Iruñe Astitz Larunbe
IRUÑEA
Interview
Itxaso Martinez
Duguna Iruñeko Dantzariak

«Sanferminak berriro bizitzen ditugunean, gehiago gozatu eta baloratuko ditugu»

Euskal dantzak, modu batera edo bestera, Iruñeko jai nagusien parte dira. Sanferminik gabeko bigarren urte honetan, Duguna Iruñeko Dantzariak taldeko Itxaso Martinezekin bildu gara. Jaiak ahal bezain laster berriro gozatzeko gogo bizia duela aitortu digu eta pandemiak taldearen jardunean izan duen eraginaren inguruan ere aritu zaigu.

Aurreko urtean bezala, aurten ere sanferminik gabe...

Bai, pena ematen du gure hiriko momentu kutunetariko bat disfrutatu ezin izatea. Egia da, hori bai, itzultzen direnean bi edo hiru aldiz gehiago disfrutatuko ditugula.

Nola bizi duzue bigarren urtez jarraian sanferminik ez izatea?

Lehen urtean pentsatzen duzu hurrengo urtean ospatuko direla. Gero konturatzen zara egoera ez dela hobetzen eta, nahiz eta ofizialki ez duten esaten ez direla egonen, zu ja hasten zara pentsatzen ez dituzula disfrutatuko... Sanferminak gustuko ditugunontzat kolpe gogorra da, baina, azkenean, lehen aipatu dudan bezala, berriro bizitzen ditugunean kristorenak izango direla eta gehiago gozatu eta baloratuko ditugula pentsatzen dut.

Nola bizi dira sanferminak dantzari izanda?

Ba, egia da, azkenean gustuko duzun zerbait eta maite duzun zerbait denez, oso pozik egiten duzula. Gogotsu zaude uztailaren 7a, 14a edo dantzatu behar duzun eguna iristeko. Askotan galdetzen digute: «ez duzu sufritzen goiz esnatuta?». Ba ez, gustuko duzun zerbait egiten duzunean, ez da kostatzen. Gogotsu hartzen dituzu sanferminak, baita urduritasun puntu batekin ere.

 

Zalantzarik ez dago iruindarrontzat uztailaren 7ko prozesioa sanferminetako «momentiko» berezi horietako bat dela. Nolakoa da horrelako ekitaldi luze batean parte hartzea?

Egia da, azkenean, luze egiten dela. Goizean nekearekin ateratzen zara, baina gero gogotsu igotzen zara Iruñera, jantzi… Urduritasun puntu batekin ateratzen zara kalera, uztailaren 7a delako. Gero, prozesioan zehar, egia da azkenean ordu asko direla ibiltzen eta nekatuta sentitzen zarela, baina, badakizunez amaierako emanaldi hori geratzen zaizula, eta hori dela gure momentikoa... Prozesioa bai, polita da, baina gure momentua justu prozesioa amaitzen denean dator. Azkenean, urduritasun horrekin piztu egiten zara eta, dantzatu ondoren, erlaxatu egiten zara eta gozatu egiten duzu. Une oso berezia da, aldi berean nekea, urduritasuna, gogo bizia, motibazioa... bizitzen dituzu.

Jaien azken egunean, uztailaren 14an, beste «momentiko» berezi bat bizitzen duzue...

Bai, sanferminen agurra. Ez duzu uztailaren 7an jaiak hasten direneko urduritasun bera, jaiak amaitzera doazela badakizu eta horrek pena pixka bat eragiten dizu... Hala ere, oso une berezia da, erraldoi eta buruhandiz inguratuta aritzen baikara.

Zer-nolako eragina izan du pandemiak zuen ohiko jardunean?

Erronka handia izan da. Garrantzitsuena guretzat motibazioa eta taldekideen arteko lotura mantentzea izan da. Pandemia hasi zenean online entseatzen hasi ginen. Ordenagailu bidez entseatzen genuen eta ez zen berdina, noski, baina polita zen taldekideak ikustea eta gure arteko lotura horri jarraipena emateko aukera izatea. Dantza egiten jarraitzen genuen eta etxean itxita egonda laguntza handia izan zen. Hala ere, bagenekien jendea azkenean nekatu egingo zela eta zerbait gehiago egin beharko genuela. Orduan, aukera izan bezain laster, eskatu beharreko baimen guztiak eskatuta eta segurtasun neurri guztiekin, kalean entseatzen hasi ginen.

Ondoren, egoerak berriz ere okerrera egin zuenez, geldialdi bat egon zen. Azarotik aurrera hasi ginen berriro jarraitutasun batekin entseatzen. Astean bitan entseatzen dugu eta badirudi emanaldiak ugaritzen hasi direla, beraz, pozik gaude.

Sanfermin jairik ez da egongo, baina Iruñeko Udalak kultur eskaintza zabala antolatu du Zitadelan: musika, antzerkia eta dantza. Bertan izango zarete?

Bai, uztailaren 5ean egingo dugu dantza Zitadelan. Bertan taldeak sanferminetan dantzatu ohi dituen Iruñeko ezpata dantza, soka dantza eta trokeo dantza eskainiko ditugu.