12/11/2013

Bake hitzarmenaren sinatzea atzeratu egin dute Kongoko Errepublika Demokratikoan

Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak eta M23 gerrillak azken unean ez zuten atzo hitzarmenik sinatu. Edukiari dagokionez ados dauden arren, «bake hitzarmena» edota «deklarazioa» den ez ziren bat etorri.

GARA KINSHASA
P019_f02_148x095

Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernua eta M23 gerrilla bake hitzarmena sinatzekoak ziren atzo, baina azken unean bertan behera utzi zuten; hain zuzen, akordioari zein izendapen eman ados ez zirelako jarri, Okello Oryem Ugandako Atzerri ministroaren esanetan. Sinatu behar zutena zer zen zehaztean, «bake hitzarmena» edota «deklarazioa», sortu zen arazoa, eta Gobernuak «deklarazioa sinatzeko asmoa» adierazi zuenean gerrillako ordezkariek uko egin zioten ekitaldia egin behar zuten gelan sartzeari. «Edukian ados daude, baina ez izenburuan», azaldu zuen Oryemek. Ministroak ez zuen argitu noiz sinatu ahal izango den ituna.

Bi aldeetako ordezkariekin batera, Europako, NBEko eta Afrikako Batasuneko behatzaileak zeuden dagoeneko Entebbeko Presidentetzaren egoitzan, ekitaldian parte hartzeko prest. Horietako batzuk, ituna sinatuko zela ziurtzat jotzen zutenez, bake hitzarmena goraipatzen hasi ziren.

«Oso pauso garrantzitsua da, Laku Handien eskualdean bakea bermatu ahal izateko. Helburu horretan aurrera egitea ahalbidetuko digu», nabarmendu zuen Laku Handietarako Nazio Batuen Erakundeko berriemaile berezi Mary Robinsonek. «M23ko gerrillariak Armadan sartu ahal izateko edo beraien etxeetara itzultzea errazteko akordio bat lortzea izango litzateke onena», aipatu zuen Robinsonek. Bere hitzetan, aurrerantzean Armadaren eta NBEren brigadaren lehentasuna herrialdean oraindik jardunean diren talde armatuen kontra egitea izan beharko litzateke.

M23k 2012ko apirilean ekin zion borroka armatuari, Gobernuak Herriaren Defentsarako Nazio Biltzarrarekin 2009an sinatu zuen bake hitzarmena ez betetzeagatik. Azaroan, Ipar Kivu eskualdeko hiriburua, Goma, okupatu zuen hamar egunez.

Hogei hilabetez borrokan aritu ostean, Gobernuak garaipena aldarrikatu zuen NBEren laguntza militarrari eta nazioarteko presioari esker.

Joan den astean, M23ko buru Bertrand Bisimwek Estatu Nagusiko buruari eta unitate guztietako komandanteei «gerrillariak desarmatzeko eta Gobernuarekin adostutako irizpideak jarraituz bizitza zibilean integratzeko prestatzen» hasteko agindu zien. Atzo Ugandan sinatu behar zen bake hitzarmenak nazioarteko komunitatearen eta Afrikako Batasunaren sostengua jaso duen arren, barne kritika ugari eragin ditu. Hogei bat legebiltzarkidek, tartean Gobernuko alderdiko ordezkariak, «traizioa» dela salatu zuten. «M23k behin betiko gerrari uko egiten diola dioen adierazpena behar dugu, ez bake hitzarmenik», zioten.

Sarekadak salatu dituzte

Rutshurun, Gomatik 80 kilometro iparraldera, M23 gerrillarekin kolaboratzeagatik herritarrak atxilotzen hasi ziren soldaduak. «Jakin badakit gutxienez sei zibil atxilotu» dituztela, adierazi zuen herritar batek. Kiwanjan «hamabi pertsona atxilotu dituzte M23rentzat espioitza lanak egiteagatik edo gerrillari berriak bilatzeagatik», gaineratu zuen. Enock Ruberangabo diputatu ohiak esan zuenez, Bunaganan ere atxiloketak izan ziren: «Herritarrak beldur dira, batez ere tutsiak».

Iparraldeko Kivuko gobernadoreak, Julien Palukuk, atxiloketa horien berririk ez zuela esan zuen. «Ez dut komunitate etniko jakin bateko kiderik atxilotzeko agindurik eman», aipatu zuen.

Bestalde, Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak Kongoko ekialdean M23z gain 30etik gora talde armatu daudela gogorarazi zuen eta zibilak operazio militarretatik at uzteko exijitu zuen.

 

Banan-banan. Gobernu kongoarraren bozeramaile Lambert Mendek esan zuenez, banan-banan aztertuko dituzte gerrillarien egoerak, bakoitzaren egoera juridikoaren gaineko erabaki bat hartzeko. Ugandak zehaztu zuenez, bertan 1.700 gerrillari daude.