Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Eguzkia eta azala

Orain egun gutxi, lagun batek esan zidan eguzkiak indar gutxi ote zeukan irudipena zuela. Baina ez da hala. Urte sasoi honetan eguzkiak jada indar handia du eta, nahiz eta irudipena izan ez duela jotzen, ederki jotzen du. Horretan eragile nagusia denaz hitz egingo dugu: izpi ultramoreez.

Eguzki-erradiazioa bi zatitan banatzen da: ikusten dena eta ikusten ez dena (izpi ultramoreak). Euskal Herrian eragin zuzena dute udan. Eguzki izpiak oso zuzen sartzen dira atmosferan barrena eta, horrela, atmosfera kantitate txikiagoa pasatu behar dutenez, indartsuago sartzen dira. Neguan, aldiz, izpiak zeharka sartzen direnez, ahulduta iristen dira.

Izpi hauek beti dute arriskua, baina arriskutsuen udaberria aurreratzen denean izaten dira. Zergatik? Gure azala hilabete batzuetan eguzki izpiak jaso gabe egon delako eta sentikorrago dagoelako. Beraz, kontuz egun hauetan eguzkia hartu behar baduzue.

Erretzeko aukera handienak altueran gora eginez gero dauzkagu. Mendian izpiek indar handiagoa dute, atmosfera gutxiago pasatu behar baitute. Aldiz, aukera gutxiago hondartzan dugu. Hala ere, beharrezko babes neurriak hartu gabe edonon erre gaitezke eta asko, baita zeruan laino geruza fin bat badago ere.

Egun hauetan eguzkia hartzeko asmoa baduzue edo eguzkitan denbora askoan egon behar baduzue, babes altuko kremak eman, orain azala oso sentikor baitago.