gara, donostia

Disko eta liburu batean ere badu hemendik aurrera Gabriel Arestik merezi duen lekua

«Gabrielen lekua» ikuskizuna osatzera datorren disko-liburua aurkeztu zuten atzo. Gabriel Arestiren gaurkotasuna aztertzen da liburuan eta Rafa Ruedaren kantuak ageri dira, besteak beste, diskoan.

Andoni Egañak, Rafa Ruedak, Oier Guillanek eta Alain Urrutiak sortutako ikuskizuna da «Gabrielen lekua», Gabriel Aresti (1933-1975) idazle eta poeta bilbotarraren omenez egindakoa. Joan den urriaren bukaeran estreinatu zen eta atzo Erroa argitaletxearekin argitara emandako disko-liburuaren berri eman zuten Bilbon.

«`Gabrielen lekua' sentikaria 2014ko Eako Poesia Egunak jardunaldietara bitartean oholtzaratuko genuela jakinik, sentikariaren sortze prozesuak gugan utzitako arrastoa betikotzeari zilegi bezain ezinbesteko iritzi genion. Zertarako sortu, nori idatzi behar dio poetak, zein da gaur eta hemen, XXI. mendean, kantuaren funtzio soziala, denbora-pasa hutserako gura ez dugun antzerkiak zer taularatuta erasango ditu ikus-entzulearen bihotz-begiak», esan zuten.

Liburuan, Amaia Lasaren, Andoni Egañaren, Oier Guillanen, Hedoi Etxarten, Luigi Anselmiren eta Paddy Rekalderen testuak aurki daitezke. «Halakoa dugu Gabriel Aresti, joan den mendeko semea izanagatik ere, zenbait belaunaldik jadanik idazle klasikotzat hartu dutena. Belaunaldi horietako sortzaile batzuek haren ondarearen gaurkotasuna aztertu dute liburu honetan», azaldu zuten.

Diskoan Rafa Ruedak musikatu dituen zazpi olerkiez gain, Andoni Egañak prestaturiko bi bertso sortak ¯«Aresti eta Basarri» eta «Beldurra gosari» izenekoak¯ eta, Arestik sortu zuen «Iparragirre»ren doinuan bertso sorta ere entzun daitezke, azken hau ere Andoni Egañaren ahotsean. Oier Guillanek, berriz, diskoaren hasieran eta amaieran Arestiren «Poesia mailu bat da» eta «Nik eta diodana» poesia ezagunak errezitatzen ditu.

2013ko abuztuan grabatu zuten diskoa Bilboko Kobaestudioan, Xanperen gidaritzapean. Rafa Ruedarekin batera parte hartu dute Naia Membrillerak, Iban Urizarrek eta Xanpek musikarekin eta kantuan, Arkaitz Estiballesek. Diseinua, Alain Urrutiaren eta Atoan komunikazioaren esku egon da.

Bestalde, «Gabrielen lekua» emanaldiekin jarraitzen dute. Azaroaren 28an Bermeoko Kafe Antzokian izango dira; 30ean, Laudioko plazan; abenduaren 3an Sopelako Kurtzio kultur etxean; 4an, Ordiziako Herri Antzokian... Informazio guztia, www.gabrielaresti.eu/gabrielen-lekua atarian.