GARA
DONOSTIA

«Ezberdinen arteko» Aberri Eguna egingo du Euskal Herria Baterak bezperan

Garai eta Epelde, ekimena aurkezten.
Garai eta Epelde, ekimena aurkezten. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bihar, Aberri Egunaren bezperan, Euskal Herria Baterak ekitaldia egingo du Bilboko Campos Eliseos antzokian euskal eragile politiko eta sozial guztien Aberri Egun bateratu gisa. «Ezberdinen arteko» bilkura bilaka dadin nahi dute, Estitxu Garai eta Mireia Epelde ekimeneko kideek NAIZ Irratian azaldu zutenez.

Iaz egin bezala, sakabanaketarik gabeko Aberri Eguna egingo du bihar Euskal Herria Batera ekimenak, horrek, besteak beste, «nazioaren erabakimen gaitasuna sakondu» dezakeela sinistuta. «Nazioak nazio izango badira euren egun nazionalak izan eta ospatu behar dituztela uste dugu», adierazi zuen Mireia Epelde txirrindulari ohiak.

Jon Maia bertsolariak ondutako gidoiari jarraiki, «ekitaldi antzeztua» izango da Bilbokoa, iragarri zutenez. Adierazpena irakurriko dute Estitxu Garaik eta Iñaki Goirizelaiak, eta Bilboko Udaleko jarduneko alkate Amaia Arregik harrera egingo die bertan bilduko diren abertzaleei. «Ekimen polita izango da aurtengoa, nazio errelato bat eta etorkizunerako asmo bat irudikatuko delako», agertu zuen Estitxu Garai kazetariak.

Euskal Herria Baterak alderdi politiko guztiak gonbidatu ditu biharko ekitaldian parte hartzera, jakitun bada ere bakoitzak «interes propioak» dituela eta azkenaldian «indibidualki» jokatzen ari direla, Garairen esanetan. «Baina guk uste dugu denok batera indarra eginez gero gauzak errazagoak izan daitezkeela», baieztatu zuen kazetariak.

«Orain hauteskunde giroan gaude eta oso nabarmena da azpimarratzen dela zer den ezberdintzen gaituena. Baina ezberdintasun horiek guztiak barne hartzen dituen aberri bat eraiki behar dugu. Gutxieneko adostasun hori mahai gainean jartzeko gai bagara, Aberri Eguna batera ospatzeko gai izango gara», berretsi zuen Epeldek.

PANDEMIATIK HONA

Koronabirusaren pandemiaren garaian sortu zen Euskal Herria Batera egitasmoa eta, orduan, Euskal Herri osoan Aberri Eguna aldi berean eta modu bateratuan ospatzea lortu zen. «Hori duela gutxi arte pentsaezina zen», goratu zuen Epeldek.

Orain, gauzak «zail» daudela aitortu zuten, baina esparru ezberdinetatik gero eta babes gehiago jasotzeko lanean ari direla jakinarazi zuten.

«Ekimen hau sortu genuenetik, helburua beti izan da urtez urte norabide berean arraun egitea eta ahalegintzea Aberri Egun bateratu bat posible izan dadin oinarria jartzea. Uste dut helburu hori betetzen ari garela. Urtero gauza berritzaileak egiten saiatzen gara», adierazi zuen Estitxu Garaik irratian.