GARA
BILBO

Matxismoaren biktima batekiko Ertzaintzaren jarrera salatu dute

Bilboko Zabalburuko ertzain-etxera joan zen emakume bat ez zuten behar bezala artatu, eta arazoak izan zituen bikotekide ohiak urruntzeko agindua urratu izana salatzeko, Bizituk atzo ohar baten bidez aditzera eman zuenez.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta baten artxiboko irudia.
Indarkeria matxistaren aurkako protesta baten artxiboko irudia. (Jon URBE | FOKU)

Ertzaintzako agenteek Bilboko Zabalburuko ertzain-etxean salaketa jartzera joandako indarkeria matxistaren biktima batekiko agertutako jarrera salatu du Bizitu indarkeria sexistaren aurkako emakumeen elkarteak. Emakumeak bikote ohiak urruntze agindua urratu zuela salatzeko jo zuen komisariara azaroaren 18an.

Bizituk ohar batean azaldu zuenez, emakumeak salatu nahi zuen etxeko eskailera buruan norbait zain zuen ikusi ahal izateko jarrita zeukan ispilua desagertu zela eta toki berean itzalitako mugikor bat agertu zela. «Gure kideak babes-ispilu bat izateko arrazoi bakarra erasotzailea, bikotekide ohia, berriz ere berarengana hurbiltzeko beldurra da. Urruntze agindu batek ez du bermatzen erasotzaileak biktimengana hurbilduko ez direnik, neurria urratzeagatik zigorra ezarri besterik ez dute egiten», nabarmendu zuten.

Bizituk azaldu zuen emakumea polizia-etxera joan zela indarkeria matxistaren biktima delako, eta urruntze agindua duela azpimarratuz. «Hala ere, artatu zuen agenteak salaketa jasotzearen aurkako jarrera agertu zuen. Sortutako egoera hain izan zen bortitza, ezen emakumeak ziurtatzen baitu, Bizituko beste kide batekin joan izan ez balitz, salaketa jarri gabe alde egingo zukeela», adierazi zuen elkarteak.

«Aurkitutako telefonoari dagokionez, bateriarik gabe zegoela esan zioten lehenik, eta komisarian ez zegoela kargagailurik hura aktibatzeko eta bikotekide ohiarena zen edo ez jakiteko. Jarraian, proposatu zioten berak eraman zezala telefonoa etxera, kargatzen saiatzeko eta gero Poliziari itzultzeko», gaineratu zuen. Elkartearen arabera, emakumeak uko egin zion aukera horri, horretaz Ertzaintzak arduratu behar zuela iritzita.

Ondoren, beste agente batek emakumeari galdetu omen zion ea bikotekide ohiak indarkeria erabiltzenzuen, nahiz eta urruntze agindua izan. Bizituk azaldu zuen aho zabalik geratu zirela eta emakumea urduri jartzen hasi zela orduan, ertzain-etxera lasai joan bazen ere.

Gertatutakoaren aurrean, elkarteak kexa formal bat jarri zuen jasotako tratuarengatik. Ertzaintzaren erantzuna, gutun baten bidez, honako hau izan zen: «Inplikatutako langile guztien jarduera ezarritako prozeduren araberakoa izan zen».

«ZERK HUTS EGIN DU?»

Hilketa matxista bat gertatzen denean, zerk huts egin ote duen galdetzen diote askok haien buruei, are gehiago emakumeak salaketaren bat jarrita bazeukan. Errore multzoaz hitz egin ohi da, babes sistemako akatsez.

Bizituk salatu zuen emakumeari gertatutakoa akats horietako bat dela, sarritan errepikatzen dena.

Elkarteak Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailari eskatu dio argitara emateko Ertzaintzak aurkeztutako kexa formalari erantzuteko gutunean aipatzen duen prozedura, eta berrikusi dezala.