Iraide IBARRONDO
BILBO

Bizitza garestitzearen aurka mobilizatu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Energiarako eskubidea, aberastasunaren banaketa eta zerbitzu publikoak aldarrikatu dituzte, besteak beste, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Hego Euskal Herrian deitutako manifestazioetan.

Bilboko, Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko kaleak bizitzaren garestitze orokorra gaitzesteko aldarrikapenekin bete ziren atzo. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu zituen lau hiriburuetako mobilizazioak, eta inflazioaren aurrean, kalitatezko zerbitzu publikoak, energiarako eskubidea eta eros ahalmenari eusteko neurriak eskatu zituzten, besteak beste, bertaratutakoek.

Hori horrela, manifestarien eskakizunak sei bloke nagusitan banatu ziren: langileen eros ahalmenaren babesa, zerbitzu publikoen defentsa, energiarako eskubidea, babes sistema hedatzea eta sakontzea, aberastasunaren banaketa eta burujabetza.

“Bizitza duinak ez du preziorik” lelopean, herritarren eros ahalmenaren babesa izan zen mobilizazioen aldarrikapen nagusietako bat.

Izan ere, Bilboko manifestazioa Arriagatik abiatu baino minutu eskas batzuk lehenago egindako adierazpenean, Marije Etxebarria Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bozeramaileak salatu zuen, agintariek esandakoa ez bezala, inflazioa ez dela «koiunturala» ezta «Ukrainako gerrak» eragindakoa ere, baizik eta, «egiturazkoa» dela.

Hori horrela, iazko inflazioa % 6,5 izan zela deitoratu zuen Etxebarriak, eta aurtengo KPIa (Kontsumorako Prezioen Indizea), jaistetik urrun, % 9,8ra iritsi dela. Beraz, horri aurre egiteko xedez, soldatak KPIaren arabera egunera daitezen eskatu zuen.

Ildo beretik, mobilizazioan izan zen Mari Carmen Barriocanalek, Bizkaiko Garbikuntza Sektoreko kideak, pankarta eskuan, beharginak eros ahalmenaren «galera basatia» pairatzen ari direla kritikatu zuen.

Energiarako sarbide unibertsala izan zen mobilizazioetan mahaigaineratutako beste eskaera bat. Etxebarriak «bidezko trantsizio ekologiko» bat behar dugula azaldu zuen: «Biztanleriaren gero eta zati handiago bat ari da pobrezia energetikoa sufritzen eta arazo larri horren aurrean, garaia da egiturazko neurriak hartzeko eta produktu energetikoen prezioak mugatzeko».

Siemens Gamesaren aferaren inguruan, Etxebarriak adierazi zuen egoera «lotsagarria» dela. «Energia eskubidea bermatzea eskatzen dugu, eta horretarako, sektore energetikoaren publifikazioa behar dugu, kontrol publiko eta soziala, baita trantsizio ekologikoa demokratikoki planifikatzeko bide orria ere», adierazi zuen.