Iker GURRUTXAGA
IRUN
Interview
Fermin muguruza
Musikaria

«Edonork errekonozimendu bat egiten badit, zigortu egiten dute»

Hamahiru urtez oholtza handi batera igo gabe egon ostean, Fermin Muguruzak 40 urteko musika ibilbidea ospatuko du abenduaren 20an Bilboko Miribillan. Sarrerak gaur, apirilak 23, jarriko dira salgai, 10.00etan, eta NAIZ eta GARAko harpidedunek lehenago eta merkeago eskuratzeko aukera izango dute. Muguruzarekin izan gara, kontzertuaren aitzakian.

Hondarribiko Psilocybe aretoan eman zuen kontzertua Muguruzak 2013an.
Hondarribiko Psilocybe aretoan eman zuen kontzertua Muguruzak 2013an. (Jon IRAUNDEGI)

Apirilaren 20an, 61 urte bete berritan, oparia egin diozu zure buruari: 40 urteko ibilbidea ospatuko duzu kontzertu batekin abenduaren 20an. 50 zenituen azkenekoz oholtza handi batean eman zenuen azken kontzertuan.

Ez nuen uste apirilaren 20arekin, nire urtebetetzearekin, iragarriko nuenik. Baina zenbait gertakari direla medio, bultzatu naute auto-opari hori egitera. Nik, hala ere, beste jende askok egiten didan opari bezala hartzen dut hau guztia. Gustu handiz hartzen dut, baina erronka handia da. Gauza asko egin ditut bidean, baina azken bira duela hamaika urte izan zen eta, azken kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian, duela 5 urte, Iñigo anaiaren omenez egindakoa.

Hortik aurrera gauza dexente gertatu dira, oso zailak izan direnak niretzat. Oholtzatik halako urruntze bat sentitu nuen, nire tokia ez balitz bezala sentitzera iritsi nintzen. Eta, hortaz, kosta egin zait kontzertu bat egingo dudala sentitzea. Baina inguruan zenbait jende izan dut animatu nauena eta Kortaturen maketa atera zenetik 40 urte bete dira aurten. Niretzat gauza horiek ospatu egin behar dira. Beraz, bi aukera nituen, ezer ez egitea edota zerbait egitea, eta, zerbait egitekotan, aproposena zen berriz ere musikari batzuekin bildu eta kontzertu bat egitea. Kartak mahai gainean, noiz eta nola egingo nuen erabaki behar zen.

Miribilla hautatu duzu.

Lehen hilabete hauetan zer egin pentsatuz ibili naiz, eta guk biok topo egin genuen Huntzaren agur kontzertuan Miribillan. Kontzertu aurretik kalakan ibili ginen, gainera. Berezia izan zen kontzertu hura. Gu Kortaturen garaian urbanitak, kaletarrak, ginen, baina Maurizia Aldeiturriaga sampleatuta geneukan Kortaturen lehen diskoan eta erromeria mundu hori interesgarria iruditu zitzaidan beti. Egin Irratian hasi nintzenean ere, nire saioaren aurretik «Bota puntua» bertso programa emititzen zen. Teknikaria Jota izaten zen sasoi hartan, gero Bilboko Kafe Antzokiko teknikari izan dena, eta berak ekarri zidan Tapia eta Leturiaren musika, zuzenean grabatuta. Erromeria egiten zuten, baina «Sarri Sarri» ere jotzen zuten garai haietan Tapia eta Leturiak. Hor hasi nintzen trikiti mundura eta bertso mundura gerturatzen eta Negu Gorriak-en lehen biran, Bartzelonako kontzertua Tapiak eta Leturiak ireki zuten.

Huntzarekin, berriz, harreman handia egin nuen Argentinan zeudela euskal etxetik kanpora kontzerturen bat eman nahi zutelako eta nire bidez Salon Puyrredon aretoan jo zuten. Gero, Mexikon nintzela, berriz ere bat egin genuen eta Mexiko Hiriko Foro Aliciara eraman nituen, hango lokalik ezagunena dena, New Yorkeko CBGB areto mitikoaren parekidea izan daitekeenera. Nik ere Mexikoko talde batekin kantu batzuk egiteko baliatu nuen. Hortaz, agurrera gonbidatu ninduten eta, nire ustetan, une horiek ezin dira galdu. Eta, bitxia da, zurekin topo azkenekoz bertan egin nuelako.

«Hipokrisiari stop!» esatetik «Zentsurari stop!» esatera pasatu zara, aipatzen ari zaren gertaera horiek zentsurari oso lotuta daude eta.

Hain zuzen ere. Martxo hasieran kontatu ziguten Valentziakoa. Beste hainbat gauzaren inguruan beti egoten da zaratatxoren bat edo, baina hau oso latza iruditu zitzaidan. Valentzian, Bellreguardeko La Safor zonaldean dagoen Joan Fuster institutuan horma-irudi erraldoi bat egin zuten nire omenez eta ekitalditxo bat egin zuten ni inguruan nintzela aprobetxatuz. Bertaratu nintzen, sekulako oparia zelako, oso eskertuta nintzen, Goya sarietan sekulako egurra jasotzetik nentorrelako. Arnasa freskoa izan zen niretzat, gazteak dantzan, zuzendaria hitz onak luzatuz… Kereila bat aurkeztuko zutela jakin genuen gero, baina ez genekien Gandiako auzitegiak hori onartuko zuen edo ez. Eta, halako batean, esan ziguten aurrera zihoala kereila eta zuzendaria deklaratzera deitu zutela terrorismoa goratzeagatik. Urtebetetik hiru urtera arteko kartzela zigorra jaso zezakeen. Sekulako beldurra sentitu dute, noski.

Gu, Euskal Herrian, zoritxarrez, kriminalizazio horretara ohituta gaude. Atzera begirakoa egiten dudanean, bizitza osoko jazarpen baten istorioa da nirea, adibidez. Baina, hemen, zuzendaria eta zuzendaritza kontseiluko bost irakasle epaituko dituzte terrorismoa goratzeagatik, eta harrituta zeuden eta epaiketa prestatzen ari dira abokatuekin. Gandiakotik aurkako sententziaren bat erortzen bazaie, nahiz eta gero Valentzian helegitea aurkezteko aukera izan, ezin izango du zuzendari izan berriz ere. Zergatik gertatzen da hori? Niri buruzko mural bat egitearren kondenatu dezakete bat?

Hor, gainera, terrorismoa goratzea bada egozten zaien delitua, zu terroristatzat hartzen zaituztelako da.

Jakina. Ni hemen nago, ez aurkezpen ez elkarrizketarik egiten, nire aurka ezer ez dagoen garaian… Bueno, Korrika Irundik atera zenean hitz batzuk eskaini nituen medioetan, eta honen inguruan galdetzen zidaten. Begira, AVTk ere esan izan du «Sarri Sarri» kantuagatik salatu izan nautela, baina hori ere gezurra da. Nik bizi izan dudan prozesu judizial bakarra Enrique Rodriguez Galindorekin izandakoa da, eta irabazi egin genuen. Gainera, bera, kartzelan zegoen Lasa eta Zabala hiltzeagatik, besteak beste. Hilketengatik zegoen, hiltzailea zen. Hortaz, zer nolako obsesioa dago nire kontra? Edonork errekonozimendu bat egiten badit, zigortu egiten dute. Duela lau urte ere, “Black Is Beltza” pelikularekin espainiar telebista publikoan eman nuen elkarrizketa batengatik barkamena eskatu behar izan zuen biharamunean elkarrizketatzaileak. Arrazoi bakarra ni elkarrizketatzea izan zen. Hortaz, ezin naiz bizi? Salaketa bat jarriko didazue existitze hutsagatik?

Eta, gainera, zu babesten zaituen oro kriminalizatzen da; Itziar Ituño, horren adibide. Edota, Athleticeko jokalarien ospakizunaren harira, egurra eman diete sektore batzuetatik.

Itziar Ituñok sekulako egurra jaso zuen urtarrilean presoen aldeko manifestazioan egotearren. Presoen aldeko manifestazioa esaten dugunean, salbuespen egoera horrrekin bukatzeko nahiaz ari gara. Berak, beranduago, sari banaketa bat baliatu zuen bera egurtu zuten bezala bere beste lagun bat ere egurtu zutela esateko eta saria hari eskaintzeko. «Sarri Sarri» abestu zuen orduan. Hortaz, esan beharra dago, «Itziar Ituño lehendakari», a zer nolako enbaxadorea duguna mundu guztian. Berak bazekien eskaintza horrek zer nolako kaltea ekarriko zion. Pentsa, “La Voz de Galicia” egunkariak esan zuen ETAren aldeko ereserki bat abestu zuela. Gero, gainera, “La isla de los faisanes” pelikula grabatzen ari zela, elkartu egin ginen hemen Irunen eta Eskina tabernara eraman nuen, bertan grabatu zelako «Sarri Sarri» abestiaren bideoklipa. Bada, argazki bat atera genuen eta sareetan zabaldu. Soufflea berriz ere harrotu egin zen, beti hor dabil gora eta behera. Bueno, bada berriz ere jaisten ari zela, Villalibreren elektrotxaranga atera zen Athleticen garaipena ospatzera eta hainbat aldiz «Sarri Sarri» jo zuten. Soufflea gora berriz ere. 2016an euskal talde guztietako jokalariak jarri zituzten abesti hau dantzatzen ETBn eta sekulako kalapita sortu bazen, orain gehiago.

Hortaz, honek guztiak bultzatu nau kontzertuaren iragarpena aurreratzera. Aurreko astean Bordele inguruan nintzen migranteei sostengua ematen dieten hainbat elkarterekin konpromisoa hartuta nuelako “Bidasoa 2018-2023” dokumentala aurkezteko. Bada, bideo horiek iritsi zitzaizkidan eta baita horren inguruko erreakzioak ere, eta horregatik, apirilaren 20arekin, kontzertu honen berri ematea erabaki dut.

Gainera, oraindik berari ez diot zuzenean esan eta tarte hau baliatu nahi dut gonbidapen bat luzatzeko. Huntzaren kontzertuan badakizu noren ondoan nintzen, Asier Villalibre nuen ondoan bere elektrotxarangako kide batekin. Hortaz, abenduaren 20an Asier Villalibre gonbidatzen dut kontzertu horretara etorri eta «Sarri Sarri» gurekin batera tronpetarekin jotzera. Nik uste oso polita izango dela, ea libre daukan eguna.

Zein formaziorekin igoko zara oholtzara?

Bada, azken urte guztietan inguruan izan ditudan musikariekin kontatuko dut, haiek ere nirekin batera pairatu dutelako kriminalizazio guzti hori. Haize sekzioan Jon Elizaldi Jontron izango da tronboiarekin, Igor Ruiz Fino saxoarekin eta Aritz Lonbi tronpetarekin, Mikel Txopeitia bateria jotzen, Victor Navarrete baxu-jotzaile kubatarra, Xabi Solano trikiarekin, Gerard Casajus Chalart58 perkusioan, Mata koroetan eta, sorpresa moduan-edo, gitarra-jotzaile moduan eta koroetan Lide Hernando izango dugu ondoan. Gitarra erritmikoa ongi joko duen norbait nahi nuen, ez birtuoso bat, eta bera aparta da horretan eta abesten. Bere proiektua, Bele, aurrera daraman bitartean, tartea hartu du guretzat ere.

Beraz, hamar pertsona oholtzan. Kortaturen kantuak, Negu Gorriaken kantuak, nire ibilbide guztiko kantuak… bi orduko errepertorioa osatuko dugu «hemen gaude» esateko.

Esan daiteke «Geurea da garaipena»-ko garaiko izpirituak hartuko duela Miribilla?

Nire ustez, bai. Entseatzeko prestatzen nabilen honetan, errepertorioa osatzen, musikariekin elkartzen hasten… bada haiei esaten diet geurea dela garaipena eta hemen gaudela. Jendearen sostengua dugula hau aurrera eramateko. Valentziakoa, Itziarrena eta hori guztia gertatu eta gero, kulturgileok deitutako Palestinaren aldeko manifestaziora joan nintzenean, jende pila batek animoak eman zizkidan. Eta hori oso garrantzitsua da niretzat, jendeak ikustea ez dugula inoiz amore ematen, askotan akituta sentitzen garen arren. Hortaz, kontzertuarekin ospatuko dugu, geurea da garaipena.