Testua: I. IBARRONDO

«Galarrena abantian», kultura eta ostalaritza uztartuz

Galarrena tabernak 22 urte daramatza Lekeition gastronomia eta kultur eskaintza uztartzen. Bi horiek izan dira, hain zuzen ere, pandemiak gogorren jo dituen arloak. Hori bai, zailtasunak handiak izan diren arren, arduradunek aurrera jarraitzeko apustua egin dute. Udako egitaraua bukatu berri, udazkenerako ekitaldi gehiago aurreikusten dituzte dagoeneko. Izan ere, azken finean, kultura «beste herri eredu bat eraikitzeko tresna» moduan ulertzen dute.

Kanpotik ikusita pintxo barra zabalak eta bazkari zein afari eskaintzak kontrakoa pentsatzera bultza gaitzakeen arren, Lekeitioko Galarrena taberna ez da pintxo poterako establezimendu hutsa soilik. Barne antolaketatik hasi eta Lekeitiori eskaintzen dizkion kultur ekitaldietara bitarte, ohiko tabernetatik zinez desberdina da Galarrena. Izan ere, taberna izateaz gain, zenbait lantaldez osatutako kultur elkartea ere bada. Hori horrela, beharginen taldeak, kultur taldeak eta komiteak egituratzen dute Galarrena.

Ibilbide luzea du jada atzean lokalak. Duela hogeita bi urte, 1999an, zabaldu zituen ateak eta, ordutik aurrera, “Galarrena abantian” lelopean egin du aurrera. Tabernako komiteko kide den Markel Amillategik azaldu duenez, herritar talde batek proiektuaren aldeko apustua egin zuenean zabaldu zuten Galarrena: «Ezker abertzalea osatzen duen komunitateak ireki zuen bidea herriari askotariko kultur eskaintza egin eta beste herri eredu bat sortzeko tresna moduan».

Amillategik hiru urte daramatza dagoeneko komitean lanean. «Beti Galarrenaren inguruan bizi eta antolatu izan gara. Gazte mugimendutik ekarpena egiteko hurrengo pauso modura sentitu nuen», azaldu du.

Pandemiak ostalaritza eta kultura jomugan jarri dituen arren, «astiro astiro, ahal izan dugun baldintzetan» martxa berreskuratzen hasi direla azaldu du Amillategik. Joan den udan ohiko kultur eskaintza pandemiaren testuingurura estreinakoz egokitzeak eman zizkien «buruhauste handienak» Galarrenako kideei.

Hala ere, adar kulturalarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Izan ere, kultura «beste herri eredu bat eraikitzeko tresna» moduan ulertzen dute. Aurtengo udan ere egitarau zabala izan dute. Atzo bertan amaitu zen, Rojo musika taldearen kontzertuarekin. Oraindik antolatzeke dagoen arren, udazkenean ere eskaintza kulturala izatea aurreikusten dute.

Balantze orokorra eginez, Amillategik ondorioztatu du udara «oso ona» izan dela bai kulturalki bai ostalaritza arloari dagokionez, jendearen erantzuna positiboa izan baita. Urte osoan zehar ekintza kulturalak antolatzen dituztenez, jada «giro bat» dagoela uste du komiteko kideak, «komunitate bat» azken finean.

San Antolin jaiak

Bestalde, sanantolinak heltzear daude. Joan den urtean Udalak Lekeitioko sarrerak moztu zituen jende uholdeak ekiditeko. Aurtengo aurreikuspenaren inguruan galdetuta, Amillategik uste du kultura «beharrezkoa» dela «komunitate moduan» eta herria ixtea eta dena debekatzea ez dela irtenbiderik onena.

Erantzukizunez jokatzea, eskaintza kultural zabala opatzea eta bizitzak erdigunean jartzea alternatiba hobea dela deritzo Amillategik. «Guk gure aldetik ekarpen hori egiteko asmoa dugu. Gero, orokorrean Lekeition zer gertatuko den, ez dakit», hausnartu du amaitzeko.