GARA
BILBO

Patenteak askatzeko eskatuz ekimena egin du Sortuk Granadan

Sortuk txertoen patenteak askatzeko aldarrikatu du Granadan covid-19aren txertoa ekoizten duen enpresa batean. GUE/NGL Europako Parlamentuko taldearen “No Profit on Pandemic” kanpainarekin bat eginez, Modernaren txertoa ekoizten duen Laboratorios F. ROVI enpresaren sabaitik “Txertoak herriarentzat. No Patents. Vacuna gratuita y universal” leloa duen pankarta erraldoia eskegi zuen alderdi abertzaleak, Andaluziako SAT sindikatuarekin elkarlanean.

«Pandemiari aurre egin ahal izateko burujabetza ere aldarrikatu dugu», azaldu zuen alderdi abertzaleak prentsa ohar batean. Gaineratzen duenez, «izurriarekin lotutako alarma egoeren ezarpena, herritarren osasuna lehenesteko baino, aukera ekonomiko itzel gisa» hartu dute «elite politiko eta ekonomikoek, funts publikoak enpresa pribatuetara transferituz». Ildo horretan, «onartezintzat» jotzen du «pandemia betean botika-enpresek txertoen ekoizpen eta banaketarekin negozioa egitea, lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak bereiziz, bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren eta posta kodearen arabera».

«Kapitalismoak arazoak konpontzen lagundu beharrean, larriagotu egiten ditu», nabarmendu du Sortuk. Gaineratu duenez, «pandemia desberdintasun sozialak eta ekonomikoak areagotzen ari da, eta agintariek ez dute konprenitu nahi izan osasunik gabe ez dagoela ekonomiarik». «Edo beste era batera esanda, honetatik ez gara aterako ez bagara guztiok irteten, mundu-mailako immunitatea lortu ezean birusak zirkulazioan jarraituko baitu», adierazi du.

«Txertoen aferarekin egiten ari direna nahikoa injustizia ez balitz, bizitza guztiak berdin baloratuko dituen osasun sistema publiko eta unibertsala indartzetik urrun, saminarekin negozioa egiten jarraitzen dute», salatu dute ekimena egin dutenek, eta, hedabideei igorritako oharrean gaineratzen dutenez, «kapitalaren metaketa dute helburu, mundu mailako osasun larrialdia erabiliz. Zoritxarrez irakurketa hori Euskal Herrian ere antzera aplika daiteke».

Bestetik, Euskal Herriak duen erabakiak hartzeko gaitasun mugatua ageri-agerian geratu dela adierazi du Sortuk: «Madrilen eta Parisen irizpideen menpeko gara. Are gehiago: burujabetza materialaz hitz egiten badugu, esanguratsua da Euskal Herrian ez dagoela covid-19aren aurkako txertoak ekoizten dituen enpresarik». Herritarrei, «elkar zaintzeko eta eskubide kolektiboen alde kalean borrokatzeko» deia egin die.