Ramon SOLA
ESPETXE POLITIKA

1.387 presoren eskumena Lakuaren esku; 60 dira EPPK-koak

Basaurin goizean goiz eginiko ekitaldi xume batekin irudikatu zuen, atzo, Lakuako Gobernuak azkenean espetxe arloko eskumena jaso duela. Eredu berri bat garatuko duela berretsi zuen, gizatiarragoa eta erdi-askatasuna bultzatuz. 1.387 preso biltzen dituzte Zaballa, Basauri eta Martuteneko kartzelek. Horietatik 60 dira espetxeratu politikoak.

Gernikako Estatutua onartu zenetik 42 urte igarota, eta ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuenetik hamargarren urtemuga betetzear dela, espetxe arloko eskuduntza jaso du azkenik Lakuako Gobernuak. Atzotik bere esku du –trantsizio-epe bat aurreikusita dagoen arren– eta goizean goiz irudikatu nahi izan zuen.

Basauriko espetxearen atarian agerraldia egin zuten 8.00etan Beatriz Artolazabal sailburuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako zuzendariek, hemendik aurrera kudeaketa EAEren esku gelditu dela islatzeko. Eredu berri baten sorrera dakar eskumenak, azken hilabete hauetan iragarri dutenaren arabera eta atzo sailburuak berretsi zuena entzunda. Eta preso guztiei irizpide berak aplikatuko zaizkiela nabarmendu zuen Lakuako Gobernuak, EPPK-koekin inolako bereizketarik egin gabe.

Bezperan, Aukerak agentziaren sorrera onartu zuen Gasteizko Legebiltzarrak gehiengo oso zabalaz, presoak gizarteratzeko kudeaketaz arduratuko den agentzia. Eskumenaren ondorioetako bat da.

Orotara 1.387 preso daude gaur egun Zaballa, Basauri eta Martuteneko kartzeletan. Horietatik 60 dira espetxeratu politikoak (une honetan gutxiago, baina asteazkenean iragarritako bederatzi lekualdatzeekin zifra horretara helduko da).

Kopuru horretatik 778 Zaballan daude; 326, Basaurin eta 283, Martutenen. Horietatik 80 emakumeak dira. Erregimen irekian, 99 daude Martutenen, 90 Zaballan eta 185 Basaurin.

Vicenta Alonso (Basauri), Benito Aguirre (Zaballa) eta Marian Moreno (Martutene) dira EAEko espetxeetako zuzendariak eta atzoko ekitaldian karguan berretsi zituen sailburuak. Artolazabalek Justizia Taldea delakoa izan zuen lagun, Ana Agirre sailburuordea, Eugenio Artetxe Justizia zuzendaria eta Jaime Tapia espetxe aholkularia buru zituela.

«Neurri terapeutikoen alde»

«Gaurkoa egun historikoa da, berrogei urte geroago Gernikako Estatutuko eskumen garrantzitsu bat eskualdatu baita. Gaur euskal espetxeen bizitzako beste egun bat ere bada. Egun historiko bat, baina beste lanegun bat eta zerbitzu publiko bat ere bai, presoek beren egunerokotasunean desberdintasunik izan ez dezaten», aipatu zuen Beatriz Artolazabalek.

Basauriko espetxeko plakak eta armarria desestali zituen gero eta Lakuako Gobernuaren logotipoa jarri. Gero, lan bilera egin zuten guztiek.

Horretan, sailburuak hiru dokumentu eman zizkien zuzendariei. «Segurtasun neurrien aplikazioan jarrera defentsiboa saihestu nahi dugu, neurri terapeutiko eta hezkuntzakoen alde eginez», azaldu zuen sailburuak, eta gaineratu zuen neurriak «giza eskubideak babesteko nazioarteko estandarren arabera» hartuko direla.

Erdi-askatasunean

Bost helburu zehazten ditu Urkulluren Gobernuak jada aurreratutako irizpideetan, itxuraz behintzat Estatu espainolak erabilitako jokabidetik urrun daudenak. Lehena, «askatasunaz gabetutako pertsona gehiagok zigorrak erdi-askatasuneko erregimenean bete ditzatela lortzea, bai eta horien egoera hobetzea eta, nolanahi ere, haien gizarteratze eraginkorra lortzea ere».

Honi dagokionez, gogoan hartu behar da Bilbon transferentziaren berri ematean Miquel Iceta ministroak esan zuena: preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika Madrilek gidatuko duela eta espetxeetako erabakiak Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak zuzendu ditzakeela azken instantzia gisa, orain arte bezala.

Katalunian preso izan ziren buruzagi independentistekin gertatu zena ekar daiteke gogora, aurreikuspen bat egiteko: espetxeetako tratamendu batzordeek hirugarren gradua eman zieten behin baino gehiagotan, baina gero sarri Estatuko erakundeek bertan behera utzarazi zituzten.

Emakumeak, adingabeak...

Gainerako lau helburuak, lehenengo honekin uztartuta, honela laburbiltzen ditu Lakuako Gobernuak: «Gizarteratzeko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonen konpromiso eta eskakizun pertsonalak; biktimen eskubideak eta interesak egokiago babestea; segurtasun publiko handiagoa lortzea; eta espetxe sistemari eta zigor-betearazpeneko sistemari dagokionez, herritarrek gogobetetasun eta pertzepzio handiagoa izan dezaten lortzea».

Ildo horietatik abiatuta, zenbait neurri zehazten ditu planak, espetxe eredu berria gauzatze aldera: emakumeei arreta berezia ematea, jasaten duten diskriminazioa arintzeko; adingabeen interesa lehenestea; gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten eta 70 urtetik gorakoak diren presoen «arazo espezifikoari heltzea»; «iraupen luzeko kondenak dituzten pertsonen birsozializazioa aztertzea»...

«Erdi-askatasuneko erregimenari» buruz neurri zehatzen bat edo beste aipatzen da idatzian. Esaterako, bost urtera arteko zigorra duten pertsonak hirugarren graduan sailkatuko lituzkete hasiera-hasieratik.

«Gaixotasun mentalak dituzten pertsonak osasun zentroetan integratzea» da beste bat: «Baliteke kondenatutako pertsona batzuk ospitale-zentro egokietan ospitaleratzea».

Unai Fano, hirugarren gradutik bigarrenera, salbuespenaren isla

Unai Fano Aldasoro euskal preso politikoa Basauriko espetxera itzuli zen asteartean, bigarren graduan, pandemia zela-eta berrogeialdia igarotzeko isolamendu erregimenean, Etxeratek atzo jakinarazi zuenez. Ohar batean azaldu zuenez, Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioaren autoak fiskalaren helegitea baietsi eta, horrela, bi aldiz onetsitako hirugarren graduan aurrera egitea eragozten dio.

Fano, 2008tik espetxean dagoena, urtarrilean atera zen, Basauriko kartzelak proposatuta eta Espetxe Idazkaritza Nagusiak berretsita hirugarren graduan sailkatu ostean. Egunero itzultzen zen espetxera lotara. Ekainaren 6an, Espetxe Idazkaritza Nagusiak administrazio-ebazpen berri bat eman zuen, 86.4 artikulua aplikatuz, hirugarren gradua mantentzeko eta espetxean lo egitetik salbuesteko kontrol telematikoa eginez.

Basauriko Tratamendu Batzordeak euskal presoak graduan aurrera egitea erabaki zuen, baina horri Fiskaltzak jarritako errekurtsoa onartu ondoren iritsi da Auzitegi Nazionalaren autoa.

Etxeratek nabarmendu zuenez, auto horrek baliorik gabe uzten du Espetxe Idazkaritzaren lehen ebazpena; ez, ordea, bigarrena eta, beraz, ebazpen judizial honek ez luke Fanoren hirugarren graduan eraginik izan behar, sailkapen horri eutsi behar baitzaio. Bere iritzian, auto hau «salbuespenezkoa da salbuespenaren barruan; duela bederatzi hilabetetik kalean zegoen pertsona baten birgizarteratze eskubidea urratzen du».

Bestalde, elkarretaratzeak egin ziren bart presoen etxeratzea eskatzeko: 15 lagun batu ziren Irurtzunen, 78 Lekeiton, 45 Bergaran, 30 Getarian, 92 Zarautzen, 35 Mutrikun, 60 Amurrion, 56 Ugaon, 105 Ondarroan, 111 Errenterian, 57 Algortan, 87 Etxarri-Aranatzen, 25 Arbizun, 52 Oñatin, 62 Durangon, 380 Gasteizen, 105 Iruñean, 78 Galdakaon, 24 Antzuolan, 35 Deban, 19 Beran, 20 Legorretan, 45 Zornotzan, 175 Hernanin, 44 Oiartzunen... GARA