Maider IANTZI GOIENETXE

Euskaraz eta harro azaltzeko ekintzak, Euskal Herri osoan

Euskaldunon Harrotze Astea da honakoa. EHEk euskararen aldeko borrokak ikusarazteko eta indartzeko deia egin du. Erantzunak ugariak eta zabalak izaten ari dira kalean zein sarean.

Euskaldunon Harrotze Asteko ekintza nazionaletako bat Bilbon egin zuten,  asteazkenean.
Euskaldunon Harrotze Asteko ekintza nazionaletako bat Bilbon egin zuten, asteazkenean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskaldunon Harrotze Astea aurrera doa eta, tokian tokiko ekintzez gain, nazionalak ere egiten ari dira. Horietako bat asteazkenean izan zen, Bilbon. Euskal Herrian Euskarazek, hiriko euskalgintzako eragileekin batera, Euskararen Ordenantza berri bat exijitu zion Udalari. «Instituzioek euskara erdian jarri eta hizkuntza politika sendoak planteatu behar dituzte», defendatu zuten.

Salatu zutenez, «euskaldunontzat eta euskararentzat bizigarria ez den hiria eraikitzen ari dira, non aginte makila gaztelaniaren eta hizkuntza globalen akuilu den eta euskarari zein euskaldunoi mugak jartzeko erabiltzen den».

«Euskaldunok ez dugu bigarren mailako herritar izaten jarraitu nahi, eta gure eskubideak errespeta daitezela eskatzen dugu. Bilboko eta nazio mailako euskalgintzaren aspaldiko aldarrikapena izan da lege babes handiagoa izatea eta hiriaren hizkuntza irizpideak arautuko lituzkeen euskararen udal ordenantza egitea. Aspertu gara beti adeitsuak eta atseginak izateaz, aspertu gara isilpean pasatu behar izateaz, aspertu gara mespretxatuak izateaz. Harrotasunez eta tinko eutsiko diogu geureari, euskarari!», adierazi zuten.

BESKOITZEN

Bertze ekintza nazional bat ostegunean egin zuten, Beskoitzen, “Euskaraz bizitzeko, hezkuntza euskalduna” lelopean. Beskoitzeko Ikastolakoek beren historia, borrokak eta egungo egoera kontatu zituzten, eta unibertsitateetako euskara taldeek eta Azterketak Euskarazekoek segitu zieten. Azkenik, hezkuntza euskaldunak nolakoa izan behar duen hausnartu zuten elkarrekin.

Horrelako espazioen eta saretzen jarraitzeko beharraren inguruan denak ados daude, baita eremuz eremu borrokak piztearen eta indartzearen garrantzian ere. Bide horretan, berriki onartu den EAEko Hezkuntza Legea «porrot historiko bat» izan dela eta askotariko eragileen arteko estrategia bateratuak behar direla erran zuten.

«Tokian tokitik, behar dugun benetako hezkuntza euskaldunaren alde guztiok ari garela ikusarazi nahi izan dugu. Baita borrokatuz garaipen txiki-handiak lortzeko gai garela ere», ohar egin zuten. Amaitzeko, Euskal Herriko maparen silueta zuen mosaikoa osatu zuten.

SAREAN

Gaur egun sareak ere kalearen parte direnez, “Sarean ikusiko dugu elkar” manifestua sinatu du hainbat lagunek, plaza digitalean ere euskaraz bizi nahi duela adierazi eta euskaltzale orori euskaraz bizitzeko deia egiteko. «Interneten topa ditzakegu euskaraz bizitzeko espazio berriak, mugen gainetik batzeko gauza direnak».

Aste osoan herriz herri sumatzen ari da euskaldunon harrotasuna. Adibidez, Larzabalen Hilarri Biribilen Interpretazio Zentroaren seinaletikan lehentasuna euskarari eman diote tindaketa batekin. «Euskal Herrian euskara bigarren mailako hizkuntza bat bezala tratatua da. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, zeren hizkuntza batek bizitzeko lurralde bat behar du, non herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren», azaldu dute.

Sareetan #EuskarazTaHarro etiketa idatzita ikusi eta konpartitu daitezke Harrotze Astearen barneko ekintza guztiak.