Iraitz MATEO
GAIAREN IZENBURUA

ALDAKETARAKO PLAZA BERRI BAT, EH BILDUREN ESKUTIK

EH Bilduk Gasteizen abiatu zuen hauteskunde kanpaina, eta amaiera Bilbon eman zion atzo. Komunitateari, militanteek egindako lanari eskerrak emateko erabiltzen omen dira azken ekitaldiak. Horretarako baliatu zuten unea Oihana Etxebarrietak, Arnaldo Otegik eta Pello Otxandianok ere.

Bilboko Plaza Barria jendez lepo zegoen atzo iluntzean.
Bilboko Plaza Barria jendez lepo zegoen atzo iluntzean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Plaza Barria eszenatoki berri baterako plaza ederra litzateke. Atzoko iluntzean hori sumatu zen behintzat, EH Bilduren hauteskunde kanpainaren amaierako ekitaldian. Ez dakit aldaketak zein osagai dituen, baina bertan nabari ziren ilusio eta urduritasun nahasketa, edo horrelako zerbait izan daiteke.

Plaza okasiorako prest zegoen ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago. Plaza Barriko etxeetako balkoietan presoen aldeko banderak, eta Sevillako ajea pasatu gabeko Athleticeko ikurrak plazaren inguruan, nafar banderak eta ikurrinak. Zerua urdin eta jendea gainezka. Txarangaren doinuek paseoan zebiltzanen arreta erakarri zuten. Lagun zaharren besarkadek eta kide berrien keinu konplizeek hartu zuten plaza.

Ohiko moduan, hitzartutakoa baino beranduago abiatu zen ekitaldia, ikurrinak astintzearekin batera. Nazioarteko kideen parte hartzea ere egon zen ekitaldian; Etxebarrietak esan bezala «etorkizun aske eta duin batekin amesten dutenak» izan ziren bertan. Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Conor Murphy Ipar Irlandako Finantza ministroak hitza hartu zuten, alderdi subiranistari elkartasuna adierazteko.

EUSKAL HERRIA, NAZIO BAT

Otegik Euskal Herriaren bizkarrezurra herritarrak direla nabarmendu zuen, eta horregatik, herritarrekin hitz egiteaz gain, entzun egin behar zaiela. Behiekin hitz egiten duenik ere badela esan zuen, baina behiak zer erantzuten dion jakin nahiko lukeela aipatu zuen, betiko umorearekin.

Bizkarrezurren harira, ordea, datorren igandean Euskal Herriko hiru lurraldeetako hauteskundeak besterik ez direla adierazi zuen: «Hiru herrialde hauetatik soilik begiratuta, begi bakarrarekin eta okerrarekin ikusiko dugu Euskal Herria. Gurea zazpi lurraldez osatutako herria da. Askapen prozesua da gurea. Egiten ditugun urrats guztiak globalki ulertu eta landu beharko ditugu».

Gasteizko parlamentua abertzalea eta ezkerrekoa izango dela esan zuen Otegik, hori dela «herri mandatua» eta horretarako ezinbestekoa dela EH Bilduren lidergoa. Etorkizuna zenbakietan jartzera ere ausartu zen: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 300.000 boto gainditzeko erronka jarri zuen mahai gainean: «Gasteizko parlamentuan 30 eserlekuetatik gertuago egongo gara 20 eserlekuetatik baino».

«Ari, ari ari, Pello lehendakari» koruak entzun ziren ikurrinen dantzekin batera, eta horrela hurbildu zen EH Bilduko lehendakarigaia mikrofonora.

Otxandianok bidaia azken geltokietara iristen ari dela adierazi zuen, eta bere bidaia pertsonalaren hasiera kontatu zuen: «Nik ez dut nire aurpegia autobus batean ikusten. Bilatu beste bat, mesedez». Hori izan omen zen Otegiri uztailean erantzundakoa; eta EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan zion alderdian jende dezentek bete zezakeela lehendakarigai postua, baina berak ederki asko egingo zuela bazekiela.

ALDAKETA GERTATZEN ARI DA

Eztabaida politikoaren erdigunean alderdi subiranistaren begirada ezartzea lortu dutela aipatu zuen Otxandianok. Urte politikoa hasi zenetik batzuek eta besteek esandakoaren errepasoa egin zuen, labur eta zorrotz: «Irailean konspirazio bat omen zegoen Gobernuaren aurka, sindikatuek eta ezkerreko subiranismoak antolatua. Guk esaten genuen ez dugula jakin etorkizuna prestatzen. Katastrofistak deitzen ziguten. Orain zein da beraien diskurtsoa? Inork ez du zalantzan jartzen Osakidetzan arazo bat dagoela. Orain dela gutxi arte etxebizitza ez zen arazo bat, eta gaur inork ez du zalantzan jartzen hemen arazo bat dagoela eta instituzio publikoen ardura dela. Eta inork ez du zalantzan jartzen politika egiteko beste modu bat behar dela». Ikuspegi aldaketa egindako lan politikoaren ondorioa dela txalotu zuen.

Aldaketen inguruan hitz egitean, «jada gauzak aldatu» direla nabarmendu zuen. «Leku berri batera iritsi gara. Aukera berrien bila abiatzeko abiapuntua da. Aldaketa gertatu da jada. Aldaketa soziologikoa da, sakona, hori igartzen da jendearen begiradan, bizipenetan, eztabaida politikoaren gaietan», adierazi zuen hunkiturik. «Inoizko emaitzarik onenak atera behar ditugu aldaketa hori gertatzeko. Inoizko emaitzarik hoberenak izango ditugu. Etorkizuna zure esku dago», dei egin zion boto-emaile subiranistari. Ilundu zen ekitaldia amaitzerako, fokuak amatatu zituzten, baina zenbait begiradatan itxaropen izpiak nabari ziren oraindik.