Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
Interview
ESTHER ARROJERIA
Bera Berako jokalaria

«Oraintxe zen agertzeko momentua eta pozik nago agertu naizelako»

Duela hamabi urte egin zuen debuta Esther Arrojeriak (Usurbil, 1994) Bera Berarekin eta aspalditik da taldearen ikur. Denboraldi bakoitzean altxatu du gutxienez titulu bat. Aurten, Superkopa irabazi dute baina Liga eta Kopa ere nahi dituzte, hurrengo sasoian Europan lehiatu ahal izateko: «Bera Beraren buruan ez da sartzen Europatik kanpo geratzea».

ESTHER ARROJERIA
ESTHER ARROJERIA (Idoia ZABALETA | FOKU)

 

Bihartik aurrera eskubaloi festak hartuko du Illunbe, Kopako azken fasearekin. Dagoeneko hiru egunetarako 2.500 bonu salduta, Arrojeriaren hitzetan «jada arrakasta» da. Gogotsu dago erronka berri honetarako eta onartzen du bera zein taldea oso une gozoan iritsi direla azken txanpa erabakigarrira. Defentsan sendo aritu zen taldea Malagaren aurka eta gakoa izango da Kopako final-laurdenetako partidan, Atletico Guardesen aurka. Galizian, ligako partidan, sufritu egin zutela-eta, onartu du «orain baliabide gehiago» dituztela galiziarren erasoa geldiarazteko. Anbizioa igartzen zaio, duela bi urteko arantza atera eta “Indar Urdina”-ri garaipena eskaintzeko.

Lyndie Tchaptchetek hedabide honi eskainitako elkarrizketan zioen taldea bere unerik onenean dagoela. Hala uste duzu zuk ere?

Bai, nik ere kointziditzen dut berarekin. Segurtasunean urrats bat aurrera egin dugu; liga erregularrean agian ez gara hain seguruak izan, beste urteetan legez. Baina orain jada gure jokoan seriotasun handiagoarekin gaude. Defentsa-atezaina beti izan da gure armarik onena eta, zentzu horretan, oso sendo gaude. Horri heldu beharko diogu hemendik aurrera datozen erronka guztietan emaitza onak lortu nahi baditugu.

Malagaren aurka defentsa oso gogorra ikusi zen; gol bateko aldeari denbora luzez eutsi zenioten, erasoan ezinean zenbiltzatenean.

Aurrean asmatzen ez duzunean, atzean ondo egoteak salbatzen zaitu. Oso markagailu baxua izan zen, oro har; bai guk, bai beraiek erasoan arazo gehiago izan genituen defentsan baino. Gu joko horretan eroso sentitzen gara; defendatzeko balio duten jokalari asko dauzkagu.

Aurten agian gehiago? Arroyo, Tchaptchet, Menendez, Etxeberria, Loidi...

Erdiko lerroan jende asko daukagu, eta gero, baldin badaukazu Maitane [Etxeberria] bezalako bat, edozein egoera konpontzen dizuna... Hainbeste denboran zehar erakutsi du maila hori, jada ez zaituela harritzen, baina erakustaldia da Maitane defendatzen ikustea.

Liga erregularrean agian aurten gorabehera gehiago izan duzue. Nahiz eta Europako txartela ere bazegoen jokoan, gehiago begiratu duzue azken hilabete erabakigarrira hobeto iristea?

Gure helburua berez liga erregularrean ere lehen postuan geratzea zen. Guretzat oso garrantzitsua da Europarako txartela lortzea. Nahi genuke txartel hori jada esku artean izatea eta liga erregularrean emaitza hobexeagoak lortu izana. Egia da lehen sailkatutik puntu batera geratu ginela eta bigarrenarekin berdinduta. Ezin da esan etxeko lanak gaizki egin ditugunik, baina detaile txikietan joan zitzaigun lehen postuan bukatzeko aukera. Bestalde, zerbait sinatu beharko banu, ba agian sinatuko nuke une honetara orain iritsi garen bezala iristea. Dena dago jokoan, beste bi titulurako borrokatuko gara datozen lau asteburuetan. Prest gaude erronka honetarako.

Kopa ere detaile txikiek erabakiko dute.

Bai, seguru baietz. Gainera, ikusi da aurten talde guztiak gaudela maila oso parekatuan. Beste elkarrizketa batean galdetzen zidaten ea ezustekorik egongo den Kopan, baina ez dakit esaten zein den faboritoa partida bakoitzean. Ez da hain erraza faborito bat izendatzea final-laurdenetako norgehiagoketan ere. Dena hain parekatua dagoenean eta Kopa bezalako txapelketa batean, lehendabiziko egunean nerbioek ere paper garrantzitsua jokatzen dutela, aurreikus daiteke partida guztiak oso berdinduak izango direla.

Atletico Guardesen aurka jokatuko duzue. Iaz finalerdietan zuek irabazi zenuten, baina duela bi urte galdu, Illunben. Nola aldatu da Galiziako taldea?

Dezente aldatu da. Fitxatu zituzten pare bat jokalari eta jokoa horien inguruan mugitzen da: Cecilia Cacheda eta Maria Palomo, bi biren kontrako horretan protagonismo handia hartzen dute. Orokorrean, jokalari azkarrak dira, bat-batekoan oso ongi moldatzen direnak. Etxetik kanpo jokatu genuen partidan arazo handiak izan genituen beraiek gelditzeko. Hala ere, orain bertan daukagun defentsa maila ez da partida hartan erakutsi genuena. Baliabide gehiago ditugu beraien eraso hori gelditu ahal izateko edo beraiei arazoak sortzeko.

Aulkian ere aldaketa daukate. Cristina Cabeza entrenatzailea kanporatu berri dute eta Ana Seabra portugaldarrak hartuko du bere tokia.

Aldaketak batzuetan zalantzak sortzen dituzte, baina beste batzuetan pizgarri moduan ere balio dute. Beste txispa batekin etor daitezke, amorruarekin. Ez dakit ze talde aurkituko dugun. Porrot batetik datoz; gainera, teorian beraiek baino gutxiago den talde baten aurka, Porriñoren aurka. Bai, gauzak ongi egiteko gogoarekin etorriko dira, taldearen sentsazioak hobetzeko gogoz. Ana Seabra iaz ere egon zen, denboraldiko azken hilabeteetan, eta emaitza onak lortu zituzten. Ezin gara erlaxatu, ezin dugu espero Atletico Guardes burumakur bat etorriko denik; guztiz kontrakoa. Beraiek ere aukerak dituztela pentsatuko dute, zailtasunak jartzeko dena jarriko dute eta kontuz ibili behar gara partida honekin, hasieratik serio aritu behar gara.

Hitz egin dugu taldeaz, taldekideez, aurkariaz. Zu nola zaude?

Oso ondo sentitzen naiz. Denboraldi hasieran ez nintzen topatzen. Ez nuen nire joko maila onena topatzeko aukera izan. Azken asteetan buelta eman diot egoerari. Ez dakit arazo mentala zen edo zer zen, baina orain oso une onean nago. Azken partidetan oso sentsazio onak izan ditut, batez ere erasoan. Taldeari laguntzen ari naizela sentitzen dut, eta protagonismo horrekin, pozik. Taldean laguntzea beti izan da helburua, taldeak lortu nahi dituen garaipenetan nire aletxoa jartzea. Gustura nabil.

Ez da izango erraza denboraldiz denboraldi hor goian egotea, intentsitate mental hori kudeatzea.

Ez, denboraldi bakoitzean gorabeherak ere egoten dira. Horiek kudeatzea, batez ere gauza mentalak direnean, ez da hain erraza izaten. Baliabideak ere baditugu orain; psikologoarekin lanean gabiltza. Buelta ematea lortzen da, era batera edo bestera, eta orain, zorionez, momentu onean iritsi naiz azken txanpa honetara. Dena jokoan dagoenean, oraintxe zen agertzeko momentua eta pozik nago agertu naizelako.

Aurreko urteetan zalantza bazegoen ea Bera Berari ez ote zitzaion zailago egiten kanporaketak aurrera ateratzea. Partida hauen kudeaketa landu duzue?

Lan handia egin dugu psikologoarekin. Iaz ere asko aipatzen zen, ligako play-offen formatu berri hau ez zela Bera Berarentzat egina; Bera Bera zela talde erregularra, liga erregularrean oso ongi funtzionatzen zuena, baina gero kanporaketetan zalantzak sortzen zituela. Kanpotik etortzen zitzaigun mezu horiek prozesatzen ikasi dugu Unairekin [psikologoa], arreta hainbeste ez jartzen horretan eta ikasten kanporaketetako partidak beste edozein partida bezalakoak direla eta era berean aurre egin behar zaiela. Lan hori fruituak ematen ari da. Iaz lortu genuen Kopa irabaztea, aurten Superkopa ere bai. Final batzuk galtzen gindoazen eta pixkanaka buelta ematen goaz.

Kopak badauka bere xarma.

Oso txapelketa polita da. Hiru egunetan jokatze horrek dena berdintzen du, egoera fisikoak ere bere eragina baitauka. Kadeteen mailako txapelketarekin, beraientzat ere Kopa bizitzeko modu bat da eta txiki horiei eskubaloira kateatzeko aukera ematen die; etorkizunean beren burua benetako Kopa jokatzen imajinatzeak eskubaloiarekiko zaletasuna handitzen du. Hori da halako ekitaldien arrakasta handiena: jendea harrapatzea, ikustea emakumeen kirolak ere saltzen duela eta emakumeak ere hemen gaudela; kirola, oro har, denona dela, ez dela gizon edo emakumezkoena.

Zenbaterainoko garrantzia du denboraldia titulu batekin bukatzeak, jakinik taldeak baja asko izango dituela?

Batez ere, garrantzitsua da orain gauden uneari sari bat emateko. Oso une onean gaude eta taldeak merezi du titulu batekin bukatzea, baita utziko duten jokalariengatik ere. Urte asko daraman jendea badoa, taldearen alde asko eman duena eta, agian, tituluetan ez da behar bezala islatu beraien lana. Bestalde, oraindik Europako txartela jokoan dago. Kopa edo liga irabazten ez badugu, datorren denboraldian Europatik kanpo gera gaitezke eta Bera Beraren buruan ez da sartzen Europan ez jokatzea.