Xole ARAMENDI ALKORTA
JOSE LUIS ZUMETARI OMENALDIA

BERE OHOREZ TOPA EGINEZ EMAN ZIOTEN AZKEN AGURRA ZUMETARI

EPITAFIOA ESANA UTZI ZUEN JOSE LUIS ZUMETAK: «AUKERAN TABERNAN NAHIAGO». ETA FAMILIAK GONBIDATUTA, HAREN OHOREZ TOPA EGIN ZUTEN OMENALDI AMAIERAN BERTAN BILDUTAKOEK. BERAK EGINDAKO MURALAREN GERIZPEAN JASO ZUEN ZUMETAK IAZ IZURRIAK ERAGOTZITAKO OMENALDIA. BERE IZAERAREKIN BAT EGINEZ, XUMEA IZAN ZEN EKITALDIA.

Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrak merezitako omenaldia jaso zuen atzo. «Iaz, egoerak behartuta, oso pertsona gutxi elkar gintezkeen eta, oro har, familia gutxik izan genuen dolua egiteko aukera; zikloa ixteko beharra genuen», aitortu zion GARAri Usoa Zumetak, artistaren alabak.

Begiak irriz irudikatu genuen Zumeta, dagoen tokian dagoela, bere lagun Mikel Laboaren izena daraman plazara begira. Pozik, ekitaldiari amaiera emanez senitarteko, lagun eta herritarrak tragoxka baten inguruan bildu zirela ikustean. «Denok harrapatu gintuen ezustean aitaren heriotzak, baina berak bazekien lehen lerroan zegoela eta, Herman Melvilleren Bartleby eskribatzaileari zerbait egiteko eskatuz gero honek ‘aukeran nahiago ez’ erantzuten zuen bezala, aitak bere epitafioa esana utzi zigun: ‘Aukeran tabernan nahiago’. Beraz, animatzen zaituztet zerbait hartzera eta ‘Zumeta in memoriam’ topa egitera», egin zuen gonbita omenaldi bukaeran Usoa Zumetak.

Berak hartu zuen hitza familiaren izenean. Bertan izan ziren beste hiru seme-alabak ere, Louise, Eneko eta Monika.

Hainbat kulturgilek ere ez zuen hutsik egin hitzordura. Omenaldian izan ziren Ruper Ordorika, Koldobika Jauregi, Juan Carlos Perez, Jesus Mari Lazkano, Antton Olariaga, Marisol Bastida –Mikel Laboaren emaztea–, Joseba Tapia eta Ainize Txopitea, besteak beste.

«Eskuzabala zentzu zabalenean, parekoarekin aurreiritzirik gabea, jakin-min handikoa, dramatismoa batere maite ez zuena. Horrelakoa zen aita», nabarmendu zuen Usoa Zumetak bildutakoen aurrean irakurri zuen idatzian.

Eta lagunartekoa. «Herri giroa maite zuen hiriko bizitza bezainbeste», gogoratu zuen. Usurbilen –museko lagunak–, Malloetan –artistak eta pilotakoak– zein Buenos Aireseko egonaldietan ondoan izan zituen kideak gogoan izan zituen Usoa Zumetak. Baita kulturgintzan bidaide izandako hainbat sortzaile ere.

Jesus Mari Lazkanok Zumetari buruz NAIZen argitaratutako artikuluko pasarteak ere irakurri zituen alabak. «Zumeta ezinbestekoa da eta gure artean egon izan ez balitz geuk asmatu beharko genukeen», zioen Bergarako margolariak artikuluan.

Izan zuen literaturatik omenaldiak. Bernardo Atxagak Zumeta lagunari “Papiroak” sailaren katalogorako idatzitako “Hans Menscher” ipuina –gero “Obabakoak” (1988) liburuan argitara eman zuena– irakurri zuen.

Baita musikatik ere. Batetik, Mikel Telleriak “Zumeta” abestia kantatu zuen, artista zendu zenean sortua. Gari eta Josu Zabala Hertzainak taldeko kideek ere parte hartu zuten ekitaldian.

Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrietaren hitzek osatu zuten txalapartarekin hasi eta aurreskuarekin amaitu zen omenaldia. «Ezin da Usurbil ulertu Zumeta gabe», adierazi zuen, bien arteko sinbiosia nabarmenduz; «gure herriaren izaerari arnasa emateraino».

2020ko apirilaren 23an zendu zen Zumeta 81 urte zituela, Donostiako Gros auzoan zuen etxean. Handia zen egun hartan euskal kulturgile zein herritar ugarik adierazitako atsekabea. «Ederra izan zen murala lorez eta kolorez gainezka ikustea», aitortu zien herritarrei Usoak horma-irudiaren aurrean.

Bizitza bat margoari emana

Artista zen bokazioz. Eskulturan eman zituen lehen pausoak, baina margolari izatea erabaki zuen hamasei urterekin. Eta nabarmentzeko ibilbidea egin zuen. Frankismo garai ilunetik urrun, Europara jo zuen, haize berrien bila. Parisen, Londresen eta Stockholmen egin zituen egonaldiak –Vespan joan zen JoxAnton Artzerekin Stockholmera–. Han ikusi eta ikasitakoak Euskal Herrian bide berriak urratzera eraman zuen. Donostian ikusgai jarri zuen margoak hautsak harrotu zituen; «eskandalutzat» jo zuten hiritarrek.

XX. mendeko euskal artearen abangoardiaren ikur nagusietakoa bihurtu zen. Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen eta ondoren Ez Dok Amairu taldeko kide ere izan zen.

Eta ezin ahaztu, bizitza osoan jendartearekiko erakutsi zuen konpromiso irmoa. GARAri bidegabeki egotzitako zorrari aurre egiteko, artearen bitartez gauzatutako elkartasunezko ArteaGara ekimenean ere parte hartu zuen, espresuki serigrafia bat eginez.

Figurazio, espresionismo eta abstrakzioaren uretan aritu zen igerian Zumeta. Esperimentazioan, etengabeko bilaketan.

Izan ere, margotzea abentura zen Zumetarentzat. Intuizioz koloreak berak gidatutako arrastoari jarraiki. «Kolorerik gabe ezin dut sinetsi, eta sinetsi edo sentitu gauza bera da niretzat», zioen usurbildarrak.

«Zumetarentzat koadroak aukera guztiak ezkutatzen ditu; berak gida zaitzan utzi behar duzu. Bere jarrera umila, isila, langilea, artista bere margoaren aurrean bere estudioko babesean», zioen Lazkanok atzo Usoa Zumetak irakurritako beste pasarte batean.

Sortzaile nekaezina, ez zion utzi proiektu berriak sortzeari azken hatsa eman bitartean.