Iurre BIDEGAIN (KAZETA)
BAIONA

La Table du Soir elkarteak urte osoan banatuko ditu otorduak

Orain arte neguan afariak banatzen zituen Baionan La Table du Soir elkarteak, azaroaren 15etik martxora bitartean. Aurrerantzean, baina, Point Accueil Jour eguneko harrera gunearekin hitzartutako lankidetzari esker, bazkariak ere banatuko dituzte eta urte osoan izanen du segida zerbitzuak. La Table du Soir elkarteko presidente Jean-Michel Prietok nabarmendu duenez, luzapena behar-beharrezkoa zen, «jende anitz bizi baita prekaritatean Baionan ere».

Beharra benetakoa da. «Jende anitz prekaritatean bizi da Baionan ere», azaldu du La Table du Soir elkarteko presidente Jean-Michel Prietok. Azaroaren 15ean hasiera emanen diote negu garaian iragan ohi den sasoiari, baina aurten zerbitzua ez da martxoan geldituko. Hain zuzen, Baionako Point Accueil Jour eguneko harrera gunearekin hitzartutako lankidetzari esker apirilaren 1ean segida emanen diote otordu banaketari.

1993az geroztik afariak banatzen ditu neguko sasoian La Table du Soir egiturak. Jean-Michel Prieto 1998an sartu zen elkartean eta garaian jada bazuten, neguko zerbitzuaz gain, urte osoan beharretan diren pertsonak laguntzeko bazkariak banatzeko ideia. Orain arte, baina, ez da posible izan. «Iaz neguko sasoiaz gain, bi hilabetez luzatu genuen zerbitzua anitz sufritu gabe, laguntzaileen %99 lan egiteko prest egon zirelako. Pentsatzen genuen botere publikoek beren gain hartuko zutela urte osoko zerbitzua, baina ez dute egin», aipatu du.

Presidenteak argi zuen neguko lanaz gain bazkariak banatzeko erabakia hartzen bazuten ez zituztela banatuko La Table du Soir elkartearen egoitzan. Gisa berean, ez zieten neguko laguntzaileei urte osoko presentzia eskatu nahi. «Partaideak bilatu ditugu eta Point Accueil Jour eguneko harrera gunea prest agertu da», azaldu du. Hori dela eta, apirilaren 1etik aitzina astelehenetik ostiralera bazkariak La Table du Soir bertan kozinatuko dituzte eta, eguerditik aitzina, Point Accueil Jour gunean banatuko dituzte, Lesseps kaian.

«Negutik at ez badiegu otordu bat eskaintzen, ez dut erraten gosez hilko liratekeenik, baina bai ez luketela otordu oso bat izango. Otordu sinple, on, kalitatezko eta bero bat. Hori da gure xedea», nabarmendu du.

Krisi sanitarioaren eragina

Krisi sanitarioaren eraginak ongi ikertzeko goiz iruditzen bazaio ere, iaz 10.000 afari banatzetik 25.000 afari banatzera pasa dira. «Anitzek, ostalaritzan eta garbiketan zituzten lanei esker, gugandik urrun egotea lortzen zuten. Pertsona horiek, baina, jarduera eten zenez, gure artean ikusi ditugu. Badirudi udaz geroztik aktibitateak berriz abiatzen direla eta espero dut pertsona horiek etorkizuna beren esku izanen dutela eta ez ditugula berriz ikusiko mahaiaren inguruan», aipatu du Prietok.

Lankidetza beharrean direnak laguntzeko lan egiten dutenen arteko kohesioa indartzeko baliagarria izanen dela uste du Prietok. Hain zuzen ere, La Table du Soir elkartearen eta Point Accueil Jour gunearen arteko lankidetzaz gain, Baionako Elikagai Bankuak ere parte hartuko du ekimenean janaria emanez.