batzuen falta sumatzen nuen ikasleek esandakoari kasu eginez», esan zuen.

Baditu literatura erromantikoaren eraginak. Batetik, giro preindustriala aurkituko dugu: natura basatia eta arrantza portua. Bestetik, kostunbrismo printzak daude. Elementu dramatiko bat ere bada, misterioa –«sekretuak, mehatxuak, fantasmak, protagonisten bizitzak beste norabide batean jartzea»–, kondaira bat, mito bat, eta ahizpatasuna.