GARA
GERNIKA

Gernika-Lumoko Ospitaleko larrialdietan langileen falta dagoela salatu dute

Gernika-Lumoko Ospitaleko larrialdi zerbitzuan erizainen eta erizaintzako laguntzaileen falta dago. Plantilla handitzeko eskatu dute Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta SAE sindikatuek.

Herritarrak, Lehen Arreta duina eskatzen, mobilizazio batean.
Herritarrak, Lehen Arreta duina eskatzen, mobilizazio batean. (Aritz LOIOLA ı FOKU)

Gernika-Lumoko Ospitaleko larrialdi zerbitzuetako langileek plantilla eskasa dutela salatu zuten atzo. «Gaur egun egiturazko plantilla erizain-talde eta erizaintzako laguntzaile talde eskas batek osatzen dute, eta asteko une jakin batzuetan kategoria bakoitzeko beste profesional baten errefortzu puntualak ditu. Oraingoz, Zuzendaritzaren erantzuna une jakin batzuetan langile gehiago egotea izan da; oporraldietan, adibidez. Baina hori ez da nahikoa zerbitzu horren beharretarako, plantillaren iritziz», azaldu zuten.

Gogoratu zuten erizainek eta erizaintzako laguntzaileek urteak daramatzatela Barrualde-Galdakao ESIko Zuzendaritzari langileak falta direla eta lan karga handiegia dutela adierazten.

BERMERIK EZA

Egungo egoeran, bizi arrisku egoera batean (bihotz-biriketako bizkortzea, adibidez), langile guztiek (bi erizain eta laguntzaile bat) dena utzi behar dute larrialdi hori artatu ahal izateko, protokoloak horrela agintzen duelako. Ondorioz, gainerako larrialdi zerbitzuak ezin dira bermatu.

«Azken urteetan, larrialdi-zerbitzu horretan arreta eskaera nabarmen handitu da, bai eta artatutako egoeren larritasuna ere. Lehen mailako arretaren egoera kaskarra dela eta, larrialdietako zerbitzua gehiegi kargatzen da, eta Lehen Arretan artatu ezin den guztia bere gain hartzen du», azaldu zuten.

«Hala ere, igoera horri langile kopuru berarekin aurre egin zaio, eta horrek eragin handia du lan baldintzetan, batez ere lan kargetan eta arrisku psikosozialetan», salatu zuten.

Kontuak horrela, Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta SAE sindikatuek Barrualde-Galdakao ESIko Zuzendaritzari erizainen eta laguntzaileen plantilla handitzeko eskatu zioten, herritarrei zerbitzu osoa eta kalitatezkoa bermatzeko.