Testua: Joseba SALBADOR

Euskal Jai Egunik ez Zarautzen, baina urteroko txapelketak bai

Aurten bigarren aldiz irailaren 9an ez da Euskal Jai Eguna ospatuko Zarautzen, pandemia egoeragatik ezinezkoa delako jai-giroko ekitaldiak antolatzea. Hala ere, eta iaz egin zen moduan, urtero antolatzen diren bertsolari, dantzari eta trikitilari txapelketek ez dute hutsik egingo, antolatzaileen iritziz posible delako «kultur eskaintza zabala eta segurua aurrera eramatea». Egitaraua Alproja antzerki taldearen emanaldiak itxiko du, irailaren 11n.

Euskal jaiak datorren urtean», genion 2020an plazaratutako orrialdeetan, baina 2021. urtea iritsi da eta euskal jairik gabe jarraitu beharko dute zarauztarrek. Irailaren 9ko Euskal Jai Eguna oso errotuta dagoen arren –1924. urtetik ospatu izan da etenik gabe (1936ko gerrak eragindakoa izan ezik)– aurten ere pandemia egoerak ezinezko egin du kalean jai-giroko ekitaldiak antolatzea.

Hala eta guztiz ere, eta iaz egin zen moduan, astean zehar areto itxietan hainbat ekitaldi antolatu dituzte euskal kulturari bultzada emateko. Horrela, urtero ospatzen diren bertsolari, dantzari eta trikitilari txapelketek aurten ere ez dute hutsik egingo. Ez dugu ahaztu behar bertsolari gazteen Lizardi Sariak, adibidez, aurten 45. edizioa ospatuko duela, trikitilari gazteenak 41. edizioa eta aurresku txapelketak 33. edizioa.

Euskal Astearen aurkezpena joan zen astean egin zuten Udaleko ordezkariek eta bertan argi utzi nahi izan zuten aurten ere ez dela Euskal Jai Eguna egingo Zarautzen. Jesus Arana jarduneko alkateak adierazi zuenez, «pandemian gaude oraindik, eta datuak hobera egiten ari diren arren, ez dute inolaz ere laguntzen jai-giroan ekintzak eta ekitaldiak antolatzeko». Horrela, bigarren urtez, Zarauzko Udalak «ez du inolako ekintzarik antolatuko eta baimenduko irailaren 9an, Euskal Jaien Egunean», jakinarazi zuen Aranak.

Irune Urbieta Kultur zinegotziak gaineratu zuenez, ordea, «Zarauzko Udaletik esfortzu berezia egin da gainean dugun Euskal Astean kultur eskaintza zabala eta segurua aurrera eramateko». Hori horrela, urtero-urtero ospatzen diren txapelketak eta hainbat musika eta antzerki emanaldi antolatu dira aurten ere.

Egitaraua abuztuaren 26an hasi zen Zarauzko Motxian bertso eskolak Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Bertsolari Gazteen XLV. Lizardi Sariaren kanporaketaren lehen saioarekin. Finala gaur bertan egingo da Modelo aretoan, gaueko hamarretan. Sarrerak leihatilan jaso daitezke, 3 euroren truke. Bertan jardungo diren bertsolariak, hauexek: Txaber Altube, Andoni Mujika, Sarai Robles, Aitor Servier, Ekhiñe Zapiain eta Aitor Zubikarai.

Iazko edizioan Ane Zuazubiskar arrasatear bertsolariak irabazi zuen txapela eta Oihana Arana eskoriatzarrak, bigarren saria eta bertso onenarena. Beraiekin batera beste lau bertsolari aritu ziren finalean: Eneko Araiztegi, Xabat Illarregi, Aner Peritz eta Mikel Iturriotz.

Sariketako arauen arabera, irabazleak ezin du gehiagotan parte hartu, modu horretan bertsolari gazteek aukera gehiago izan ditzaten..

Trikitilari txapeldunak

Euskal Astearen egitarauan antolatutako bigarren ekitaldia Trikitilari Gazteen XLI. Txapelketa da. Herenegun ospatu zen Modelo aretoan eta irabazleak Irati Arzelus (Lazkao) eta Mirari Plazaola (Arrasate) izan ziren. Bigarren sarituak, Araitz Etxaniz (Azkoitia) eta Enaitz Alberdi (Azpeitia).

Atzo, bestalde, Bikote Gazteen Dantza Txapelketa egin zen; bihar, larunbata, XXXIII. Aurresku Txapelketa ospatuko da eta astelehenean, hilak 6, Helduen Binakako Dantza Txapelketa.

Ekitaldi horietan parte hartzeko gonbidapenak jaso beharko dira, ordubete lehenago, Modelo aretoko txarteldegian. Gehienez lau sarrera hartu ahal izango dira pertsona bakoitzeko.

Osasun neurriei dagokionez, ekitaldi horietan ikusleak eserita egongo dira, 1,5 metroko distantzia errespetatu beharko da pertsonen artean eta emanaldiak irauten duen bitartean maskara jantzita edukitzea derrigorrezkoa izango da.

Amaia Zubiria

Txapelketak alde batera utzita, Euskal Astearen egitarauan bada musika eta antzerkiarentzako tarterik ere. Horrela, datorren asteazkenean, hilak 8, Amaia Zubiriaren kontzertua dago iragarrita, 19.30etatik aurrera Modelo aretoan. Udal ordezkariek azaldu dutenez, emanaldia uztailerako zegoen iragarrita hasiera batean, Adarretatik Musika jaialdiaren barruan, baina orduan bertan behera geratu zen, taldeko kide baten osasun arazoak zirela medio.

Kontzertua, beraz, datorren astean berreskuratuko da eta sarrerak Modelo aretoko txarteldegian eskuratu ahal izango dira kontzertua baina bi ordu lehenago (17:30). Irailaren 8an bertan, 20:00etan, Zarautz Abesbatzak salbea abestuko du Frantziskotarren Elizan

Azkenik, irailaren 11n, larunbata, Alproja Antzerki Taldeak “Etxegabetuak” lanaren emanaldi bikoitza eskainiko du Lizardi kirol aretoan, lehena 10:30etan eta bigarena 12:15etan. Ikuskizun horretarako sarrerak bihar eskuratu ahal izango dira Musika Plazan, 19:00etatik aurrera.

 

Irailaren 9rako arauak gogorarazi ditu alkatetzak bando baten bitartez

Iaz egin zuen antzera, Zarauzko Udaleko Alkatetzak aurten ere bandoa kaleratu du irailaren 9ko ekitaldiak bertan behera uzten direla gogorarazteko, «bai Udalak berak antolatutakoak, bai talde, kuadrilla eta, oro har, festan parte hartzen duen eta kaleak girotzen dituen jende guztiak antolatutakoak».

Bandoan zehazten denez, «inplikatutako erakunde guztiek jairik ez ospatzeko eskatzen dute, kutsatzeen gorakadan izan ditzakeen ondorio zuzen eta berehalakoengatik eta, txertaketa prozesuan aurrerapenak egon diren arren, gizarte osoari eragiten diotelako».

Horrela, Jesus Arana jarduneko alkateak sinatutako bandoak hainbat arau ezarri ditu jaien ospakizun egunetan kontuan izateko:

–Ezingo da erromeriarik edo musika edo dantza ikuskizunik egin espazio irekietan, ezta beste ekitaldi herrikoirik ere bide publikoan (desfileak, kaleko emanaldiak, kalez kaleko ikuskizunak edo jendearekin egiten direnak).

–Debekatuta dago bide publikoan salmenta postuak jartzea (kalez kaleko salmenta barne).

–Zarauzko ostalaritzako establezimenduen itxiera ordutegi berezia etenda dago. Hortaz, ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuek, jatetxeek, txokoek eta elkarte gastronomikoek Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen ordutegi eta edukierei buruzko arauak errespetatu beharko dituzte.

–Inongo kasutan ezingo da kanpoko barrarik jarri.

–Udaltzaingoak zorrotz zainduko ditu bide publikoan baimenduta dauden okupazioak (mahaiak eta eserlekuak) eta gainerako baldintzak.

–Jenderik ez pilatzeko, guztiz debekatuta dago honakoa: «botiloia» egitea; kalean jatea eta edatea (taberna eta kafetegietako terrazetan eserita izan ezik); festa hauetan ohikoak diren ibilgailuekin kalean zirkulatzea (karroak, traktoreak, karrozak...); arriskua sor dezakeen edozein ekitaldi edo jarduera.

«Murrizketak izango diren azken urtea izango delakoan», Jesus Arana jarduneko alkateak dei egiten die herritar guztiei «zentzuz» joka dezaten eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako neurriak zorrotz bete ditzaten.

 

EGITARAUA

• Irailak 1, asteazkena: 19:00, Modelo aretoan, Trikitilari Gazteen XLI. txapelketa.

• Irailak 2, osteguna: 18:00, Modelo aretoan, Bikote Gazteen Dantza Txapelketa.

• Irailak 3, ostirala: 22:00, Modelo aretoan, Bertsolari Gazteen XLV. Lizardi Sariaren finala. Sarrera: 3 euro.

• Irailak 4, larunbata: 11:30, Modelo aretoan, XXXIII. Aurresku Txapelketa.

• Irailak 6, astelehena: 19:00, Modelo aretoan, Helduen Binakako Dantza Txapelketa.

• Irailak 8, asteazkena: 19:30, Modelo aretoan, Adarretatik Musika jaialdia. Kontzertua: Amaia Zubiria, Karlos Gimenez, Gonzalo Tejada eta Luis Camino.

20:00, Zarautz Abesbatzak salbea abestuko du Frantziskotarren Elizan.

• Irailak 11, larunbata: 10:30 eta 12:15, Lizardi kirol aretoa, “Etxegabetuak” antzezlana Alproja taldearen eskutik (Bi saio egingo dira).