XABIER IZAGA
GASTEIZ

Ibon Aranberrik 90eko hamarkadatik hona sortutako lanak hartu ditu Artiumek

Atzo Ibon Aranberriren «Entresaka» erakusketaren inaugurazioa izan zen Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan. Artista itziartarrak 90eko hamarkadatik gaur arte egindako obra sorta eta bertan agertzen dituen kezkak ikusgai egongo dira irailaren 29ra arte, atzo ere aurkeztu zen Patricia Dauderren «Unform» bezala.

Ibon Aranberri, Artium Museoan.
Ibon Aranberri, Artium Museoan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ibon Aranberriren atzerabegirakoa, 90eko hamarkadatik gaur arte egindako obra sorta, ikusgai jarri du Artium Museoak. ‘Entresaka’ erakusketa Gasteizko museoak eta Madrilgo Reina Sofia museoak elkarlanean egindako proiektuaren atal bat da. Haren lehen atala Reina Sofiako ‘Vista Parcial’ izenburuko erakusketa izan zen, eta biak Manuel Borja Villel eta Beatriz Herraezek komisariatu dituzte.

Aranberrik erakusketaren aurkezpenean esan zuenez, titulu bi dituzte, proiektu bi dira, baina proposamen bat da, erakusketa biak uztartzen dituena. «Proiektu berak izan ditzakeen bi kapitulu», baina ez modu linealean, baizik eta «ia-ia bata bestearen kontraesana, edo batak bestea zalantzan jartzen du».

PAISAIA MODERNITATEAREN ERAIKUNTZA GISA

Aranberriren lan «adierazgarriek» osatzen dute erakusketaren parte nagusia, eta bere kezka agertzen du haietan paisaiaren eraketa prozesuengatik eta gizakiaren esku hartzeak eragindako eraldaketengatik.

Lan horietako askok ideia bat dute ardatz, paisaia modernitatearen eraikuntza gisa, makroproiektu handien garapenari bide ematen diona. Zenbait obrak beste kezka batzuk agertzen ditu; esate baterako, lehen industrializazioaren eta haren aztarnen ondare material eta kontzeptuala berrikusiz. Hartarako, erreferentzia eta keinu ugari dituen «ehun batean» eratzen du bere lana, «osotasun baten hondakin eta ingeradetara egindako zehar-begiraden bidez, osotasun hori erabat definitu gabe geratzen dela».

Erakusketan, besteak beste, 2011n Tapies Fundazioak Aranberriri eskaini zion erakusketarako bitartekaritza elementu gisa garatutako 'Organigrama' sistema egitura ikusten da, Donostian izan zen 'Bake-Ituna' erakusketarako egin eta Eibarko Armagintza Museora eraman zuen 'Makina eskua da' instalazioa edo 'Política hidráulica' argazki instalazioa, penintsulan barreiatuta dauden presa eta urtegien irudiz osatua.

Erakusketa ez dago espazio bakar eta itxi batean ikusgai, baizik eta museoko zenbait aretotan, baita Bildumaren aurkezpenari eskainitakoan ere; hala, bertan ikus daiteke Nestor Basterretxearen “Izaro” eskulturaren bertsio bat eta Lemoizko zentral nuklear amaitu gabearen hondarrekin lotutako proiektuen maketetan berak egindako esku hartzeak, besteak beste.

PATRICIA DAUDER

Aranberriren erakusketarekin batera, Patricia Dauderren (Bartzelona, 1973) ‘Unform’ ere inauguratu zen atzo. Irailaren 29ra arte daude ikusgai A3 eta A1 aretoetan, hurrenez hurren, Aranberriren eta Dauderren obrak.

Hamar urtean sortutako lan batzuk ditu Patricia Dauderren obrari eskainitako erakusketak: eskulturak, marrazkiak, instalazioak eta filmak, betiere artistak une afektiboak arakatzeko duen interesa aztertzen dutenak, askotan aztarna ia sumaezinak uzten dituzten uneak.

Juan de Nievesek erakusketarako idatzi duenez, haren paisaia «ez dago lurralde geografiko bati lotuta, ideietatik eta gauzetatik abiatuta antolatutako entitate bati baizik».

Erakusketaren komisario Catalina Lozanok esan zuenez, aurreko obren birplanteamenduak dira asko, eta egileak ere esan zuen lan birkokatu eta eraldatuak direla, irudien, objektuen eta materialaren arteko elkarrizketa gisa.

Denboraren joana giltzarria du Dauderrek, obrak egitean maiz ez baitaki esanahia atzematen, eta denbora behar du egindako lanari testuinguru bat eta esanahi bat emateko.