Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Harri berarekin estropezu egin

Orain bi aste Arga ibaiak gainezka egin zuenean Iruñean, Enrique Maya alkateak guri, meteorologooi bota zigun errua, guk esan genuena baina ur kantitate gehiago erori zelako. Ba ez, Maya jauna, ez zen gure errua izan. Gu astebete lehenago abisatzen hasiak ginen etor zitekeenaz eta egun gutxi lehenago baieztatu genuen gertatuko zena. Zein izan zen bere argudioa? 350 hektometro kubiko ur beharrean, 500 hektometro kubiko bota zituela. Ba guk esan genuen lehen zifra nahikoa zen jakiteko ibaiak gainezka egingo zuela, beraz, ez dago aitzakiarik. Ezin da bere eraginkortasunik ezaren ardura besteengan jarri.

Baina arazo nagusia ez da hori. Arazo nagusia da behar ez den lekuetan eraikitzera ohituak gaudela. Ibaiak bere ibilgu nagusitik ateratzen ditugu, landaredia naturala suntsitu eta dena zementuz betetzen dugu, urpean gera daitezkeen eremuetan etxebizitzak, lantegiak, eta abar eraikitzen ditugu.

Behar den lekuan eraikiko balira gauzak, uholdeekin zerikusia duen arazo oro saihestuko genuke eta kalte ekonomikoak ekidin. Baina behin eraikita dauden lekuetan ere badago zerbait egiterik: ibaiak garbitu, sakondu... baina askoz errazagoa da ezer ez egin, errua besteei bota eta gobernu zentralari dirulaguntzak eskatzea, berak ezer egin ez balu bezala geratuz.

Agintariek ez dute ikasten eta badirudi gustura daudela harri berberarekin bi, hiru edo lau aldiz estropezu egiten.