Amagoia MUJIKA TELLERIA

«Marko ideologiko jakina dago txapelketan, eta pobrea»

Jon Sarasuak esana da, asteon Donostian eman duen hitzaldian. Txapelketako edukien jiran aritu da, begiratu zorrotzez. Izan ere, bere esanean, Idahoko euskal amerikar batek zera galdetuko luke: «Desberdin pentsatzen baduzue, zergatik kantatzen duzue denek gauza bera? Zergatik inork ez du Trumpen alde kantatzen?».

Jon Sarasuak hitzaldia eskaini du Donostian, «Bilintxen Menda» egitarauan.
Jon Sarasuak hitzaldia eskaini du Donostian, «Bilintxen Menda» egitarauan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bilintxen Menda Donostian antolatutako bertso hamabostaldiaren bigarren edizioa martxan da. Aurten txapelketaren inguruan ardaztu dute egitaraua eta testuinguru horretan eskaini du asteon Jon Sarasua Maritxalarrek (Aretxabaleta, 1966) izenburu zorrotzeko hitzaldia: “Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik”.

Sarasuak 25 bat urte daramatza bertso plazatik aparte. Oso gazte hasi zen plazako ibilian, txapelketa garrantzitsuak irabazi zituen eta, 19 urte zituela, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean sartu zen 1986an. 1991. urteko Gipuzkoako txapelketako finalean, txapeldun izateko aukera asko zituela, kartzelako lanean azken bertsoan doinua aldatu zuen apropos, aurretik esana baitzuen ez zuela txapela irabazi nahi. Geroztik ez du inoiz txapelketan parte hartu. Horregatik izan du Sarasuaren hitzaldiak interes berezia. Hitzaldia hasterako esan du «zezenak barreratik ikustea» ez dela akaso oso elegantea eta jakitun dela berak esandako zenbait «deseroso samarrak» izan daitezkeela. «Inor mintzeko animorik gabe abiatzen naiz».

Aretxabaletarrak bere bizialdiko txapelketa nagusiak aztertu ditu, 1967tik 2022ra. «Ikusi dudana da banda-zabalera bat dagoela, espektro bat, esan daitekeenaren eta esan ezin daitekeenaren esparrua markatzen duena. Hegemonikoa den ideologiaren banda-zabalera bat. Espektro horrek ez du harrapatzen entzule guztien multzoaren zabalera, dezente estuagoa da normalean. Hiru zabalera daudela esan daiteke, edozein gai jarrita ere. Lehena, gai horri buruz esan daitekeen guztia, edozeinek gai horri buruz pentsatu dezakeena. Bigarrena, gai horri buruz entzulegoak pentsatu dezakeen guztia. Eta, bestea, dezente estuagoa, gai horri buruz banda-zabalera horrek esatea baimentzen duena. Ez naiz ari bakarrik politikaz, askoz gauza zabalagoari buruz ari naiz».

Tonu libreagoan eta zakarragoan Iñaki Segurola idazleak esandakoa -2022an zendu zenak- ekarri du hitzaldira Sarasuak. Segurolak elkarrizketa batean esana utzi zuenez, «txapelketak beti izan dira modako gaien inguruan adostasun bat lantzeko lekuak eta ukitu ezin diren gaiei buruz ez jardutekoak. Meza geza deitzen diot nik. Ezin dut euskal meza horrekin; badakizu inork ez duela ezer arriskutsurik esango, inork ez duela puskatuko, denak datoz antzeko mundu batetik, badakit gutxi gorabehera zer esango duten: orain etorkinak, orain transfeminismoa... ‘Argia’ aldizkariak erakusten duena, gutxi gorabehera».

Sarasuaren ustez, Segurolarena «garrasia da», «kritika baten muturreko formulazioa». «Adierazgarria iruditzen zaidana da, batetik, kanpotik egindako kritika emozionalki hain inplikatu eta zapuztu batek eta, bestetik, nik barrutik, esperientzia pertsonaletik eta bertso munduarekiko maitasunetik egindako gogoetak, badituztela puntu komunak».

Sarasuak behatutako txapelketaren ibilbidean hiru garai bereiz daitezke: «Uztapide-Basarri garaia, Euskaltzaindiak antolatzen zuena; Amurizaren txapelen garaia eta, hirugarrena, aspalditik hona datorrena, eskala handiko txapelketen garaia. Hirugarren fasea bertsolaritzaren proiektu soziokultural kontzienteago baten barruan kokatzen da, herrigintza proiektu indartsu baten barruan».

Txapelketa aldiro bizi duen garaiak zeharkatzen du, eta horri erreparatu dio Sarasuak banda-zabaleraren nolakotasunaz aritzeko. «Aro ideologikoan izandako eraldaketa hor dago. Jubilatuta dagoen gure lagun psikiatra batek esaten duen bezala, berrogei urtetan asteburuetan elizak beteta egotetik, elizak erabat hutsak eta merkataritza guneak erabat beteta egotera pasatu gara».

Beste plano batean, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa dago. «50-60 urte hauetan gertatzen den korapilo politikoa hor dago. Mundu euskaltzaleen eta abertzaleen arteko korapiloa, borroka armatuaren presentzia tarteko dela. Gai honetan ere banda-zabaleraren fenomenoak funtzionatu du eta ezker abertzalearen postulatuek hegemonizatu dute aspektu hau. Hala ere, nik ez nuke arreta osoa hor jarriko, ez nuke gaiaren erdigunean jarriko, ez dudalako uste banda-zabaleraren fenomenoaren klabe nagusia denik».

Sarasuak espektroaren fenomeno horri hiru geruza ikusten dizkio. «Lehen geruza, euskal politikari buruzko osagaia txapelketan nola agertzen den. Bestea, osagai ideologikoa nola agertzen den, eta ez naiz ari euskal politikaren kokapenaz, gauza askoz zabalagoaz ari naiz; zer esan daitekeen, zer ez, zertaz hitz egin daitekeen eta zeri buruz ez. Eta, hirugarrena, bestelako ideiak. Eta horretan uste dut bertsogintza oso aberatsa dela. Banda-zabalerak markatzen duen marko ideologiko horri eragiten ez dioten gaietan, ‘horretan esan nahi duzuena’ aplikatzen da. Edota banda ideologiko horren barruko mikroideiak ere badaude, eta horretan da aberatsa bertsogintza. Eta hortik dator aspaldiko kontsigna, ‘kantatu zuretik, baina betiere mikroideia horren barruan’. ‘Kantatu zuretik ideologiaren barruan’, hori beste liga bat da eta hori ez da ikusten».

Sarasuak balioa eman nahi izan dio hirugarren geruza horretan egiten den ahaleginari. «Ez dut gutxietsi nahi hirugarren esparrua. Uste dut hor badela aberastasun bat, begiratu pertsonalen aberastasuna, ahalegina eta lanketa hazkorra. Bertsolari autorearen ideia hor dago eta sekulako aberastasuna dago». Baina bere ideiaren harira bueltatuz, Sarasuaren ustez «Segurolak esaten duen hori gabe ez genuke egia osoa izango. Nik ikusi ditudan bertsolari eta txapelketa guztiak bigarren geruza ideologiko horretan ibili dira, modako ideien inguruan eta ukitu ezin diren gauzei buruz ezer esan gabe».

GARAIAN GARAIKO BANDA-ZABALERAK

1967ko txapelketako bertsoak ikusita, «euskaldun fededunaren banda-zabalera ideologikoan» sartzen direla ondorioztatu du Sarasuak. Handik hamarkada batzuetara, «euskaldun progresistaren banda-zabalera» topa daiteke. «Kontua da ‘euskaldun fededunaren banda-zabaleran’ denek aipatzen zutela jainkoa eta, handik hogei urtera, ‘euskaldun progresistaren banda-zabaleran’ ez du aipatzen inork. Espektro horren funtzionamendua oso gogorra da, ez okurritu hortik ateratzea. Ez bertsolariak aldatu direlako, banda-zabalera hori aldatu delako baizik».

Joxerra Gartziak bere tesian jasotzen zuen 1967an entzulegoa trinkoagoa zela, ideologia bertsua zutela eta bertsolariarentzat errazagoa zela. «Gartziak esaten zuen aski zela ‘ama’ jartzea gaitzat sekulako txaloak biltzeko. Garai hartan entzulea hain trinkoa eta bateratua zenez, Gartziaren ustez nahikoa zen entzule denek pentsatzen zuten zerbait aipatzea. Gero, berriz, entzulea asko ezpaldu da, ideologia desberdinak daude eta bertsolariari lana zaildu zaio. Hori da Gartziak dioena, baina nik ez dut horrela ikusi txapelketan. Nik uste dut banda-zabalera ideologiko horrek jarraitzen duela, eta akaso orain larrixeagoa da, lehen entzulegoa trinkoagoa izanda banda %90ak partekatzen zuelako. Baina, orain, ingurune ezpalduagoa daukazu, baina banda-zabalerak jarraitzen du trinkoa izaten eta jende gehiago beharbada kanpoan uzten».

Gaurko banda-zabalerari begiratuta, «euskal progresismoak izan duen gainbeherari lotuta» dagoela uste du. «Garbi dago euskal mundutxo honetara ere zuzen-zuzenean iristen direla modan jartzen diren hipermodernitateak jariatzen dituen kontsigna berriak, eta egun hiperprogresismoaren banda-zabalera oso estua dago finkatuta. Baliteke banda hori zabaldu izana esan daitekeenaren inguruan, baina esan ezin denaren inguruan ez da mugitu. Progresistek beren aurreko belaunaldiek sinisten zuten guztiarekin hautsi zuten eta, hala ere, aurreko belaunaldiek ulertu egin zituzten. Baina, aldi berean, progresistak ezin du jasan bere printzipiorik txikiena haustea edo zalantzan jartzea. Gauza bitxia da psikologikoki, ‘haustailea naiz, baina nire printzipiorik txikiena hausten baduzu, kantzelatu egiten zaitut’».

Bere ideiak argitzearren, Sarasuak Idahoko euskal amerikar baten begiradaren adibidea ekarri du hitzaldira, final bat ikusita egingo lituzkeen galderak propio piztuz. «Desberdin pentsatzen baduzue, zergatik kantatzen duzue denek gauza bera? Zergatik inork ez du Trumpen alde kantatzen? Hemen gizartearen erdia gaude Trumpen alde. Zergatik inork ez ditu israeldarren arrazoiak aipatzen? Zergatik inork ez du zalantzarik abortuaren gaiaren inguruan?». Akaso erantzungo genuke Idahoko jendarteak eta Euskal Herrikoak ez daukatela parekotasunik. «Ez, ez, Idahoko herritar horrek entzunak ditu ideia horiek denak, urte batzuk lehenago Kaliforniako ezkerreko banda-zabalera batean entzunak dituelako. Kontua da lehendabizi Kalifornian jartzen direla modan eta gero hona etortzen direla, bost urte beranduago. Idahoko euskal amerikar horrek esango luke: ‘Esaten dudana da zuek erabat marko ideologiko jakin baten barruan zaudetela’».

Hartara, Sarasuaren ustez, «darabilgun marko ideologikoa jakina da, eta nahiko pobrea. Niri egokitu zait erromesaldi neketsua egitea maila ideologikoan eta intelektualean eta hortik pobre ikusten dut. Zergatik? Denagatik. Adibidez, guk eskatu gabe jaio garelarik, hemen zer egiten dugun dioen galderagatik. Arlo existentziala eta espiritualitatea esparru oso bat da. Edo bioetikako galdera larriak ditugulako gainean eta ideologia progresisten mantra sinplistek ez digutelako balio horietarako. Edo munduan geopolitikan dauden proiektu desberdinek auzian jartzen dituztelako mendebaldeko balio politikoak. Edota genero ideologiek, feminismo motek, trans doktrinek, multikulturalismo diskurtsoek... sistemaren bozgorailuko argi berdea izateaz aparte -eta gai mamitsuak izateaz aparte-, auzitan jartzeko ertz eta gako asko dituelako... Eta bide batez, kapitalismoaren deseraikitze programa batean gaudelako eta diskurtsorik deseraikitzaile eta apurtzaileenak egungo kapitalismo fasearen interesen gidoian datozelako. Hainbeste gauza birpentsatu behar ditugu! Instalatu diguten aurrerakoi-atzerakoi eskema geometriko sinple hori erabat gainditu eta aurre-atzea dantzatzea eta berriro galdetzea zer behar dugun aldatu, eraldatu, zaindu, irauli, astindu, zeri behar diogun eutsi, zer hobetu, gelditu, berregin... galdera asko daude. Eta horregatik guztiagatik iruditzen zait pobrea bertsogintzaren banda-zabalera hori».