Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Klima aldaketa eta migrazioa

Hainbat izan dira historian zehar giza migrazioa bultzarazi duten faktoreak: gerrak, pobrezia, lan baldintza txarrak, zona jakinen gainbehera ekonomikoa... Baina horretan guztian ere klima aldaketak badu bere zeresana eta ez nolanahikoa.

Klima aldaketagatik beste lurralde batzuetara migratu behar izaten duten pertsonen ehuneko handiena nekazariz eta abeltzainez eratuta dago. Populazio hori ekonomikoki pobrea da eta, beraien ekosisteman aldaketa txikiren bat emanez gero, guztiz galduta daude. Gehienbat Hirugarren Munduan daudenek pairatu dute kaltea.

Tenperaturen igoerek, lehorteek, uholdeek eta beste hainbat fenomeno meteorologikok gizarte talde horiek kudeatzen dituzten kultiboen erabateko galera eta abereen heriotza ekarri dituzte. Horri gehitu behar zaio zona askotan lehorteek eta hondamendi naturalek eragindako ur eskasia ere.

Barne joan-etorriak monitorizatzeko CMDI zentroak 2018an egindako ikerketa lan batek datu kezkagarri batzuk bildu zituen: mundu osoan 17,2 milioi pertsonak utzi behar izan zuten beraien etxea eta beste herrialde batera migratu, hondamendi naturalen ondorioz. Horietatik 16,1 milioik, klimak eragindako sarraskiengatik, esaterako, urakanak, ekaitzak, lehorteak, luiziak...

Nahiz askorentzat egindako kalteak atzera bueltarik ez duen izango, gure esku dago etorkizunean gizarte osoari bizi baldintza duinak bermatzea eta eskaintzea.