Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Olinpiar Jokoen atarian, lehiakide faboritoen izenak indarra hartzen ari dira

Abuztuan Parisen egingo diren Olinpiar Jokoetan eskaladak tokia izango du, bigarrenez. Tokion izan ziren aurreko jokoetako formatua pixka bat aldatu dute, eta kinielak egiten hasi dira.

Janja Garnbret esloveniarra da faborito nagusia da; duela bi urte urrea irabazi zuen.
Janja Garnbret esloveniarra da faborito nagusia da; duela bi urte urrea irabazi zuen. (ISCF)

Lau hilabete baino gutxiago falta dira kirol mailan sona handieneko hitzorduak lehen urratsa egiteko. Olinpiar Jokoei buruz ari gara; hain zuzen ere, Parisen jokatuko diren horietaz. Festa erraldoi eta erakargarri horretan makina bat kirol lehia izango da, eta eskaladak, bigarrenez, berezko lekua izango du.

Duela bi urte, Tokion, Olinpiar Jokoetarako txartela lortu zuten eskalatzaileen lanak ikusteko aukera paregabea izan genuen. Formatu bakarrean jokatu zen. Egungo hiru modalitateak jaso ziren: abiadura, boulderra eta zailtasuna. Baina formatu konbinatuan. Horrek esan nahi du hiru modalitate horietan lortutako puntuak batu eta sailkapen orokorra osatu zela. Janja Garnbret esloveniarrak eta Alberto Gines espainiarrak lehen urre olinpikoak erdietsi zituzten.

Parisen izango diren hitzordu berezi horietan, berriz, aldaketa txiki bat egongo da. Abiadurako proba alde batetik jokatuko da; eta, bestetik, boulderra eta abiadura konbinatuan. Dagoeneko, lehiakide batzuek patrikan dute txartela. Falta direnak, berriz, datozen bi hilabeteotan izango diren lehietan banatuko dira.

Bestalde, han-hemen hasi dira kinielak egiten. Espekulazio hutsak dira baina, okerrik ezean, lerrootan aipatuko ditugun sei eskalatzaile norgehiagoka ikusiko ditugu prestatuko dituzten egituretan lehiatzen. Horiek guztiek, gainera, txartela eskuratu dute. Honakoak dira: Janja Garnbret, Jakob Schubert, Oriane Bertone, Sorato Anraku, Natalia Grosman eta Tomoa Narasaki.

Lehenik eta behin, duela bi urte urrea irabazi zuen Garnbret aipatuko dugu. Inolako zalantzarik gabe, esloveniarra egungo espezialista sasoikoena eta eraginkorrena da. Erregina, alde guztietatik begiratuta. 24 urte besterik ez ditu, eta, aipatu dugun urre olinpikoaz gain, Munduko Kopan eta Txapelketan, boulderrean zein zailtasunean, 40 titulu baino gehiago irabazi ditu. Hortaz, zalantzarik gabe, Olinpiar Jokoetako faborito nagusia da. Esloveniarrari aurre egitea egundoko lorpena izango litzateke.

Urteen poderioz garatutako talentua sendotu du. Baina hori lortzeko, azpimarra egin behar zaio egin duen lanari. Duela zortzi urte nazioarteko zirkuitu ezberdinetan debuta egin zuen, eta pixkanaka ahulguneak eta indarguneak orekatu ditu. Lehen hitzordu ofizialetan argi uzten zuen hobekien eskalatzen zuen lehiakidea zela, baina fisikoki ez zen indartsuena.

2019. urtean, berriz, dena aldatu zen. Bere estiloa indartu eta hobetu zuen; hots, garapen handia izan zuen. Eskalada indartsuagoa eta ez hain instintiboa egiten hasi zen; estatikoagoa eta ez hain azkarra. Eta trantsizio horrek erabateko nagusitasuna ekarri zion. Oraindik gaztea da, baina argi utzi du eskarmentu itzela duela. Zailtasuneko modalitatean (sokarekin egiten dena) ziur aski ez du aurkaririk izango. Boulderrean, agian, “ezustekoren” bat jaso dezake.

Schubert da bigarren protagonista; hots, Tokion brontzea eskuratu zuen eskalatzailea. Cyborg edo makina aipatzen denean, den-denak austriarrarekin gogoratzen dira. 33 urteko beterano honen ezaugarri nagusietariko bat da ez duela irregulartasuna ezagutzen. Fisikoki eta buruz oso indartsua da, eta lortutako sariak aipatzen baditugu, harrigarria da duen historia. Duela 17 urte seniorretara jauzi egin zuen, eta bere beira-arasan, egun, 25 garaikur baino gehiago ditu.

Austriarraren oinarri fisikoa berezia da oso. Ziur aski lehiakideen artean indartsuena da. Arrokara igarotzen bagara, hori guztia argi ikusten da; izan ere, gai da sokarekin 9c egiteko eta boulderrean 9a maila. Indargune horrek asko laguntzen dio blokeko zirkuituan beti aurrean egoteko. Jakina, zailtasunean ez da atzean geratzen.

Horretaz gain, benetako estratega da. Duen eskarmentuarekin egoera zailenak bikain aztertzen ditu. Badirudi beti joko taktikoan ibiltzen dela. Hitz gutxitan esanda, oso azkarra da.

Bertonek 19 urte besterik ez ditu, eta, dagoeneko, muturreko lorpenak sinatu ditu. Berez, boulderrean (arrokan) eginiko jarduerengatik ezaguna egin zen. Gazteen mailako lehietan parte hartzen hasi zenetik, ibilbide oparoa egiten ari da. 16 urterekin, adibidez, frantziarra lehen lerroan zegoen.

Seniorretan, berriz, hiru urte daramatza. Denera, sei domina lortu ditu; iaz, adibidez, Pragan jokatutako Blokeko Munduko Txapelketa irabazi zuen. Hitzordu horretan Garnbreti gailendu zitzaion.

Eskalatzaile oso teknikoa da; hori da Bertoneren ezaugarri nagusia. Mugimendu dinamikoetan eta koordinazioarekin bikain moldatzen da. Fisikoki ere asko aurreratu du. Ahulgune bat aipatu behar izatekotan, erresistentzia da hori.

Ez dago zalantzarik boulderreko proban faboritoetako bat izango dela, baina oraindik argitzeke dago zailtasunean maila ona emango duen ala ez. Gogoratu behar dugu konbinatu formatua indarrean egongo dela. Gaztea izanik, presioa ondo kudeatzen ari da eta horrek bere jardunei plus bat emango die.

JAPONIARRAK

Anrakuk ere Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du. Orain arte erabat ezezaguna zen, baina iaz egundoko ezusteak eman zituen. 17 urterekin, haur prodijio bilakatu da. Gazte mailan bi urte soilik egin zituen. Emaitza: lau domina. Horietako bat, urrea Zailtasuneko Munduko Txapelketan. Iaz, 16 urterekin, lehen aldiz seniorretan ikusi genuen, eta ahoa bete hortz utzi zuen mundu osoa: 16 lehiaketa, 14 final eta 7 podium. Hori gutxi ez, eta urte berean Boulderreko eta Zailtasuneko Munduko Kopa irabazi dituen lehen lehiakidea bihurtu da.

Faborito nagusia izango ote den? Nork daki. Baina japoniarrak argi utzi du bi modalitate horietan erregularrarena dela. Zirrara sortzen du blokeko bolumen handietan nola mugitzen den. Ez du ahulgunerik erakusten, eta final guztietan oso-oso kontzentratuta ikusi dugu. Hasieratik amaiera arte.

Anrakuk zalantza bat “soilik” argitu beharko du. Oso gaztea denez eta ibilbide laburra duenez, nola gestionatuko ote du eskarmentu txiki hori? Alabaina, askok diote konbinatuko urrea zain duela.

Narasaki da bigarren japoniarra. Nazioarteko lehietan lortu dituen emaitzak aipatzen baditugu, bada, zur eta lur geratzekoak dira. Honako zenbakiak ditu: urrezko 8 domina eta 16 zilarrezkoak Munduko Txapelketan. Zehaztu behar dugu hori guztia boulderrean sinatu duela. Adam Ondrak berak dio modalitate horretan munduko lehiakide onena dela.

“TOMOA ESTILOA”

Beti azpimarra jartzen zaio tomo estiloari. Zirkuituko lehen lehietan ikusle guztiak txunditu zituen bere estilo modernoarekin: oso gimnastikoa dena.

Bestalde, sormen handikoa izateaz gain, egokitzapenerako gaitasun handia du. 27 urteko eskalatzaileak eskarmentu handia du, eta horri esker boulderrean egiten dituen lehiek ia perfekziora eraman dute.

Boulderrean ez zaio akats bat bera ere aipatu, baina ikusteko dago zailtasunean gai ote den maila txukuna lortzeko. Podiumean sartzeko, hor egongo da gakoa.

Amaitzeko, Grosman aipatu behar da. Badirudi, 22 urteko estatubatuarra bakarretakoa dela Garnbreten aurrean sailkatzeko. Gogoratu behar dugu hiru lehiakidek lortu dutela hori: Bertonek, Ai Morik eta Grosmanek berak.

Gazte mailan emaitza bikain asko sinatu zituen. Seniorretan duela hiru urte muturra sartu eta zenbaki oso onak erdietsi ditu: Boulderreko Munduko Kopan bederatzi urrezko domina eta Munduko Txapelketa bat.

Fisikoki oso indartsua da, baina askok diote burua dela bere ezaugarri boteretsuena. Final guztietan badirudi burbuila batean sartuta dagoela; ia erabat isolatuta. Eta bere lehiakideek onartu dute kontzentrazio horrek zirrara sortzen duela. Gogoratu behar dugu bere kirol ibilbidearekin batera Psikologia ikasten ari dela.

Ezaugarri horiek guztiek alderdi batean dute isla; alegia, estatubatuarraren eraginkortasunean; esfortzu gutxirekin mugimendu oso zailak gainditzen ditu. Gaitasun horrek boulderrean makina bat proba irabazten lagundu dio. Narasaki japoniarrak bezala, Grosmanek zailtasuneko proban zalantzak uxatu beharko ditu.