Jon GARMENDIA
Idazlea

Zentroa

Eztabaida lagunartean; aspaldiko partez, ifrentzu horretan aritu ginen larunbatean. Kapitulu berri bat gure «norguayagokan». Euskal Herriko zentroa zein den. Hau dialektikaren probalekua. Jakina, hemen bakoitzak bere mapa darama buruan, oinekin ibili duten lurraldez osatua, edo ideia determinatu baten araberakoa. Nire mapak zazpi herrialde ditu, argitzen ari zaion etorkizun bat itzaltzen ari zaion hizkuntzarekin batera. Hortxe ene kontrobersia. Baina, geografikoki, Euskal Herriko erdigunea Aralar dela erran nuen konbentzimenduz. Xabierrek ezetz, Agina dela zentroa, hala erakutsi ziola aitak, eta orrialde batean mapa marrazten hasi zen, ikurrinaren gurutze erdian puntu bat kokatu eta «zentroa hau da» emozioz erranaz. Lesakan, Aiako hiru harriei begira, Irumugarrietari, Txurrumurruri eta Erroilbideri, hortxe. Jorge Oteiza handiak Aita Donostiaren omenez sortutako oroigarriaren hurbil. «Txori kantazale ederra, non ote aiz kantatzen?» idatzia du harlauza beltzeko estelak, eta frankistei ihesi Hendaian erbesteratutako Luis Vallet de Montano arkitektoaren kapera dago oroigarritik hurbil. Hala azaldu zigun Jabierrek, arkitektoa bera ere, “Quousque tandem”-en aztertzaile. Zortzigarren mugarrian konexioa ikusten dela, itsasora begira, antzinako harrespiletan. Misterioa. Bukatzeko, Mikel Laboaren errautsak oroigarritik gertu zabaldu omen ziren. Hau bai zentroa. Baina egun, zentroa EAEko hauteskundeak direla erran zuen Julenek. Auskalo.