Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Gazteentzako baldintza duinak eskatuko ditu Ernaik M1ean

Gazteek dituzten bizi baldintza txarrak salatu eta kapitalismoaren aurrean alternatibak eraikitzeko, Ernaik gazte blokea osatzeko mobilizazioa deitu du: Iruñean, Maiatzaren Lehenean.

Maiatzaren Leheneko mobilizazioa aurkezteko Ernaik Iruñean atzo egin zuen agerraldia.
Maiatzaren Leheneko mobilizazioa aurkezteko Ernaik Iruñean atzo egin zuen agerraldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Maiatzaren Lehenean gazteek bizitza duina aldarrikatuko dutela nabarmendu zuten atzo Iruñean, Ernairen izenean, Ane Alavak eta Goizane Vegasek. «Hilabeteak daramatzagu gazteon prekarizazio orokortuaren prozesua salatzen eta bestelako bizi baldintzak izateko ortzi-mugak markatzen. Maiatzaren Lehenean bide honetan aurrerapauso bat eman nahiko genuke», azaldu zuten.

Hori dela-eta, gazte mobilizazioa antolatu dute Iruñean, LABek deitu duen manifestazioarekin bat eginez. Hitzordua 11.00etan da Trinitarios plazan, gazte blokea osatzeko eta ondoren mobilizazio orokorrera batzeko.

«Gazte udaberria zabaltzen ari da eta horrek gazteok eztabaida politikoaren erdigunea hartu eta protagonista izatea esan nahi du. Horregatik, kapitalari alternatibak loratzeko bildu ginen Lezon. Orain, mugarri berri bat dugu esku artean; bizitza duinaren udaberriaren alde lehen lerroan egoten jarraituko dugu», adierazi zuten Iruñean egindako agerraldian.

BIZITZA ETA KAPITALA

«Bizitza eta kapitalaren arteko talka gero eta bortitzagoa da. Zibilizazio krisi bete-betean gaude. Eta honek forma berezitua hartzen du gazteongan. Sektore zaurgarria izateagatik modu nabarmenagoan kolpatzen gaitu; belaunaldi krisi bat bizi dugu ez baitugu krisia ez den beste egoerarik ezagutu. Emantzipatzeko ezintasunetik hasita, osasun mentalaren eta gaixotasun psikosozialen hazkunderaino antzeman dezakegu gure belaunaldiak muturreko egoera bat bizi duela. Gero eta bortitzagoa den krisi egoera batean aurkitzen gara», salatu zuten.

Errealitate hauek ez direla urrunekoak eta bertan bizi ditugula gaineratu zuten. Nafarroan, adibidez, enpleguaren behin-behinekotasuna %46koa da gazteen artean. Hamar gaztetik lau baino ez dira gai euren bizitza ekonomikoki antolatzeko. Gazteak batez beste 27 urterekin emantzipatzen dira. Honekin batera, landa eremuan gertatzen ari den despopulazioak ere eragin zuzena du gazteengan.

«Egoera honetan gazteok argi dugu: gazteok ezin dugu gehiago. Eta hau iraultzeko determinazio osoa dugu. Argi dugu sistema kapitalistaren garapen mugaezinaren eskutik eratorritako egoera dela. Baita kapitalismoaren mesedetan aritu diren agintari politikoen erantzukizunez. Etekina helburu bakarra duten enpresarien interesa eta statu quoa mantentzeko lan egin duten boteredun guztien erruz. Neoliberalismo zisheteropatriarkalak ez du krisia ez den beste eskaintzarik gazteontzat. Sistema hau ez da sostengagarria eta gazteok ez dugu sostengatuko. Gu dena aldatzeaz ari gara eta horretarako sistema basati honen aurrean alternatiba integrala mahaigaineratzeaz eta aurrera eramateaz hitz egiten ari gara. Alegia, pertsona zapaldurik biziko ez den Euskal Herria eraikitzeaz. Bide bakarra Euskal Herri sozialista eta feminista da», gaineratu zuten.

«Horretarako, gaurtik hasita, gazteon zein herritarron bizitzak hobetzeko neurriak eta urratsak egitea ezinbestekoa da. Duintasuna ez delako zure bikotekide heteronormatiboarekin etxebizitza ordaindu ahal izateko zortzi orduz lan egitea. Duintasuna lortzea Euskal Herriaren burujabetza sozialismotik eta sozialismorako ekitea badelako. Unean uneko neurriak borrokatuz zein gizarteko eremu guztietan eraldaketa kulturalak bultzatuz».