Testua: J.SALBADOR

Ondarroako Plaiko zubixe berriro etxean da

Ondarroako zubi mugikorra, Europan eta munduan kontserbatzen den pasabide mugikor bakarrenetakoa, berriro etxean da. Mende oso batean pilatutako herdoilak eta matxurak konpontzeko, bi urte egon da herritik kanpo, eta pasa den uztailean jarri zuten berriro bere lekuan. Dena ondo badoa, irailean egongo da martxan.

Ofizialki «Alfontso XIII.aren pasabidea» izenarekin inauguratu zuten 1927ko maiatzaren lehenean; beraz, sei urte barru ehun urte beteko ditu. Denbora horretan guztian, itsasoko denborale eta Artibai ibaiaren uholde askoren lekuko izan da eta, segurtasun arrazoiengatik, 2016an itxi egin zuten oinezkoentzat. 2019an guztiz desmuntatu zuten, Asturiasko lantegi batera eraman eta bertan konpontzeko.

Gaur egun ez da Arrigorri hondartzarako pasabidea errazten duen zubi bakarra, 1994an Santiago Calatravaren Itsas Aurre izenekoa ere egin zelako, baina herritarrek asko maite zuten eta beraiek izan ziren konpontzeko eskaera egin zutenak. «Txakur txikia»ren zubia izenarekin ere ezagutzen da herrian, garai batean bost zentimo ordaindu behar zirelako pasabidea zeharkatzeko.

Jose Gonzalez de Langarica ingeniariaren diseinuaren arabera eraiki zen eta kultura ondasun gisa katalogatuta dago. Bere ezaugarri nagusia bi zati dituela da, bakoitza ardatz baten gainean jarria. Horrela, zati bakoitzak bira egiten du itsasontziei pasatzen uzteko, beste zubi asko altxatu egiten diren bitartean.

Esan bezala, urte hauetan guztietan pilatutako herdoilak eta matxurak konpontzeko, 23 metroko luzera eta 14 tonako pisua duten bi zatiak konpondu egin dituzte Asturiasko lantegi batean. Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartutako proiektuak 1,3 milioiko aurrekontua izan du.

Artisau teknikak

Zubiaren egitura metalikoa zaharberritu ahal izateko sistema konplexu bat erabili dute, artisau tekniken bidez berreskuratu baitituzte korrosioaren ondorioz oso kaltetuta zeuden altzairuzko pieza originalak. Era berean, harrizko eta hormigoizko zutabeak ere konpondu egin dira eta bere tokian jarri.

Bira-mekanismoak zutabe bakoitzaren gainean kokatuta daude, eta kremailera biribil batean oinarritzen dira. Pasabidearen historian zehar, mekanismo hau sistema elektriko eta eskuzkoekin erabili izan da. Zaharberritu ondoren, ordea, eskuzko sistema bakarrik izango du berriro, jatorrizko konfigurazioan bezala.

Datozen asteetan, barandak eta egurrezko zorua jarriko dizkiote eta, horrekin batera, Artibai ibaiaren bi ertzetako urbanizazioa osatuko dute. Azkenik, bira mekanismoaren azken probak egin ondoren, jendearentzat zabalduko dute. Udaletik jakinarazi dutenez, dena ondo badoa, irailaren hasierarako martxan egongo da.