Maider IANTZI
ANDOAIN

Xabier Mendigurenen lorratzean, akordioa da Kontseiluaren bidea, jauziaren oinarria

Joan den urrian hil zen Xabier Mendiguren Bereziartu omendu zuten atzo Andoainen. Itzultzaile Eskolaren sortzailea eta Kontseiluaren lehen lemazaina izan zen, eta gauzak egiteko bertze era bat utzi zuen: «Horma hor dago, begira dezagun gainetik zer dagoen».

Paul Bilbao eta Pilar Kaltzada, Kontseiluko langile ohiak, Xabier Mendiguren omentzen.
Paul Bilbao eta Pilar Kaltzada, Kontseiluko langile ohiak, Xabier Mendiguren omentzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean elkartu zen atzo euskalgintzako lagun ugari. Kontseiluaren 2024ko batzar nagusia egin zuten eta bertako berritasun nagusia Errigoraren bazkidetzea izan zen. Hitzordu hori baliatuz, ekitaldi ireki eta publikoa deitu zuten erakundearen lehen lemazaina izan zena, Xabier Mendiguren Bereziartu, omentzeko. 1945ean Ezkion sortu eta 2023an, 78 urte zituelarik, eritasun baten ondorioz zendu zen bidelaguna eskertu nahi izan zuten, eta haren lana oroitu, akuilu izan dadin.

Aize Otaño Kontseiluko lehendakariaren sarrerako hitzen eta Oihana Iguaranen bertsoaren ondotik, Josu Zabaleta eta Aintzane Ibarzabal itzultzaileak hasi ziren solasean... eta segi eta segi egin zuten antolatzaileek keinu bidez isiltzeko agindu arte. Mendiguren ere horrelakoa zen. Haren bizian eta itzulpengintzan hain ezagunak ez diren alderdi batzuk ekarri eta balioan jarri zituzten Martuteneko Itzultzaile Eskolan lankidea izan zituenek. Erran zuten duela mende erdi itzulpengintzari buruzko diskurtso bat hasi zela Euskal Herrian, eta hori zor zaiola Mendigureni, bertze lekuetan egiten zena bildu, ekarri, hemengo premietara egokitu, eta zabaldu zuelako.

Ezkiotarraren hiru ezaugarri nabarmendu zituzten: «Bazekien momentuko egoerari begiratzen, baina, aldi berean, urrun ere bai; jendea biltzen zekien; eta baita talde lana bultzatzen eta antolatzen ere».

Hasiera indartsu eta emankorra izan zen: “Senez” aldizkaria abiatu zuten, eta 3.000 ikasleri ikastaroak eman. Eskola gainbehera etorri eta itxi zenean, lanean jarraitu zuen gauzak egiteko bere modu berezi horrekin. Pilar Kaltzada Kontseiluko komunikazio buru izan zenari lorratz hori utzi zion, eta hagitz eskertuta dago. Bai Euskarari kanpaina handi hartan ezagutu zuen. «Bost estadioak betetzea objektiboki ezinezkoa zen, baina posible zela sinetsarazi zigun. Euskalgintzaren pribilegioa da Xabierrek emandako ausardia hori», adierazi zuen.

SINBIOSIA

Paul Bilbaori eman zion lekukoa Mendigurenek Kontseiluaren gidaritzan, baina algortarrak lehenagotik ezagutzen zuen, ume koskorra zela herriko ikastolan euskara irakasten zuen gipuzkoar gisa. Handik 25 urtera berriz batu ziren, eta «plazera» izan zen.

«Bere pazientzia eta determinazioa gogoratzen ditut. ‘Horma hor dago, baina begira dezagun gainetik, ea zer dagoen. Gure helburua hara iristea da’. Xabier urduria eta kezkatua ere ezagutu nuen, oldarraldia iristean lehen lerroan kokatu zena, aurre egitetik aurrera egitera pasatuz».

«Kezka, ardura, determinazioa, ausardia, adostasunerako bokazioa... Horiek dira Mendigurenen eta gaurko euskalgintzaren ezaugarriak».

«ERRESPETUA ETA ASKATASUNA»

Momenturik hunkigarriena Oihana Mendiguren alabaren hitzartzea izan zen, omenaldiagatik bihotzez eskerrak ematearekin batera, aitaren hitzak defendatu zituelako: baserria, herria, familia, euskara, hizkuntzak. 15 hizkuntza ikasi zituen, elkar ulertzeko, zubiak eraikitzeko eta beso zabal edonor onartzeko. «Aitaren etxea hitza zen, baita ekintza ere. Errespetua eta askatasuna».

Jarraian, Idurre Eskisabel Kontseiluaren idazkari nagusiak etorkizunerako mezua eman zuen: Mendigurenen lorratzean, «akordioa da Kontseiluaren proposamena, jauziaren oinarria eta bultzada».