Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Gezurrak

Kontalarien artean klasiko bat da Jean-Claude Carriere idazlearen “Gezurtien zirkulua” liburua. Mundu osoko herri ipuinak biltzen ditu; idazleak berak dioenez, berari kontatutakoak eta bi mila liburu baino gehiagotatik ekarriak.

Egileak urteetan egindako bilduma horren izenburua deigarria egin zitzaidan lehenengo unetik, eta liburua zabaldu aurretik gogoetarako bidea eman: Kontalariok gezurtiak gara? Kontakizunak gezurrak dira? Istorio zahar horiek badaramatzate beren baitan gizakiaren kezkak argitzeko bideak, bizitzaren eta izatearen egia bilatzeko nahia. Kontalariak, gezurti halakoak, entzuleari horiek eskainiko dizkie, nork bere gogoetak egin ditzan. Eta hori guztia hitzaren eta esatearen edertasunaren bitartez egiten ahaleginduko da. Kontakizunaren gezurrak mundu harrigarrietan barneratzen gaitu, mundu errealaren egia bilatu nahian.

Egunotan, ordea, bestelako gezurtien zirkulua ezagutzen ari gara. Bizi dugun jendartearen kezka eta galderei erantzuna elkarrekin bilatu beharrean, hitz ustelak zabaltzen dituztenak; etorkizun hobe baten bilaketan baino, amarruen itsuskerian dabiltzanak. Ipuinek arnasa luzea ekartzen dute, zintzotasunez kontatuz gero; horien gezurrek, berriz, hanka motzak dituzte. Etorkizunik gabeko istorioak dira, ezer aldatzea bilatzen ez dutenak.