M.A.
DONOSTIA
Interview
UNAX SEGES INTXAUSTI
ZUMARDI TABERNA (DONOSTIA)

«Aurten nekea ikusten da; iaz ez zegoen halakorik»

Herrerako tabernaren barra atzean dago 1997tik. Sei pertsona hasi ziren eta egun hamahiru dira. Gorabeherak ez dira falta izan urteotan, baina pandemiak eragindakoa bezain egoera zailik ez dute bizi izan.

Nola doa uda?

Aurten nekea ikusten da, iaz ez zegoena. Arauena oso nekagarria da, jendeak lasai egon nahi du eta lasaitasuna, berez, ezin da.

Zertan nabari duzu aldea?

Afari eta bazkari pila bat ematen ditugu, nahiz eta auzo bat izan. Aldaketa esanguratsua da afalostean, 23.00etan, jendeak alde egiten duela. Lehen, udan 2.00ak arte zegoen. Eta bazkariekin, ez dakigu: batzuetan, jendea egun-pasa joaten da eta beste batzuetan denak etortzen zaizkigu. Zaila da. Bazkaria eramateko jarri genuen itxialdian eta mantendu egin dugu; batzuetan funtzionatzen du, beste batzuetan ez. Pandemia garaian jendea zoragarri portatu zen eta lan pila egin genuen, 13:00etatik 15:30era bost minutuero norbait zetorren erreserbarekin. Puntazo bat izan zen.

Aurten ere ez da Aste Nagusirik izango. Herreran, igartzen al da?

Suak afalorduarekin bat datozenez, jende pila etortzen zen ogitarteko bila eta ez iristeko beldur. Gainerakoan ez, hemen ez delako ezer egiten. Gure jaiak Herrerakoak dira eta auzo sentimendu indartsua daukagu.

Zer aurreikuspen egiten duzu abuzturako?

Beti ondo lan egin izan dugu, baina iaz normalean izaten zenaren %60. Neurriekin zaila da berdina izatea, errotazioa behar duzulako eta auzoetan askotan ez dago. Jendea etortzen da, gustura egon nahi du eta gelditzen da. Badirudi funtzionatzen duela, baina gero konturatzen zara %40 hori falta dela. Mantentzea zaila da. Aukera izan dugu ABEE-ekin, baina ez gaude horretaz harro. Zaila da langile guztiak duintasunez mantentzea.