Iraitz MATEO

Egungo hezkuntza eredua iraultzeko zenbait bide

Gaur egun Euskal Herriko hezkuntza sistema zein joko-zelaitan dagoen aztertu du Ikamak. Ikasleen ikuspuntutik, hezkuntza eredu propio baterako zein bide-orriri jarraitu beharko litzaiokeen azaldu dute txosten batean. Analisia oinarri hartuta ikastetxez ikastetxe arazo-mota zehatzak identifikatzera eta lan egitera deitu dute.

Ikamako ikasleek beraien egunerokoa hobetzeko hezkuntzan egin beharreko aldaketak aldarrikatu izan dituzte hainbat mobilizaziotan.
Ikamako ikasleek beraien egunerokoa hobetzeko hezkuntzan egin beharreko aldaketak aldarrikatu izan dituzte hainbat mobilizaziotan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Hezkuntzaren joko-zelaian jokatzeko bide-orria” txostena argitaratu du Ikama gazte antolakundeak, Euskal Herriko hezkuntza sistemaren analisi bat. «Ikasleen kontzientzia pizteko, eta behin kontzientzia hori piztuta aktibazio bat lortzeko»; helburu horri jarraituz osatu dute analisi txostena. Baina helburu nagusia «problematika lokalei aurre egitea» dute; hala kontatzen du Haizea Abasolo Iruñerriko ikasle eta Ikamako kideak.

Testuinguru globala eta lokala uztartzen ditu analisiak, eta zazpi atal nagusi ditu: zerbitzuak eta azpiegiturak; digitalizazioa; pedagogia eredua; ikasleen eskubideak; kontrol soziala; baliabide ekonomiko eta materialak, eta curriculuma. Atal bakoitzaren azterketa egiten dute txostenean; zapalkuntzak identifikatzen dituzte batetik, «elkarrekin gurutzatuta» gorpuzten diren arren banatutako ideietan azaltzen ahalegintzen dira, eta ondoren, aldarrikapen edo neurri zehatzak jartzen dituzte mahai gainean.

Ikastetxez ikastetxe ari dira gauzatzen “Asko dugu jokoan” dinamika. Izan ere, Abasolok azaltzen duenez, nahiz eta «espainiar eta frantziar estatuen menpe bizi, eta sistema kapitalista heteropatriarkal zein kolonialak zeharkatu», ikasleek egunerokoan beren ikastetxeetan arazo-mota zehatzak dituzte. Eta horiei aurre egitea beharrezkotzat jotzen dute, inoiz hezkuntza eredu duinik izango badute.

ZAZPI ATAL, HAMAIKA HAUSNARKETA

«Eskatzen ditugunak oinarrizko eskubideak dira: material duinak, kontrol sozialik eza, pedagogia-eredu euskaldun eta feministak..», adierazi du Abasolok. Ikastetxeek gutxieneko eskubide horiek bermatu beharko lituzketela iruditzen zaio, baina horrela ez denez, lanean jarraituko dutela baieztatu, eta azaldu du egindako analisia horretarako beste tresna bat izatea espero dutela.

Ikasleek arlo bakoitza sakon aztertzen badute ere, egiten duten analisitik hainbat gako ekarriko ditugu lerrootara. Lehendabizi hezkuntza ikasleen eskubide unibertsala izan behar litzatekeela nabarmentzen dute: «Hezkuntza integrala balio feminista, euskaldun, askatzaile eta kritikoen baitan eraikitakoa izan behar da, kontrara, ez baitu gure integraltasuna bermatzerik». Eskubideei lotuta, greba eskubidea, ikasle gelarena, jardun politikorako eskubidea eta erabakiguneetan parte hartzea azpimarratzen dute.

Zerbitzu eta azpiegiturei dagokienez, jangelek izan beharreko zenbait ezaugarri nabarmentzen dituzte: doakoak, espazio hezitzaileak izatea eta elikadura osasuntsua bermatuz. Garraioari, ordutegiari eta azpiegiturei erreparatuz, «ikasleen beharretara moldatu» behar direla aipatzen dute.

Digitalizazio arloan adierazten dute gero eta bitarteko pedagogiko digital gehiago erabiltzen direla ikastetxeetan, eta horien arriskuez ohartarazi dute; egoera horren aurrean, eskuragarri dituzten baliabideak «kritikoki aztertzen» ikasi nahiko lukete, eta tresnetan burujabetza digitalerako bidea landu. Izan ere, ikasleen informazio gehiena «AEBetako multinazionalen esku» geratzen dela diote. Digitalizazioarekin batera landu dute kontrol sozialaren afera; izan ere, kameren gorakadaren arazoaz gain, Inika, Alexia eta Ikasgunea bezalako aplikazioen erabiltzaileak gurasoak direla salatzen dute, eta horiek «ikasleen infantilizazioa» bultzatzen dutela.

PEDAGOGIA ETA CURRICULUMA

Egungo pedagogia ereduan ikasleei begira «bikaintasuna, lehiakortasuna eta produktibitatea» balioak lehenesten direla jasotzen du txostenak, eta hezkidetza oinarri izango duen eta zigorraren kultura baztertuko duen eredua aldarrikatzen dute. Ikastetxe gehienetan darabilten ebaluazio sistemak «pertsonak sailkatu, osasun mentala kaskartu, eta indibidualismoa eta lehiakortasuna bultzatzen» omen ditu, eta, beraz, eredu propio bat beharrezko ikusten dute: «Ebaluazio eredu propioa behar dugu, ikaslea erdigunean kokatuz herri gisa ditugun eskubide, helburu, erronka, nahi eta ametsak aintzat hartuko dituen eredua. Horretarako, ezinbestekoak ditugu burujabetza eta euskal curriculum propioa».

Aldarrikatzen duten curriculum ereduak «burujabea eta nazionala» izan behar du, eta betebeharreko ezaugarritzat dute ikasleak «prozesuaren zentroan jartzea, balio askatzaileen baitan garatzea eta euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren historia erdigunean kokatzea». Tokian-tokian curriculuma moldatzeko askatasuna beharrezkoa da, Ikamaren iritziz.

Baliabide ekonomikoei lotuta, berriz, zerbitzuen garestitzea eta ikasleak ekonomikoki segregatzen direla salatzen dute: «Ez da onargarria familien baliabide ekonomikoen arabera jasotzen dugun hezkuntzaren kalitatea eta erosotasunak ezberdinak izatea».

BEGIRADA ZABALDU, EREDUAK

Tokian tokiko lanketen balioa azpimarratzen dute Ikamako kideek, eta, ildo horretan, Azterketak Euskaraz kolektiboak brebeta azterketa osorik euskaraz egiteko lorpena «eredutzat» hartzen dute. «Helburuak lortzea posible» dela ikusteko balio izan dietela gaineratu dute. Horren harira, euskararen eta Nafarroaren egoera hartu ditu hizpide Abasolok: «Zonifikazioa lotsagarria eta latza da. Nafarroa bat da eta ez hiru. Horren alde borrokan jarraituko dugu». Hezkuntza euskalduntzearekin batera beste hamaika erronka dituzte Ikamako kideek, eta ikastetxez ikastetxe lanean jarraitzera eta ikasleen baldintzak hobetzera deitu dute.