NEREA LAUZIRIKA

Memoriaz hausnartzeko gonbita egiten du Pello Lizarraldek «Lanbroa» liburuan

Nobela berria dakar Pello Lizarralde idazleak: «Lanbroa». Memoria ardatz hartuta, hainbat galderaren inguruan idatzitako liburua da, itaunak erantzun ordez, irakurleari galderak proposatzen dizkiona. Gertaera bera bi ahotsetan kontatu du Erein argitaletxearen eskutik argitaratutako obra honetan.

Lizarralde, Donostiako aurkezpenean.
Lizarralde, Donostiako aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Nobela berria aurkeztu zuen atzo Pello Lizarraldek, Donostiako Udal Liburutegian: “Lanbroa”. Inazio Mujika editorearekin solasean eman zuen obraren xehetasunen berri.

Gizon baten eta emakume baten ahotsak aldizkatzen dira narrazioan, lehen pertsonan oroitzapen berari heltzen diotenak, nork bere ikuspuntutik. Lizarraldek aitortu zuen zaila egiten zaiola lehen pertsonan idaztea; are gehiago, bi pertsonaiaren ahotik kontatutako istorioa bada, ez baita erraza bakoitzari bere nortasuna ematea.

Liburua orainaldian hasi eta bukatzen dela azaldu zuen idazleak, baina iraganaz ari den kontakizuna da.

Larunbat arratsalde batez merkataritza gune batean elkar ikusi dute emakume batek eta gizon batek, begiradarik gurutzatu gabe. Topaketak asaldatu ditu eta etxera joateko beharra sentitu dute biek. Ordu batzuk eman zituzten elkarrekin duela 20 bat urte, eta bakoitza bere aldetik biziberritzen joango da orduan jazotakoa. «Lanbropean eta ihesean eman zituzten ordu batzuk, muga oso lauso baten bila», zehaztu zuen Lizarraldek.

Idazlearen arabera, batzuetan ahaztu egiten dugu ahanzturak berak salba gaitzakeela eta bizitza eramangarriagoa egiten ere lagundu dezakeela. Liburuan, bi protagonistak «derrigortuta daude gogoratzera, batetik, pentsatuz behin betiko utziko dutela aspaldiko iluntasun hori, eta behartuta egon ziren, bestalde, aurrera egingo bazuten, ahaztera».

Autoan ihesean zazpi bat ordu eman zituzten protagonistek elkarrekin. Behartutako bidaia izan zen, inola ere ez aukeratua, eta «batek bestearen patua markatzen du». Iraganean jazotakoaren oroitzapena da kontatzen dena, baina orainetik, idazleak azpimarratu zuenez. «Hura gertatu zen eta uste zuten ahaztua zutela, konbentzituta zeuden harik eta elkar topatu arte», azaldu zuen Lizarraldek.

«Lehen orriak irakurrita izan dezake norbaitek tentaldia irakurketa politiko bat egiteko», baina azalean geratu beharrean «hurrengo geruzara» joateko gonbita egin nahi izan zuen idazleak. Izan ere, memoriaren kontzeptuaren inguruan hausnarketa egiteko abagunea ematen duen liburua da, gai horri buruzko galderak planteatzen baititu Lizarraldek obran, bere interes propioen isla direnak: «Niri galderak interesatzen zaizkit, zailak egiten zaizkidanak, erantzun bat baino gehiago dutenak».

Memoria zentzu irekian jorratu nahi izan du, idazlearen beraren arabera «eremu zabala» hartzen duelako: «Ez ditu adiera gutxi». Kontzeptuari garrantzia eman nahi izan dio, pasatu gabe, betiere. «Uste izaten da garai batean okertu den hori zuzen dezakeela memoria jardunak; ez da beti hala izaten, baina memoriaren garrantzia ukaezina da, eta neurri batean denok memoria hutsa gara».

Hain zuzen ere, liburuak ez du erantzunik edo proposamenik planteatzen; galderak, ordea, ugari, gehienak bata besteari lotuak daudenak: «Gai ote gara nahi duguna ahazteko? Gai ote gara nahi duguna gogoratzeko?»; «ahazten den hori eta gogoratzen den hori, non eta noiz arte geratzen da?»; «zer galtzen dugu ahazten gaituztenean eta zer irabazten dugu ahazten dugunean?»; «zer egin nuen eta zer egin zidan?»... Horretaz guztiaz hitz egiten du liburuak, lanbroa bera metaforatzat hartuta.

POESIAREKIN HASI, NARRATIBAREKIN JARRAITZEKO

1978an argitaratu zuen “Hilargiaren hotzikarak” poema bildumarekin egin zen ezagun Lizarralde. Aipatu beharra dago hura izan dela idazlearen saio bakarra poesian, haren ostean narratiba landu baitu, batez ere. Zazpi eleberri eta bi ipuin liburu kaleratu ditu geroztik. Tartean da “Larrepetit”, 2003ko Euskadi saria irabazi zuen nobela.