Maite UBIRIA
BAIONA

Zerrenda bateraturako prest dela erantzun dio EH Baik Espagnaci

Euskal Herria Bai-ko militanteak Senatu frantsesari begira «ezkerreko aliantza sortzearen alde» azaldu ziren Saran eginiko ezohiko biltzarrean. Frederique Espagnac senatari sozialistak eginiko eskaintza, hots, zerrenda bateratua aurkeztea, aztertu du EH Baik.

EH Bai-ko militanteek Espagnac sozialistak eginiko eskaintza onartzearen alde bozkatu zuten, Saran.
EH Bai-ko militanteek Espagnac sozialistak eginiko eskaintza onartzearen alde bozkatu zuten, Saran. (@EHBAI)

Euskal Herria Bai-ko militanteak Senatu frantsesari begira «ezkerreko aliantza bat sortzearen alde» azaldu ziren iragan larunbatean Saran eginiko ezohiko biltzarrean.

Zuhurki bada ere, duela zenbait hilabetetatik abian dira Senaturako bozak prestatzeko mugimenduak; heldu den irailaren 24an izanen dira.

Hauteskunde Legeak dioenez, frantziar legebiltzarkideek, eskualde- eta departamendu-kontseilariek eta, finean, udal kontseiluetako ordezkariek eskubidea dute Senatu frantseserako bozetan bozkatzeko.

Herri txikietan auzapezak ematen du botoa, baina herri ertain eta hirietan zinegotziek ere bozka dezakete, baldin eta udalbatzak hala deliberatzen badu. Aste honetan bertan argituko da zein ordezkari zehatzek parte hartuko duten iraileko bozketan.

Heldu den ostiralean, hauteskunde-kolegioa osatzeari begira bilerak eginen dituzte Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko toki-erakundeek.

Horren atarian deitu zuen EH Baik bilkura berezia Saran, baina lehenagotik hasia zen hautetsiek soilik parte har dezaketen boz horien gaineko iritzi-trukeetan.

Orotara molde deszentralizatuan 17 bat bilera egin dituztela zehaztu zion atzo arratsaldean GARAri Nikolas Blainek. Edonola ere, lehenik eta behin, Senaturako hauteskundeek duten izaera «ez demokratikoa» kritikatu zuen EH Baiko eledunak, alderdia berak lehenago plazaraturiko agiriarekin bat eginez.

Hori esanda, Euskal Herria Baik iazko azaroaren 26an Baionako Elkarteen Etxean egin zuen lehendabiziko kongresuan finkatu zituen helburuez mintzatu zen Nikolas Blain, iraileko bozetan parte hartzeko militanteek Saran berretsi zuten erabakia azaltzean.

GEHIENGO ZABALA.

Oren eta erdiko eztabaidaren ondotik bozketaren emaitzak «adostasun maila handia» erakutsi zuela baieztatu zuen Blainek, eta %87k ezkerreko aliantza eratzeko proposamena babestu zutela zehaztu du.

«Gure kongresuak eman zigun agindu zehatzari erantzunez, gure herriaren aldarrikapenak aitzineratzeko eragin dezakegun tokietan presente izateko hautua berrestera dator orain hartu dugun erabakia» nabarmendu zuen Blainek.

Hala ere, aitortu zuen ez zela nolanahiko urratsa Estatuko ezkerreko indarrekin batera aliantza eraikitzeko aukera aztertzea. Hala ere, «gure aldarrikapenak aitzineratzeko xedez bidelagun berriak xerkatzea deliberatu genuen kongresuan, eta hautu hau norabide horretan kokatu behar da», defendatu du.

Ezinbestean, udal, departamendu zein legebiltzarreko bozetan 2020. urtetik hona EH Baik izan duen gorakadaren ondorio da erabakia. Indartze horrek «Senaturako hauteskundeetan bozkatu ahal duten gure hautetsien kopurua haztea ekarri du eta gure eragiteko gaitasuna biderkatu da», laburbildu du EH Baik.

«80 eta 90 hautetsi artean». Kalkulagailua hartuta, Frederique Espagnac jarduneko senatari sozialistak egindako eskaintza ontzat eman ondoren, ezkerreko abertzaleek ostiraleko udalbatzarren ondotik mahai gainean jar dezaketen ekarpena zehaztu du Blainek.

Behin tramite hori beteta, zerrenda osatzeko eta, batez ere, oinarrizko akordioa adosteko tenorea helduko da. Aurreikus daiteke ez dela samurra izango «hautagai abertzale baten parte-hartzea bermatuko duen zerrenda» negoziatzeko prozesua. Gainerako ezkerreko alderdiekin hitz egiteko «borondate eta irekidura» mahaigaineratzen ditu Blainek, «ekainean zehar» garatuko den elkarrizketaren atarian.