GARA
DONOSTIA

Hitzordua Donostian, «bizitzak erdian jarriko dituen hiri ereduaren alde»

Donostian egindako agerraldiaren argazkia.
Donostian egindako agerraldiaren argazkia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostia Defendatuz koordinakundea osatzen duten eragileak Bulebarrean izango dira datorren larunbatean, apirilaren 27an, «egungo hiri eredua gutxiengo baten onurara bideratuta» dagoela salatzeko. Izan ere, «gehiengoaren bizi baldintzak baztertuta geratzen dira sektore pribilegiatuenen mesedetan».

«Herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituen hiri ereduaren alde egiten dugu. Eta ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari direna, asko baitugu jokoan», nabarmendu zuten atzo zabaldutako manifestuan.

Azaldu zutenez, «espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko Udal Gobernuaren erabakiak hartzen dira bata bestearen atzetik, hiria turistifikazio prozesu basatian sartu, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari eragiten dion bitartean».

Politika horien ondorioak «gero eta larriagoak dira», eta donostiar gehienek jasaten dituzte egunez egun. «Gure hiria gero eta bizigaitzagoa da», gaineratu zuten, «donostiarron beharrekin zerikusirik ez duten hainbat proiektu eta operazio urbanistiko bultzatzen eta inposatzen» ari direlako.

Hala, Basque Culinary Centerren bigarren eraikina eraikitzen hastea kritikatu dute, baita San Bartolome muinoan merkataritza gune erraldoia jartzeko proiektua ere. Donostia gune tentsionatu izendatzeko urratsik ez egitea salatu dute, alokairu turistikoko pisuen «erregulazio ez-eraginkorra eta ikuskapenik eza» kritikatzearekin batera.