Jon ORMAZABAL
PILOTA

Altuna: «Txapelketak prestatzeko asti asko izan dudanetan ez zait ondo joan»

«Faborito argi» bezala ikusten duen amezketarraren aurka ligaxkako lehen jardunaldian jokatu beharra positibotzat jo du Unai Lasok, horrela gainetik kentzen duelako, balizko finalera arte. Onartu du ez dela bere momenturik onenean, baina gogotsu dago.

Unai Laso eta Jokin Altuna, atzo, Bilbon arazorik gabe egindako material aukeraketan.
Unai Laso eta Jokin Altuna, atzo, Bilbon arazorik gabe egindako material aukeraketan. (Oskar MATXIN_EDESA | FOKU)

Txapelketako lehen partidak beti sortzen du kezka berezi bat, are gehiago urtean zehar horren gutxitan jokatzen den Buruz Buruzkoa bada. Zalantza horiek handiagotu daitezke, Jokin Altunaren kasuan bezala, azkenaldian kirolari orok behar duen jarraitutasunik izan ez bada. Baina amezketarra lasai eta konfiantzaz lepo agertu zen igandean, Unai Lasoren aurka jokatu beharreko lehiaren aurretik.

Lau eta Erdikoan izandako sorbaldako arazoak, Binakakoan lehertutako ezker eskuko zaina eta, behin finala jokatuta, dezenteko egurra eman zioten gaixoaldiak ez dio Buruz Burukoa nahiko lukeen bezala prestatzen utzi. «Baina ondo iritsiko naiz. Saiatu naiz aste hauetan fisikoki eta eskuetatik indarberritzen eta ondo iritsiko naiz, aitzakiarik gabe», azaldu zuen Altunak atzoko material aukeraketan.

«Beti esan izan dut, aukeran jarrita, asko entrenatzeko denborarekin edo apenas entrenatu baina txapelketetako finalak jokatuta heldu, bigarrena nahiago dut. Horrek ematen du konfiantza eta denok nahi duguna. Prestatzeko denbora asko izan dudanetan, sekula ez zait ondo irten», gaineratu zuen. Alde horretatik, ez du uste Unai Lasok dagoeneko txapelketan partida bat jokatu izanak mesede handirik egingo dionik nafarrari.

Bizkarreta-Gerendiaingoak ere argi du, aldakako ebakuntzaren ondoren, Binakakoan egindako errodajearen ondoren ez datorrela «ezkutuan, baina aurten ez naiz nire baldintzarik onenetan heldu izandako lesioaren ostean».

Hori bai, bere izaerari leial, gerra emateko asmo irmoarekin parte hartuko du aurtengo Buruz Burukoan. «Hasteko, gogo handiekin nator. Niretzat sari moduko bat da hau. Urte oso zaila izan da eta berriz ere onenen artean lehiatzen aritzea handia da niretzat. Gainera, lehen partidan emandako mailarekin oso gustura geratu nintzen. Egiten ari naizen entrenamenduetan ere oso gustura ari naiz. Lehen helburua fisikoki ondo egotea da eta onenen aurka lehiatzeko moduan ikustea. Partida oso zaila daukat, baina irabazteko aukerak ditudala iruditzen zait».

ALTUNA FABORITO

Hainbeste, ezen, dentistarenganako bisita bezala, lehenbailehen paretik kentzea onuragarria iruditzen zaion Lasori. «Lehenengo partidan pilotaririk zailena paretik kentzen duzu eta ez duzu berriro bere aurka jokatu beharrik, balizko final batean izan ezik», aitortu zuen.

Izan ere, Baikoko aurrelariak Altuna jotzen du txapela janzteko faborito handiena. «Azkenean, uste dut jokatzen dituen partida guztietan dela faboritoa. Erregularrena da, urte luzez erakutsi du, eta nik nire partida egitera joan behar dut».

Amezketarrak aparteko garrantzirik gabe jaso zuen bizkarrean jarri nahi izan dioten zama. «Denbora daramat kantxara faborito gisa irteten. Horrek ez dit aparteko presiorik eragiten. Zama nire gainetik kentzeko ez dizut esango bera denik faboritoa, horrekin ez baita ezer aurreratzen», azaldu zuen Altunak.

Azken urteetan nolabaiteko areriotasuna ikusi nahi izan dute batzuek Altunaren eta Lasoren arteko demetan, enpresa bakoitzeko aurreko koadroetako izarrak izateagatik eta zenbait final eta partida garrantzitsutan topo egin dutelako. Gaur-gaurkoz, ordea, bakoitzak bere partida egitean jarrita dituzte pentsamendu guztiak.

«Nik uste, banaka sakea berebiziko garrantzia hartzen ari dela. Baina hortik aparte, gauza asko egin behar dira ondo. Pilotak gozatu egin behar dira, aurretik pilotari eman egin behar zaio eta gero amaitzen asmatu. Unairen aurka ezinezkoa da partida osoan agintzea. Kontziente naiz nik ere momentu zailak pasatuko ditudala. Une horietan gogor egin, saiatu pilota ahalik urrutien jartzen eta, esandakoa, helburua da partidan zehar agintzea», esan zuen Altunak.

PILOTA EGOKIAK

Materialaren aldetik ez dirudi partida eder bat ikusteko aitzakiarik egongo denik, bi pilotariek oso gustura amaitu baitzuten saskian aurkeztu zitzaienarekin. «Antzeko pilotak dira laurak. Lotea gustatu zait. Nireak agian lurrean pixka bat azkarragoak dira, baina ziur nago, berak aukeratu izan balu lehenengo, hauek aukeratuko zituela», aipatu zuen Altunak. Eta Lasok ere ez zien bainarik topatu, nahiz eta, jokatu ahala, «jaitsiko diren».