Arnaitz GORRITI
EMAKUMEEN ENDESA LIGA

Valentzia Basketen izarrek itzali dute IDK Euskotrenen partida bikaina

Aurreneko erdi eskas bat egin eta gero, 12 puntuko aldeaz aurre hartu zuen talde donostiarrak, Iris Mbulito eta Alba Prietoren eskutik. Azken laurdenean, Iagupova buru zutela, valentziarrek 0-17ko partzial batekin buelta eman zioten partidari.

IDK Euskotrenek partida bikaina jokatu zuen, galdu arren.
IDK Euskotrenek partida bikaina jokatu zuen, galdu arren. (Andoni CANELLADA | FOKU)

IDK Euskotrenek garaipena eskura izan zuen, 12 puntuko aldea ere eduki baitzuen Valentzia Basketen aurka. Baina egungo Liga eta Kopa txapeldunak bere talentua garaiz atera zuen. Azken laurdenean 0-17ko partziala erdietsi zuen, Alina Iagupova ukrainarra buru zela, eta azken segundoetan Queralt Casas eta Hemperen hirukoek puntu bakarreko garaipena eman zioten talde valentziarrari, Alba Prieto eta Mbulitoren lana zapuztuz.

Bezperan Estudiantesek Zaragozari irabazi zion eta, balentria horrek hauspotuta edo, IDK Euskotrenek ere bikain ekin zion neurketari, 9-2ko partzial baten bidez. Valentziak deseroso zirudien, kantxan lekua aurkitu ezinik. Ruben Burgosek ezinbestean hutsartea eskatu behar izan zuen, markagailua 11-4 zela.

Iparra galduta zebilen egungo Emakumeen Endesa Ligako eta Kopako txapelduna, baina talde donostiarrak ez zuen behar bezala baliatu egoera hori. Hirukoekin tematu ziren valentziarrak, batere asmatu gabe, nahiz eta jaurtiketa argiak izan.

Bestetik, Elena Buenavida eta Alba Torrens kantxaratzeaz bat, Valentzia Basket erreboteak irabazten hasi zen, eta jaurtiketa egoera hobeak aurkitzen ere bai. Marie Gulich pibot alemaniarrak uztaipea bere etxe bihurtu zuen aurreneko laurdenaren azken minutuetan, eta hala, 0-8ko partzial bati esker, Valentzia Basketek buelta eman zion laurdenaren amaieran Ibaeta Basketen hasiera bikainari: 11-12.

Burua lepo beretik zela ekin zion bigarren laurdenak ere, talde biek puntuak pilatzeko sekulako arazoekin. Bost minutu behar izan zituen etxeko taldeak bere aurreneko saskiratzea lortzeko; Valentzia ez zen ezta neurri eskas hori ere emateko kapaz izan, Queralt Casasek minutu bat geroago bi saskiratze jarraian kateatu zituen arte.

Azu Muguruzak hutsartea eskatu zuen 14-16ko markagailuarekin eta, tira, halako batean esnatu ziren haren jokalariak. Uztaipean bada ere, saskirako bidea aurkitu zuten. Eta, horrez gain, erreboteak jasotzeko garaian Iris Mbulitok sekulako lana egin zuen, berdin defentsan nola erasoan, aurrean munduko mailako izarra den Alina Iagupova ukrainarra izanagatik ere.

Are gehiago, partida atsedenaldira iristear zela, Maria Españak partidako bigarren hirukoa asmatu zuen -aurrenekoa Alba Prietok partida hastapenean asmatu ondoren-. Besterik ezean, eta saskibaloi mailari zegokionez horrenbeste kalamidade nozitu eta gero, aldageletara 23-18 aurretik iristea balentria izan zen donostiarrentzat.

IZARRAK PIZTU ARTE

Atsedenaldiak on egin zion Ibaeta basketi. Aurreneko erdian bizi izandako sustoa atzean utzita, kateak apurtu eta hegan egiteko baliatu zuten Azu Muguruzarenek. Iris Mbulitok Donostiara iritsi denetik bere minuturik onenak jokatu zituen hirugarren laurden honetan, eta Valentziak berak, batez ere Fingallen bidez puntuak errazago sartuz. Gipuzkoarrak aldea zabaltzea lortu zuten, hamar puntuko mugara iritsiz.

Baina Valentzia Basketek noizbait esnatu behar zuen eta Iagupovak bere maila erakusteko ordua iritsi zela erakutsi zuen. Ukrainarraren bitartez, 0-17ko partziala lortu zuen Valentzia Basketek, 47-37tik 47-54ra iraulirik markagailua. Zorionez, Ibaeta basketek ez zuen bururik makurtu eta, Erin Whaleni eta Alba Prietori esker, aurretik jartzea lortu zuten (56-55), minutu baten faltan.

Ruben Burgosek zuzentzen duen taldeak, ordea, ez zuen partida oparitzeko aukerarik eman nahi, eta Hempe eta Queral Casasen hirukoek neurketa erabakita utzi zuten. Prietok 59-60koa ere sartu zuen eta Maria Españak azken aukera bat izan zuen, baina kantxa erditik ezin asmatu. Nolanahi dela, Azu Muguruzarenek burua tente agur esan zioten Gascari. Igandean nekez irabaziko dute Fontetan, baina lehiakorrak izan ziren atzo, eta ez da gutxi.