A. G.
HERRI KIROLAK

Iker Vicentek airean eraman du Txikia IV.a

Iker Vicente, ahalegin betean.
Iker Vicente, ahalegin betean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Zorionak Iker Vicenteri. Aurrez Harria V.aren eta Mikel Larrañagaren aurka apustuak irabazi eta gero, atzo arratsaldean, Tolosako zezen-plazan, nahieran hankapean erabili zuen Julen Alberdi “Txikia IV.a” ere. Azkoitiarra, lotuta agian presioagatik edo dena delakoagatik, ez zen bere ohiko mailan aritu, baina meriturik eman behar zaio Otsagabiko aizkolariari ere.

Lehenengo enborretik erritmoa bikain hartu zuen nafarrak eta goitik behera menpean izan zuen apustua. Lastima, agian, emoziorik ez zela izan eta azkenerako -bete egin baitzen Vicente bera ere- ez zuela 50 minutuko langa hautsi.

Aurreneko enborretik, berehala nabarmen geratu zen aizkolari bien arteko aldea. Ondo egindako lanaren meritua erdi bana parteka dezakete, baina lan bikainaren poderioz apustua Iker Vicentek eraman zuen; alegia, 14.000 euroko diru saria, zorionak eman besterik ezin da egin.

Hamar minututik gorako aldea atera zion Iker Vicentek Julen Alberdiri. 51 minutu eta 5 segundoan erdibitu zituen 14 kana-erdikoak eta 60 ontzako beste zortzi enborrak nafarrak. Ordubete, minutu bat eta 32 segundo behar izan zituen Txikia IV.ak lan hori bera burutzeko. Hala ere, jendearen animorik batek ere ez zuen falta izan.

GOZATZEA KOSTA

«Irabazteak balio zuen hemen. Ez nago erabat gustura eraman dudan taktikarekin, baina nik uste egurrei hasieran ondo eman diedala. Agian bigarren erdian behera erori naiz, baina ez da erraza norberaren erritmoa kudeatzea hainbesteko aldearekin. Baina azkenean irabazita oso gustura horregatik», adierazi zuen Iker Vicentek.

«Ez dut harro egoteko moduko lanik egin. Ez dut batere gozatu, denbora guztian erabat beteta egon naiz eta kolpe bat ez nuen zuzen ematen. Indarka arituta hemen jai dago eta hasieratik bukaerara arte arrastaka ibili naiz», onartu zuen, berriz, Txikia IV.ak.

Nolanahi ere, herri-kirol zaleek gustura amaitu zuten; Otsagabitik etorritako zaleek, herriko mutilaren beste garaipenagatik eta osterantzekoek, kirol ikuskizun bikaina ikusi zutelako.