Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren hipoxiak

Hipoxia sortu didaten pare bat euskal abesti baino ez ditut aipatuko. Arnasarik gabe utzi nautenak dira; metaforikoki esanda, noski! Hamazazpi minutuko luzera duen “Ametsaren bidea” (Errobi) bukaezinaren hainbat pasarte egiten zaizkit bikaintasunaren pareko, batez ere hitzik ez duten zatiak. Kontraesana al da hitzik ez duten pasarteak alabatzea eta esatea euskal abestiak direla, beti esan dudanean euskal musika euskaraz egiten dena dela? Ez, baina arazoak ekiditeko, kantu osoa sartuko dut arnasarik gabe utzi nauten zerrendan.

Euskal atmosfera agortzen ari zaigu, gaztelaniak jan egiten gaitu, baita egunkari honetan ere. Besteak “Atmosfera” (Dientes de Luna) du izenburua. Hasiera batean, sortu zenean, lotuta zegoen “Berandu da” abestira; gero independentzia eman zioten taldekideek. “Atmosfera”-k ere ez du letrarik, ahizpa bikiak, ordea, bai. Lehenak King Crimson taldearen rock progresiboaren aztarnak ditu. Bigarrena progresibo eguneratuago baten lilurapean sortutakoa da, Muse hirukoaren tankerakoa. Txundigarriak jatorrizkoak, bigarrenak gure herriko ikasle premuak.

Hipoxia-egoera bizi du euskarak, euskaraz egindako musikak, euskara gutxi erabiltzen duten euskal taldeetako kideek. Gutxieneko oxigenoa ukatu egiten diogu. Arnasgune naturalak behar ditugu euskaraz egiten den musikan.