Fernando ALONSO
1988

Birmoldaketak

Euskalduna ontziolaren birmoldaketak gatazka piztu zuen 1984an. Lau urte geroago berrabiarazi zen, liskarrei amaiera emateko adostutakoa iruzurra izan zela egiaztatu zenean; hasieratik benetako helburua ontziola behin betiko ixtea baitzen, ez hura eraldatzea.

Ezkerretik eskuinera: Euskaldunako langileen erantzuna 1988ko apirilean Poliziaren eraso ahaleginei; Fermin Muguruza Kortaturen kontzertu batean, Irunen; Ttotte Etxebeste, Pariseko Justizia Jauregian; eta Ajuria Eneko Itunaren sinadura, urtarrilaren 12an
Ezkerretik eskuinera: Euskaldunako langileen erantzuna 1988ko apirilean Poliziaren eraso ahaleginei; Fermin Muguruza Kortaturen kontzertu batean, Irunen; Ttotte Etxebeste, Pariseko Justizia Jauregian; eta Ajuria Eneko Itunaren sinadura, urtarrilaren 12an (Alfredo ALDAI | EGIN - BIXEN)

Gauzak ez ziren iragarri zituzten moduan izan, eta 1988. urtea barrikadekin eta suarekin hasi zen berriro Deustuko zubian. Itzuli ziren Poliziarekin liskarrak, errepide eta trenbide mozketak... «Tuerkak gomazko piloten kontra», Hertzainak taldeak abesten zuen gisara “Eutsi gogor!” kantuan.

Euskalduna enpresako batzordeko kide batek gogoratu zuenez, «Bandalismoa? Bandalismoa da hiru milioi langabe egotea». Izan ere, hori zen zifra ofiziala espainiar Estatuan 1988an.

Maiatzean ugazabek enpresa itxi zuten, eta egoera larritu zen. Azkenean, PSOEko Gobernuaren, Gasteizko Gobernuaren, CCOOren, UGTren eta ELAren arteko akordio batek Euskalduna ontziolen behin betiko desagerpena ekarri zuen. LAB eta Langileen Kolektibo Autonomoa, berriz, akordioaren aurka agertu ziren.

Birmoldaketa planek eta berrindustrializazio deiturikoak beren bideari jarraitu zioten, beste euskal enpresa enblematiko batzuk jomugan jarriz. Bizkaiko Labe Garaien kasuan, abenduan Madrilgo Gobernuak handitze plan bat geldiarazi zuen. Geroztik, Labe Garaien patua markatuta geratu zen, eta zortzi urte geroago Sestaoko labeak betiko itzali ziren.

Euskal industria-tradizioaren galeraren panorama latz horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familien %31 pobrezia-egoeran zegoen, estatistiken arabera.

Ezkerraldea bezalako eremuetan, errealitatea penagarria zen. Sestaoko Langabeen Batzarrak borroka gune bizia ireki zuen, eta inguruko beste herri batzuetako langabeek ere bide beretik jo zuten, hala nola, Ortuellakoek. Horrek polizia errepresioaren arreta gune bihurtu zituen.

Hori bai, halako egoera larri batean bizi kalitatea ez galtzeko, EAJk eta PSOEk osatutakoGasteizko Exekutiboak goi kargudunen soldata %40 igo zuen, eta biziarteko pentsioa bermatu zien.

Banketxeek ere birmoldaketei ekin zieten; kasu honetan, haien interesentzat modu egokiagoan eta zoriontsuagoan. Banco de Bilbao-k eta Banco de Vizcaya-k Banco Bilbao Vizcaya osatu zuten. Herrialdeko bi aurrezki kutxek -Bilboko Udalakoa eta Bizkaikoa-, berriz, BBKri bide eman zion protokoloa sinatu zuten.

Polizia aldaketa-dinamikan sartu zen. Espainiako Barne Ministerioa nahikoa zikindua zegoen Estatu terrorismoarekin. Jose Barrionuevok Jose Luis Corcuerari pasatu zion kartera. Corcuera, Burgosen jaio bazen ere, Portugaleteko bizilaguna zen, eta garai batean Labe Garaietan lan egin zuen, UGTko liberatua izan aurretik.

ERTZAINTZAREN JARDUNA

Lakuako Gobernuari zegokionean, Barne Sailean Juan Lasa Jauregik Luis Maria Retolazari lekukoa hartu zion, Gernikako Estatutuaren Ertzaintzako alma materra izan zenari, hain zuzen ere. Autonomia erkidegoko Polizian errepresio jarrerak gero eta pisu handiagoa hartu zuen, eta era guztietako kolektiboen aurkako esku hartzeak ugaritu ziren. Esaterako, egun berean ikasleen aurka kargatu zuten Bilbon eta pertsona desgaituen kontra Gasteizen.

Indarkeria erabiltzeko joera nabarmen horren ondorioz, Ertzaintzako ErNE sindikatuak eskatu zuen Brigada Mugikorra, «beltzak», desegiteko, «elementu errepresiboa» zirelakoan.

Sindikatu hori 1984an jaio zen, ziotenez, Ertzaintza «euskalduna, demokratikoa, profesionala, eraginkorra eta euskal gizarte osoaren zerbitzura» izateko helburuz. Ordutik hona, argi dago horiek ere birmoldaketa jasan dutela. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Baina birmoldaketaz eta birez ari garela, ezin Euskadiko Ezkerrarena aipatu gabe utzi. 1978ko erreferendumean Konstituzioaren aurka agertu zen. Hamar urte geroago, «zalantzarik gabeko baiezkoa» eman zion, eta Bandresek aitortu zuen Konstituzioari baietz esatea «ordura arte gainditu gabeko ikasgaia» zela. Are gehiago, zioenez, «erabat faltsua da euskal herritarrek Konstituzioari ezetz esan izana».

Ikuspuntu horrekin bat egin zuen Ardanza lehendakariak ere Argentinako bisitan: «Espainiako Konstituzioa jakinduria eta zentzutasun politikoren adibide da».

Martxoan Ronald Reaganekin Etxe Zurian egon zen, eta hark prismatiko batzuk oparitu zizkion. Agian prismatiko horietatik begiratuta Ardanzak halako argitasuna lortu zuen. Bide batez, Ardanzak makila bat oparitu zion Reagani.

Egun haietan, Reagan Erdialdeko Amerikan jarduten ari zen, Nikaragua eta Kuba erasaten, Libia bonbardatzen, Iraki Iranen aurka babesa ematen...

Bere aldetik, Jose Antonio Ardanzak, Madrilgo Terrorismoaren Aurkako Akordioak markatutako bideari jarraituz, elkarrizketak hasi zituen Ajuria Eneko Ituna izango zenari begira. Estatu itun hori bide politikorako eduki gisa aurkeztu zuten arren, benetako helburua independentismoaren aurkako fronte global bat antolatzea zen. Jon Juaristik, ETA VI-tik PSOEra igaro zenak, argi eta garbi laburbildu zuen edukia: «Herri honen lehen arazoa ez da terrorismoa, euskal nazionalismoa baizik».

Akordio hori 1988ko urtarrilean Gasteizen sinatu zen. Eta gero, Nafarroako Foru Parlamentuak, udan, babesa eman zion. Akordio horien babesean, errepresioari estaldura handiagoa ematea eta ezker abertzale politikoa ekonomikoki itotzea bilatzen zuten, baita gizartean liskar zibileko giroa sortzea ere.

Hala, Gabriel Urralburu Nafarroako lehendakariak esplizituki eskatu zuen HBko jendea iraintzeko eta kalean errieta egiteko. Hamar urte geroago, Urralburu espetxeratu egin zuten, “Roldan auzia” zela-eta. Milioi askoko komisioak kobratu zituen, lan publikoen emakiden truke. 2023ko irailean Urralburuk milioi erdi euro baino gehiago zor zion oraindik Nafarroako Foru Ogasunari.

ALJERREN, SOLASA; HEMEN, EGURRA

Itun horiek eratzen ari ziren bitartean, Aljerren eta modu sekretuan hasi ziren Gobernu espainolaren eta ETAren arteko lehenengo elkarrizketak. 1988an erakunde armatuak hainbat su-eten eskaintza egin zituen, azkena azaroan. Gobernuak ez zituen aintzat hartu.

Hala, eta lehen harreman horiek izan arren, errepresioa maila berean mantendu zen fronte guztietan, eta euskal presoen aurkako estrategiak jarraitu zuen, baita entregak eta Pirinioen bi aldeetako polizia operazio bateratuak ere.

Otsailaren 20an, Filipe Bidart eta Ttotte Etxebeste Iparretarrak erakundeko militanteak atxilotu zituzten Bokalen. Jendarme batek jaurtitako tiro batek bizkarrezurrean jo zion Etxebesteri, eta elbarri geratu zen.

Egun batzuk lehenago, Espainiako erregeek bisita egin zuten Nafarroara. Bisitaren ondorioz, hirurogeita hamar lagun atxiki eta zauritu ugari izan ziren; tartean, HBko hautetsiak. Otsailean bertan, ETAk Emiliano Revilla Soriako industria gizona bahitu zuen, eta urriaren 30era arte gatibu mantendu zuen.

1988. urtea Israelen erasoaldi gogor baten eta lehenengo Intifadaren urtea izan zen; baina baita Palestinako Estatuaren aldarrikapenarena ere, 94 herrialdek berehala aitortu zutena.

1988 Deustuko zubian suzko barrikadekin hasi eta greba orokor batekin bukatu zen. Abenduaren 14an, Estatu espainol osoan, Felipe Gonzalezen Gobernuaren lan erreformaren aurkako greba orokorra izan zen.

Erreforma horrek, besteak beste, langile gazteen kaleratzeak eta zabor-kontratuak merkatzen eta errazten zituen, patronalari nabarmen mesede eginez. Grebak jarraipen masiboa izan zuen Hego Euskal Herrian.

Egun batzuk geroago, Pablo Sorozabal euskal musikaririk handienetako eta karismatikoenetako bat zendu zen. Donostiako Belle Époque betean, familia «proletario eta euskaldun» baten semea, bere hitzetan.

1988ko urriaren lehenean Iruñean Kortatuk bere azken kontzertua zuzenean grabatu zuen, “Azken guda dantza”. Ikus-entzuleek ETAren aldeko oihuekin koruak egiten dituztenean, diskoaren lehen edizioan txistua entzuten da, oihu horiek entzun ez zitezen. Franco hil ondoren, zentsuratutako disko bakarrenetakoa izan zen.

Urte batzuk geroago, Kortaturen txingarretatik Negu Gorriak sortu zen:

Konejera ta tanketa askoren su-emaile.

Ni nintzen aizkolari, segalari, Korrikalari

Probalari, txingalari, arraunlari

Palankari. Ni nintzen aizkolari!!