GARA
OTAWA

Trudeauk aginteari eutsi dio Kanadan, baina gehiengo osotik urrun

Justin Trudeau Kanadako Alderdi Liberaleko hautagaiak irabazi ditu, berriz ere, hauteskundeak. Hala ere, eskatzen zuen gehiengo osotik urruti geratu da eta Quebeceko Blokearekin eta Alderdi Demokratiko Berriarekin adostu beharko ditu ekimenak.

Atzoko agerraldian, hautesleek «plan aurrerakoia» aukeratu dutela esan zuen eta Gobernua osatzeko prest dagoela.

Trudeau Montrealgo hotel batean bildu zen bere taldearekin eta bertatik mintzatu zitzaion jendeari, Kanadako hauteskundeen zifrek, botoen %91 zenbatuta, 158 diputatu eta emandako botoen %31,8 ematen ziotenean.

Bigarren postuan Alderdi Kontserbadorea dago (botoen %34,1 eta 121 diputatu), ondoren Quebeceko Blokea (botoen %8,1 eta 31 eserleku) eta Alderdi Demokratiko Berria sozialdemokrata (botoen %17,6 eta 26 eserleku). Horiez gain, Alderdi Berdeak bi diputatu izango ditu, botoen %2,4 lortu baititu.

Emaitzak 2019ko hauteskundeetan lortutakoen errepikapena dira; orduan liberalek 157 diputaturekin irabazi zuten eta kontserbadoreak oposizioko alderdi nagusia bihurtu ziren 121 eserlekurekin. 30 milioi pertsona inguru deituta zeuden hauteskundeetara 338 legebiltzarkide hautatzeko; horiek hurrengo gobernua osatuko duen alderdi politikoa zein izango den erabakiko dute. Trudeauk abuztuan deitu zuen hauteskundeetara. Une horretan, inkestak nabarmen zituen bere alde, liberalei baino hamar puntu gehiago ematen zizkioten Trudeauren alderdiari.

Trudeauk Montrealen adierazi zuenez, boto-emaileek «agindu argia» eman diete liberalei, baina ez zuen aipatu ere egin hauteskunde kanpainan eskatu zuen gehiengo osoa ez diotela eman. 170 diputatuko erabateko gehiengotik urrun, buruzagi liberalak beste alderdi batzuekin negoziatu beharko du (batez ere, Alderdi Demokratiko Berriarekin eta Quebeceko Blokearekin) bere ekimen legegileak aurrera ateratzeko.

Pandemia, klima krisiaren aurkako borroka, klase ertainaren bizi baldintzak hobetzea eta herrialdeko talde indigenekin adiskidetzea ditu lehentasun agendan. «Pandemia honetatik etorkizun hobe batera iristeko gogor lan egiteko agindua eman digute herritarrek. Egitasmo aurrerakoi bat hautatu dute hautesleek», nabarmendu zuen bere emazteak eta seme-alabek lagunduta.

Erin O 'Toole Alderdi Kontserbadoreko buruzagiak porrota onartu zuen, baina kanadarrek Trudeauri gehiengo osoa ukatu diotela azpimarratuz.