Ane ARRUTI DONOSTIA
Interview
ITSASO GUTIERREZ
MUSIKARIA ETA «ETEN» BILDUMAREN ARDURADUNA

«Ez da erraza gogoko ez dugun harreman batean gaudela onartzea»

Tratu txarren aurka «Eten» proiektua abiatu du Itsaso Gutierrezek. 22 euskal musika talderen kantuekin osatu du diskoa eta larunbat honetan Durangoko Plateruenan kontzertua izango da beste hainbat musikarirekin. Anje Duhalde, Petti, Xabi Solano, Amaia Zubiria, Rafa Rueda, Herri Oihua, Niketz, Nx, Izate, Humus eta Itxaro Borda izango dira bertan.

«Bat-batean begiak ireki ditut. Ez dut nire bizitzaren arrastorik topatu. Zurean murgildurik sentitu naiz. Zuretzat onena desiratu dut, nirea ahazteraino», hasten da Itsaso Gutierrezek «Eten» bilduman idatzi duen poema. «Nire irriak galtzen joan dira. Lagunekin batera. Ase ezina sentitu naiz. Txikia. Errudun. Horregatik...eten!», amaitzen da.

Nondik nora sortu zitzaizun «Eten» bilduma egiteko ideia?

Egunkarian, krisia zela eta, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen elkarteek diru-laguntzetan murrizketak izan dituztela irakurri nuen. Jarraian, estatistiken arabera tratu txarrak jasan dituzten emakumeen salaketak jaitsi egin direla, eta nonbait, badela egon diren kanpaina urrien ondorioa. Eta gainera, familia eta etxe askoren errealitate ekonomiko latzak direla medio, emakume askok, sostengu ekonomikorik ezean, egoera gordin horretatik ateratzeko zailtasunak dituztela. Musikari bezala nire eremuan nola lagundu nezakeen pentsatzen hasi nintzen.

Ideia horretatik kontzertua ere atera da.

Bai. Bilduman talde askok parte hartu nahi izan dute. Oso harrera polita jaso dut. Eta horregatik horri eustea merezi zuela pentsatu nuen. Eta Plateruenak erraz jarri zidan. Bilduma aurkezteaz gain, aldarria helburu nagusia duen kontzertuak indarra hartu du. Eta proiektua borobildua gelditu dela sentitzen dut.

Zein da helburua?

Aldarria, nagusiki. Eta, kontzertuarekin zein bildumarekin atera litezkeen etekin ekonomikoak, genero indarkeriaren kontra lan egiten duen elkarteren bati donazioa egitea. Bestela ere, proiektua bera osatzen eta itxura hartzen joan den heinean gertatu diren guztiak oso positibotzat jotzen ditut. Hausnarketa ugari piztu dira musikari askoren artean. Dituzten eta ez dituzten gaien inguruan. Diskurtso moten inguruan. Kultura eta bereziki musika munduko hainbat artistaren inplikazioa bultzatu du, genero indarkeriaren kontrako bestelako proiektuak eraikitzeko lehen urrats bat egitea.

Tratu txarrei dagokienez, zuri gertu tokatu zaizu kasu bat.

Bai. Nire amamak burua galtzen ari zela egin zuen aitortza baten ondorioz jakin genuen etxean; bere aitak bere ama jipoi batez hil zuela azaldu zuenean. Berari eta anai-arrebei gaixorik hil zela esan zieten, eta aitak hezi zituen. 10 urteetatik azken urte horiek arte isilpean eraman zuen mina, beldurra, haserrea... Hori jakitean argi ikusi nuen hainbat harremanetan rol antzekoak errepikatu nituela. Harreman hierarkikoak sortzen nituela. Gizonaren begietatik ikusten nuela. Bere sentimenetara egokitzen nintzela. Eta akaso, amamaren bizipenen arrastoak ikasiak nituela. Nire birramama, Durangon jaio zen. Horregatik, kontzertua, omenaldi txiki bat ere bada, ez baitzuen izan agurrik. Duela hilabete eskas joan zaigu aitxitxe, eta bere etxea husten ari ginela topatu genuen gure amamak gordetako kutxa batean, birramamaren argazki bakar bat. Nirekin etorriko da kontzertu egunean, eta merezi duen adioa emango diogu.

Talde asko daude bilduman, gaiarekiko kezka badagoen seinale.

Kezka bai. Emakume asko gaiari buruz hitz egiteko beldur garela dirudi. Ez da erraza gogoko ez dugun harreman batean gaudela onartzea, geure burua txikitzen ari garela aitortzea, gure nahiak gizonaren beharrengatik mailegatzen ditugula, trukatu, ahazteraino. Sumisioz jokatzen dugula esatea kosta egiten zaigu. Edota gure bikoteengatik errespetatuak ez garela adieraztea. Gainera, boterez jokatzen duten bikotekideek sortutako egoera da. Biktima bat bezala sentiarazten zaituzte. Errua zure gain jarriz. Txiki sentitzen zara, txikiarazten zaituzten mehatxuz, mespretxuz jokatzen duelako zurekin. Eta zurrunbilo horretatik ateratzea, horiek onartzea, saldu zaizkigun maitasun idealak haustea, eta guregan sinistea zaila egiten da une batez. Alda daitekeen arren.

Kantu gehienak nahiko berriak dira; arazoak hor jarraitzen du gaur egun?

Bai, jarraitzen du. Badirudi, gainera, emakume gazteek ez dutela genero indarkeria erraz identifikatzen. Tratu txarrak jasaten dituzten emakume gehienak, gaur egun, 30 urtetik beherakoak omen dira. Berdintasunean eta errespetuan oinarritzen diren harremanak eskasak dira. Boterea gailentzen da gehienetan. Lehiaz josia. Beldurrez. Konplexuez. Elkarbizitza hori hezkuntzan lantzearen garrantzia azpimarratzen dut beti. Jendarteak inertzia batzuk bereganatuak ditu, eta horiek desaktibatzeko eta eraldatzeko norberak autokritika bat egin beharko lukeela iruditzen zait. Bere alde matxista aztertu, onartu. Eta norberak egiten badu berean aldaketa, orduan etor liteke aldaketaren bat. Bestela adabakiak besterik ez gara jartzen ari.

Musika estilo aldetik denetik dago. Hitzei dagokienez? Zer topatu duzu? Zein mezu zabaltzen dute kantu hauek?

Denetatik. Oso polita eta aberatsa iruditu zait. Gai bera ere, begi eta bihotz desberdinez landua, bizitua, sortua. Nork bere hausnarketak egiteko modukoak. Bitxikeria bezala; gehienetan gizonek hirugarren pertsonan eta era agresibo batean agertzen dutela gaia, eta emakumeok era inplizitu, emozional eta gertuagoko batean, baita lehen pertsonan idatziak ere. Bitxia, bada, bai.