JOXEMARI CARRERE
IPUIN KONTALARIA

Bertsoak vs ipuinak

Behin, Hendaiako Ikastolaren eskutik, bertsoak eta ipuinak aurrez aurre jartzeko aukera ederra izan genuen, Amets Arzalluz bertsotan eta ni kontaketan. Prozedura sinplea zen, batak besteari erantzun behar genion bakoitzak bere eremutik. Arrunt interesgarria, baina era berean zaila. Ipuin bat kontatzen hasi nintzen, ondoren ipuinari bertsotan erantzun behar Ametsek, eta segidan nik beste ipuin bat hari erantzuten. Eta joan-etorri horretan egin genuen saioa. Tarteka izerdi hotza sumatzen nuen bizkarrean, bertsoa entzun bitartean zein ipuin kontatuko ote nuen erabakitzen eta buruko ganbara hankaz gora jartzen. Pentsatzen nuen bertsolariak errazago izango zuela, bestelako inprobisaziotan aritzen baitira; aldiz, Ametsek komentatu zidan berarentzat ere konplikatua zela ipuina entzun bitartean zeri heldu bertsoa osatzeko ondoren. Beraz, biontzat ariketa ederra bihurtu zen lehia.

Bertsoa eta kontaketa ahozkotasunaren ikur nagusiak izango dira, segur aski, bata erriman eta bestea prosan garatuz, baina beti ere mundu beraren azalpen artistiko aspaldikoak. Ahozkotasuna mendetan jendarte baten adierazpide bakarra izan dugu, eta ahoz aho hainbat jakinduria transmititzen joan dira, are gehiago euskaldunon artean. Bertsogintza zein kontalaritza jakinduria horiek transmititzeko tresna izateaz gain, sormenerako tresna garrantzitsuak izan dira. Gaur egun, ahozkotasunaren bi azalpen artistiko hauek garaikidetasunera heldu dira eta bide horretatik ekiten diote, alegia, ez dute garai bateko funtzioa betetzen bere osotasunean, beste edozein sormen artistikoaren bidetik abiatzen baitira. Biak elkarren aurrean jartzea, ahozkotasunaren indarraren isla litzateke.