IKUSMIRA
IKUSMIRA

Euskal hezkuntza, Lomcetik askoz harago

Madrilgo Kongresuak gaur onartuko duen Lomce hezkuntza erreformak eragin duen aurkakotasunak bakarrik utzi zuen PP Gasteizko Parlamentuan atzo. Gainerako alderdi guztiek hezkuntza sistemaren aurkako legetzat jo zuten. Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek berretsi zuen Auzitegi Konstituzional espainolera joko duela hori atzera botatzeko. Baina bide horrek berehalako konponbide bat baztertuko duela onartuta, bere Gobernuak Lomce «saihesteko», beste neurri batzuk hartuko dituela esan zuen. Hala ere, lege hori zuzen aurre egin beharreko erasoa da, eta haren aurkako adostasun maila -oso gutxitan gertatzen dena- kontuan izanda, barkaezina izango litzateke, benetan eta eraginkortasunez aurre egiteko era adostuko ez balute. Eta, hartarako, eragile guztien elkarlana ezinbestekoa da, eragile politikoena ez ezik, hezkuntza eragileena ere bai.

Bestetik, Lomce onartu edo atzera botatzearen eztabaidatik harago, ezinbesteko beste eztabaida bati heldu behar zaio lehenbailehen, hezkuntza sistema propioaren gainekoari, hain zuzen. Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat landutako hezkuntza sistema, ez Lomce ez kanpoko beste legeren menpeko dena. Horren gaineko adostasun ahalik zabalena lortu beharra dago, eta hori eragile guztien lana da, erakundeetatik hezkuntza komunitateraino.