Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Igor Uriartek ez du zigorra bete beharko Baionako epaileak hala erabakita

Parisko Zigor Epaitegiak iragan maiatzean erabaki zuen Igor Uriarte Lopez de Bikuñari kartzelatik atera zenean ezarritako lurralde debekua bertan behera uztea. Atzo, berriz, Baionako Auzitegian egin zioten auzian epaileak gasteiztarrari zigorrik ez ezartzea erabaki zuen.

Auzitegi Korrekzionalak Igor Uriarte Lopez de Bikuñak Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea duela erabaki ostean, atzo, Baionako epaitegiak lurralde debekua ez errespetatzeagatik iaz zabaldu zioten prozedura bertan behera uztea erabaki zuen.

Izan ere, 2018an kartzelatik atera zenean gasteiztarrari frantses Estatuan egoteko ezarritako debekua bertan behera gelditu denez, 2020ko urrian egindako auzian Uriarte errudun jo zuen epaileak ez zuen atzoko saioan preso ohiaren aurkako zigorra agintzeko arrazoirik aurkitu. Gauzak horrela, arabarrak Urruñan bere bizitza familiarrarekin eta lan jarduerarekin jarraitu ahalko du, «normaltasun osoz», bere abokatu Maritxu Paulus Basurkok auzi saioaren bukaeran nabarmendu zuenez.

Parisko Zigor Epaitegiak joan zen maiatzean erabaki zuen Igor Uriarteri ezarritako lurralde debekua bertan behera uztea. Lehen aldia izan zen euskal preso ohi bati frantses Estatuan egoteko debekua kendu ziotela. Are, Fiskaltza antiterroristak ere bere onespena eman zion aurrekari gisa balio dezakeen erabakiari. «Ebazpen hori baikorki hartu genuen, Fiskaltzaren jarrera berria zelako. Ildo beretik, Baionako epaileak Uriarte ez zigortzeko egin duen hautua ere egokia dela uste dugu, guk eskatu bezala auziari irtenbidea eman diolako», azaldu zion GARAri Paulus Basurkok.

Iazko auzian bertan ere, Baionako jujeak bere «egoera erregularizatzeko» gomendioa egin zion Uriarteri, horrendako urte bateko epea finkatuz. Fiskalak proposamen hori babestu zuen. Atzoko saioan ere adierazgarria izan zen fiskalaren jokabidea, ez baitzuen Uriarteren aurkako inolako eskaerarik aurkeztu.

Urruñan sustraitua

Parisko prozeduraren gaineko erabakia ezagutu arte, Urruñan baratzegile gisa lan egiten zuen Uriarte Hego Euskal Herrira itzultzera behartua izan zen iaz egin zioten auziaren ondorioz. Behin lurralde debekua kendu eta Baionako Auzitegiak atzo harturiko erabakiaren ondoren, sustraitu den Lapurdiko herrian berme guztiekin bizitzeko aukera izanen du preso ohiak.

Igor Uriarte 2013an atxilotu zuen Polizia frantsesak. Epaileak ezarritako sei urteko espetxe zigorra beteta, aske geratu zen 2018ko martxoaren 23an, baina Estatu frantsesean egoteko lurralde debekua ezarri zion Parisko Auzitegi Korrekzionalak. Espetxetik atera ostean, Urruñan gelditu eta enpresa bat sortu zuen. Ildo horretan, Prefeturak ematen dituen baimenak jaso zituela nabarmendu zuen bere defentsak iazko udazkenean Uriarteri egin zioten auzian.

2020ko urriaren 6an, frantses Poliziak preso ohia atxilotu zuen Ziburun, errepide kontrol batean, eta lurralde debekua ez errespetatzea egotzi zioten. Bere kontrako prozedura zabaldu zuen Baionako epaileak urte bateko epea eman zion bere «egoera administratiboa erregularizatzeko». Atzo bete zen, hain zuzen, epe hori.