Hegaztien behaketa Irunberri eta Arbaiungo arroiletan

Irati eta Salazar ibaiek milioika urtetan zehar zizelkatuko Irunberri eta Arbaiungo arroiletan Euskal Herriko harrapari handienak bizi dira. Hegaztion edertasuna bertatik bertara ikusteko, Irunberriko Naturaren Interpretazio Zentroak behaketak antolatu ditu, bihar Irunberrin eta igandean Arbaiunen. Saguzarrak ezagutzeko irteera ere egingo da bihar.

Irunberriko arroila paradisua da harrapari handientzat eta euren habitat naturalean ikusi nahi dituzten guztientzat. Izan ere, harkaitz malkartsuak babesleku ezin hobeak dira hegaztiontzat, eta horregatik bizi dira hemen belatz handiak, ugatzak, sorbeltzak, arrano beltzak, hontz handiak eta, jakina, sai arreak. Azken horiek dira arroiletako animaliarik adierazgarrienak, 200 bikote baino gehixeagorekin.

Aberastasun hori ezagutzera emateko, Irunberriko plaza nagusian den Naturaren Interpretazio Zentroak egitarau zabala prestatu du uda honetarako. Uztailean eta abuztuan zehar luzatu den egitaraua asteburu honetan amaituko da, beraz, interesa duenak orain du azken aukera.

Horrela, bihar Irunberrin eta igandean Arbaiunen hegaztien behaketa egiteko irteerak antolatu dituzte, 18.30etatik aurrera. Irunberrin aparkalekuan izango da abiapuntua eta, Arbaiunen, berriz, Isoko behatokian. Hegaztien behaketa naturgune horietako zaindarien eskutik egingo da. Horri esker, adituon azalpenen bitartez, gune horietan bizi diren espezieak ezagutu ahal izango dira.

Doako jarduera bada ere, izena ematea komenigarria da. Interesdunek 948 880 874 edo 659 401 877 telefonoetara deitu behar dute. Hala ere, Naturaren Interpretazio Zentrotik azaldu dutenez, inguruan dabilen edonor gerturatu ahal izango da jarduera honetara.

Biharko ere beste ekitaldi bat dago iragarrita, saguzarrak ezagutzeko hitzaldia eta irteera, hain zuzen. Hitzaldia 20.00etan izango da Arroilen Interpretazio Zentroan bertan, eta irteera 21.30etan hasiko da. Antolatzaileek azaldu dutenez, bi jardueren artean afaltzeko denbora egongo da.

Hitzaldia Juan Tomas Alcalde nafarrak emango du. Zientzia Biologikoetan doktore da eta kiropteroetan espezializatuta dago. Saguzarren biologiaren, bitxikerien, kontserbazio egoeraren edo mehatxuen inguruan jardungo da, eta jarraian gaueko ibilaldia egingo da. Ultrasoinuak detektatzeko gailuak erabiliko dira inguruan bizi diren kiroptero espezieak aurkitzeko. Kasu honetan ere doako jarduera izango da, baina izena ematea beharrezkoa izango da. Gainera, plaza kopurua mugatuta dago covid arauak direla medio.

Azkenik, asteburu honetan Arroilen Interpretazio Zentrora bisita gidatua egiteko aukera ere izango da, ostiralean, larunbatean eta igandean, 10.00etatik aurrera. Interpretazio Zentroa herriko plaza nagusian dago, eta bertan arroiletako bisita osatzeko maketak eta bideoak daude ikusgai.

Ibilbide erraza

Gainontzean, Irunberriko arroilarako bisita oso irisgarria da, oinez, bizikletaz, haurrekin edo gurpildun aulkian ere egin daitekeelako. Eta hori horrela bada, Iratiko Bide Berdearen ibilbidetik igarotzen delako da, Iruñea eta Zangoza lotzen zituen antzinako trenbidetik hain zuzen.

Hiru kilometro pasatxo ditu ibaiaren ibilguaren inguruan eta harkaitzean zulatutako bi tunel zeharkatzen ditu. “Deabruaren Zubiaren” ondo-ondoan amaitzen da ibilbide hori, frantsesek Espainiako Independentzia Gerran suntsitu zuten zubiaren ondoan hain zuzen.

Arroila zeharkatzeko bigarren aukera bat ere badago, ibilbide luzeagoa duena. Kasu honetan, bidezidor seinaleztatu bat hartu behar da, arroila inguratzen duena inguruko mendi-mazeletatik eta aparkalekura itzultzen dena, arroila gurutzatuz.

Sei kilometro inguruko ibilbide zirkularra da, 175 metroko desnibela duena, eta arroilaren inguruaren ikuspegi zabalagoa ematen duena. Aukeratzen den bidea aukeratzen dela ere, zalantzarik ez izan: paisaiek, uraren soinuek eta hegazti harrapakarien hegaldiek beti ematen dute inpresioa.